Nahi ez den itzulera
Joschka Fisher Alemaniako Kanpo Arazoetarako ministrariari, bere iraganaren zati bat etorri zaio gainera, bat batean eta berak uste gabean. Ez dut esango zati hori garrantzitsua edo garrantzi gabea denik, ez baitakit ministrariaren bizitzak zenbat puska dituen. Argazki bat agertu da eta bertan Joschka Fisher gazte bat ikusten da, burua kasko batez estalirik, polizien aurka, edo poliziak jipoitzen, ez dakit. Irakurria nion nik Seneka zaharrari 'Gutako inor ez da zaharrean gaztean izan zen bera; gutako inor ez da goizean bezperan izan zen bera. Gure gorputzak zimistan doaz, ibai urak bezala; ikusitakorik ezerk ez du irauten'. Aspaldiko ur horiek, ordea, zurrunbiloa eragin dute gaur egun, eta bada, iraganeko Joschka Fisher dela medio, gaur egungo Joschka Fisherri, moralki bada ere, laido egin nahi dionik. Denborak bere norarik ez balu bezala.
Behin filme batean ikusitakoa etorri zait gogora. Gizon bat bizi da Estatu Batuetako mendebaldeko herri txiki batean. Emakume polit batekin ezkonduta dago. Seme-alabak dituzte. Zoriontsuak direla dirudi. Gizonak lanbide duina du, arotza baita, eta, auzoekin zintzo eta eskuzabal jokatu izan duelako beti, alkate postua eskaini diote. Gizonaren argazkia agertu da egunkari batean, eta paper hori, halabeharrez, iragan zirikatzaile baten eskuetan erori. Bukaera oso arrunta da: poliziek gizona atxilotzen dute. Horrela jakiten dugu bere iraganeko une batean, orain arotza denak, orduan lapurra izaki, gizon bat hil zuela. Iraganetik ez dagoela ihes egiterik eta norberaren patuak lehenago ala beranduago harrapatzen gaituela dira tragediaren legeak, betetzen direnak, noski, nahi eta nahi ez. Ez dut esango Joschka Fisherren eta nire filmeko gizonaren egoerak berdintsuak direnik, Fisherrek, guk dakigula, ez baitu inor hil. Hala ere haren gainera botaka ari dira garaiko indarkeriaren ondorioz gertatu ziren hilketa eta heriotzen erantzukizuna.
Euskal Herriraino ere iritsi dira -iraganetik ihes ezinik baikabiltza- tragediaren pausoak oinutsik. Bada belaunaldi bat, Francoren garaian eta Francoren diktadura amaitzekotan, armak hartu zituena. Gutxi izan ziren bide horretatik jo zutenak; armarik gabe borrokatu zirenak gehiago izan baitziren, zalantzarik gabe. Bizitzak, ordea, aurrera jotzen du beti, ibaiek bezala, atzera begiratzeke, eta haietako batzuk, gaur egun, garai batean berek sortutakoaren biktima izateko arriskua dutelako, ETAren biktimak alegia, ondo zainduta bizi dira, bada-ezpada ere: Onaindia eta Uriarte datozkit gogora. Hala ere, halakoei eskuarki, orainagatik barik, iraganagatik hartzen zaie kargu. Egia da haietako beste batzuk, ordukoan bizi direla gaur egun, iraganaren eta orainaren arteko haustura egitera ausartzeke, edo, behintzat, haustura ez egiteko gogo handirik gabe. Koherenteak omen, eta irribarre egiten dut, izan ere, gizon-emakumeengan koherentzia ibilian dago, ibaien modura iragaitean, ezeri ez eustean. Egonean egotea, sekula inora gabe, mendien koherentzia da. Badira ere, iraganik ez balute bezala bizi direnak gaurkoan, eta zoriontsu behar bada.
Herri zaharra garelako, antropologoei sinestera Europako zaharrenetakoa, jaiotakoan ere zaharrak garelako, iraganak sekulako indarra du guregan, hainbestekoa non, sarri askotan, haren zamapean kikildurik geratzen baikara, ez aurrera ez atzera, ez arre ez so. Horregatik izango da gure arteko zenbaiten joera, inor ezagutu berritan haren iraganaz galde egitekoa: iraganekoagatik ezagutu nahi da, oraingoagatik ezagutu nahi ez dena. Orainak ez baitu gurean itzalik. Iragan gara, iragan huts hotz. Izan ginenak izatera kondenatu nahi gaituzte behin eta berriro. Iraganetik atera nahi dituzte ikasteko gaiak, ez orainetik. Tamalgarria da. Baina gure tragedia honetan orainik gabeak nahi gaituzte.
Iragana ez da ahaztu behar, baina ezin zaio bera orainari nagusitu. Iraganaz beste egiteko modu bat baino gehiago dago. Bata damua da. Bestea, ahantzia. Iraganaz damutzen dena, bi bider damutzen da: orainaz ere bai, seguru asko. Horrek ez du esan nahi inor bere ekintzen erantzukizun ez denik. Lehen eta orain.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.