_
_
_
_
Reportaje:GAIAK

Binilo maiteak

Hogei urte dira CD-ak agertu zirela, baina iraupen luzeko diskoek 'munstro' digitalaren erasoaldiari eutsi diote

Orratzak binilo beltza ukitzen duenean irrati interferentziak diruditen zarata entzuten da. Sutan erretzen ari den egurrak ateratzen duen karraskaren antzekoa agian. Teknologia digitalak grabazio analogikoek zituen akats horiek ezabatu zituen: soinu garbia, gardena, erabileraren erabileraz hondatzen ez den euskarrian, zioten antzinako LP-en desagerpena iragartzen zuten modernitatearen guru-ek.

Hogei urte dira CDak merkaturatu zirela eta biniloak eutsi egin dio munstro digitalaren erasoaldiari, hasieran hiriburuetako zenbait denda espezializatutan ezkutaturik, 60 eta 70eko hamarkadetako doinuen zale amorratuen laguntzaz. Urte hauetan zenbait disketxe txiki eta independentek biniloa aukeratu dute bere ekoizpenaren zati handi bat merkaturatzeko. Era berean, 40 urtez biraka ibili diren jatorrizko grabazioak ere aurki daitezke biniloak saltzen dituzten dendetako apalategietan.

Bilboko Indautxu auzoan dago Bolan disko-denda. Punk eta hardcorez betetako apalategietan Pedro Almodóvar eta MacNamara-k 1981an egindako grabazioak arreta eman dio diskoak banan-banan begiratzen dituen mutiko bati. Itxuraz ez dator bat produktu hauen erosle estandarraren soslaiarekin, hau da, 30 edo 35etik gorako gizonezkoa, musika beltzaren jarraitzailea. 'Ez, ez dut disko hau erosteko asmorik', dio zinemagilearen jarraitzaile bat baino gehiago ikaratuko lukeen azala eutsiz. Disko konpaktoen abantailez galdetu diotenean irribarre egin eta biniloak erosteagatik dinosaurutzat jo dute adiskideen aurrean erabilitako argudioak errepikatu ditu, lezioa ondo ikasita duenaren tonuaz. 'LP-ak askoz soinu borobilagoa du, zuzenekoetan entzuten denaren antzekoagoa. Disko konpaktoak erosoagoak dira erabiltzeko, baina grabazio digitaletan xehetasun asko galtzen da, soul-a edo musika beltza gustuko baduzu, adibidez, ezin da inolaz ere alderatu, biniloa askoz gozoagoa da'.

Diskoaren azala

Soinua. Hain zuzen ere, hori da binilozaleek aipatzen duten lehenengo bertutea. Bigarrena azalak lantzeko eskaintzen dituzten aukerak dira. Izan ere, zenbait LP-rekin datozen karpetak artelantzat jo daitezke. 'Hori ere kontuan hartzekoa da', dio Gabriel dendaren arduradunak, 'neurri batean azalagatik ere erosten dela uste dut, baina ez horregatik bakarrik, denborarekin diskoek balioa irabazten baitute'. 'Adibidez, kopiak egiteko makinei esker CDak gero eta gehiago pirateatzen dira. Guk saltzen dugun produktuarekin, aldiz, ezin da horrelakorik egin, edo behintzat askozaz zailagoa da. Gurea ez da hainbeste pirateatzen'.

Gaur egun, etxe independenteek ekoizten dituzte jatorriz euskarri analogikoan grabatzen diren lan gehienak. Horietako bat Santurtzin ordezkaritza duen Munster Records disketxea da. Jaitsi ezik, salmentak pixkanaka gehitzen ari direla diote bertako arduradunek. 'Gorantza doa', azaldu du Gorka Munster-ek, 'orain bospasei urte gainbehera zegoela zirudien, baina ordutik hona eutsi egin dio eta nik esango nuke orain suspertzen ari dela'. 'Batetik badirudi hip-hop-aren modak -DJ-ek binilozko LP-ak erabiltzen dituzte nahasketak egiteko- zerikusia duela horrekin, baina nire ustez nostalgia puntu bat ere badago. Gainera musikazaleak konturatzen hasi dira biniloaren soinua grabazio digitalak baino dezente hobeagoa dela'.

Talde independente batzuek oraindik ere euskarri analogikoa aukeratzen dute lan berriak kaleratzeko. Horien artean garaje soinuak, punk-rock-a eta hardcore-a dira nagusi. Era berean, antzinako grabazioen edizio berriak ere egiten dira, eskubideak jatorrizko disketxeari erosita. Gehienetan kalitate handiko berrargitarapenak izaten dira, binilo sendoan eginikoak. Lan hauetan aparteko garrantzia ematen diote diskoaren kanpo itxurari, karpetaren diseinua bereziki zainduz. Nazioartean Sundazed etxea da horren erakuslerik garbiena.

Kanpoan saldu

Munster Records-ek ere berrargitarapen ugari ditu bere katalogoan, Iggy Pop eta Johnny Thunder-enak, bi adibide aipatzearren. Produkzio horren zati handi bat kanpora saltzen dute, Europa, Ipar Amerika eta baita Australiara ere iritsiz. Datu horrek agerian uzten du beste herrialde batzutan biniloak indar handia duela. 'Ni urte guztian nago egutegiari begira abuztua noiz helduko zain, orduan etortzen baitira aleman, belgikarrak, holandarrak... Guk baino askozaz musika kultura aberatsagoa dute', azaldu du Donostiako Alde Zaharrean dagoen Beltza Records disko-dendaren arduradunak. 'Biniloak erosten dituzte bereziki', gehitu du, 'eta diru asko uzten dute'.

Dena dela, ezin binilozko diskoen gaur egungo osasun egoerari buruzko txostenik osatu jatorrizko grabazioak aipatu gabe. Izan ere, negozio txiki honen aurpegirik ezagunenak dira. Disko hauen artean 60 eta 70 hamarkadetako musika beltza da nagusi. Harrigarria badirudi ere, hauen prezioak ez dira gehiegizkoak izaten, euskarri digitalean egindako berrargitarapenekin alderatzen baldin baditugu behintzat. 'Nik Curtis Mayfield-en Superfly diskoa daukat salgai 4.500 pezetatan', dio dendari batek, 'gaur egun 3.000 pezetaren inguruan eros daitezke 70ko hamarkadako grabazioak, ikusi CDn egiten diren lan horien edizio berriak eta konturatuko zara ez dela hainbesterako'.

Bildumagileak

Bildumagile batzuek diru kopuru handiak -batzuentzat gehiegizkoak, agian- ordaindu izan dituzte jatorrizko grabazioren bat eskuratu ahal izateko. Adibidez, Eddie Holland-ek 1961. urtean Motown etxearekin egindako LP-a 45.000 pezetatan sal daiteke, eta, sarritan, 20.000 pezetatik gora eskatzen da horrelako harribitxi batengatik. Guzti hori ez da ez harritzekoa, grabazio horiek benetako altxorrak baitira. Denda espezializatuetako arduradunek adierazten dutenez, disko hauek salmenten zati txikia sortzen dute, azoketan saltzen baitira gehienetan. Ildo honetan, antzinako diskoetan horrenbeste diru uzteko prest egotera iritsteko 'burua pixka bat galduta' izan behar dela aitortzen du umorez haietako batek. 'Ni ere bildumagilea naiz, eta diru asko utzi dut honetan', dio. 'Badakit askok ez dutela hori ulertzen, baina beste edozein droga bezalakoa da hau ere. Hori bai, nik nahiago dut dirua diskoetan gastatzea'.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_