_
_
_
_
GAIAK
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Itsasoaren orroa

Egunsentiko argiak labarrak gorriztatzen zituen eta harean ezabatzen ziren uhinen bitsak lore zurbilez eginiko alfonbra bukagabea zirudien. Goizean goiz atera nintzen labarren gainetik korrikaldi bat egitera. Hasieran haize hotzak aurpegiko giharrak gogortzen bazizkidan ere, berehala hasi nintzen berotasunak gorputz osoan pixkanaka hedatzen zuen gozotasuna sentitzen. Lehenbiziko aldapak igo ondoren, La Deva izeneko irlaren parean gelditu nintzen, labar gaineko belardi batean eserita zegoen agure bat ikusi bezain pronto. Haren ile urdin luzeak alde batera zeramatzaten haize bolada bortitzek, ekialderantz, oker ez banago. Gizon hura ikusten nuen lehenbiziko aldia zen. Normalean beste korrikalari goiztiar batekin egiten dut topo ordu horietan, eta ez beste inorekin.

Korrikaldia bertan behera utzi eta agurearengana hurbildu nintzen. Itsasoari arreta handiz begira zegoen. 'Egun on' esan nionean ez zidan jaramonik ere egin eta bere parera heldu nintzenean bakarrik egin zuen niri begiratzeko keinuren bat. 'Goiz ederra, benetan. Zertan ari zara hemen?', galdetu nion minutu luze batez isilik egon eta gero. Ez zitzaidan batere komeni han denbora gehiegi egitea, berehala hozteko beldur bainintzen. Handik gutxira zuzen begiratu zidan: 'Uhinen orroa isiltasun eternala bezalakoa da, ez da inoiz amaitzen. Entzun, entzun ezazu ase arte, nola beti bera den, isiltasuna bezala, konprenitu arte'. Hori esan zidan. Ez zait sekula ahaztuko, besterik ez baitzidan esan eta segidan alde egin behar izan nuelako. 'Agur, hurrengora arte' esan nion, ordurako erantzunen bat jasotzeko itxaropenik gabe. Hantxe geratu zen gizona, lehen bezala eserita, belar altuetan erdi ezkutua.

Handik pare bat egunera bueltatu nintzen nire korrikaldien ohiko ibilbidera. Egunsentia ez zen hain argia eta zaparradaren bat izango zela nabari zitekeen. La Deva irlaren paretik igarotzen ari nintzela, lehengo eguneko agure bera ikusi nuen, toki berean eserita. Egun hartan korrikaldiari eutsiko niola uste nuen, baina haren presentziaz ohartutakoan, berriro ere gelditu nintzen, harekin hitz egitera joateko. Ikusi ninduenean, niri irribarre triste samar bat iruditu zitzaidana eskaini zidan. 'Egun on, mutil'. Eta berriz ere zenbait minutu eman nituen haren ondoan. 'Gaur ez da giro', esan nion. 'Aurki etxe aldera joan beharko dugu'. Ez zidan erantzun. Pentsatu nuen itsasoaren murmurioari adi egongo zela, eta soinu etengabe eta bakar horrek betetzen zuela haren arreta eta bizitzarekiko izan zezakeen interes guztia: bat-batean gogoeta goibeltsuetan murgildu nintzen. Irlaren gainean ubarroi beltzak genekusan, berehala euripean egongo zirenak. 'Joan beharra daukat' esan nion azkenean. Altxatu nintzenean, eskuz agurtu ninduen. Beste zerbait esango zidala uste nuen, baina ez zen hala suertatu. Labarretatik aldentzen ari nintzela, agurearen irudia zebilkidan buruan bueltaka: ordurako, segur aski, bustitzen ari zen belardian eserita.

Ekaitza izan zen egunaren akabu aldera. Hurrengo goiza, aldiz, argitsu eta alai atera zen. Egunsentian, ohi bezala, labarretara joan nintzen korrika. Probintziako kros txapelketarako prestatu behar bainuen. Beste norabait joateko ideia bururatu zitzaidan, baina azkenean betiko ibilbidera jo nuen. La Deva irla inoiz baino ederrago ageri zen, inoiz baino distiratsuago. Haren paretik pasatzean agurea ez ikusteaz harritu nintzen. Korrikaldia, hala ere, egun haietako ohiturari eutsiz, puntu berean eten nuen. Labarren gaineko belardiari zerbait falta balitzaio bezala sentitu nintzen. Itsasotik uhinen orroa iristen zen haraino, beti bezala. Une horietan ulertu nuen hantxe eserita egoten zen agurea gorra zela eta ezin zuela deskribatu zidan soinua entzun. Baina agian horrek ez zuen garrantzi handirik, itsasoaren orroa benetan isiltasuna bezalakoa bada. Agurea gehiago ikusiko ez nuelako sentipenarekin aldendu nintzen zelaitik eta egun haietako korrikaldirik luzeena egin nuen, nire baitan sumatzen hasia nintzen ondoeza isilarazi nahian-edo.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_