_
_
_
_
Reportaje:

Pintxo bat, si us plau!

GAIAKBartzelonara bagoaz eta hiriko kaleetan zehar galtzen bagara, bat-batean Euskal Herrian gaudelakoan gerta daiteke, Txakolin, Laurak, Irati, Taktika berri edota Ondarra berri euskal jatetxeen plateren usain eta zaporeekin topatzeko aukera ugari baitago. Eta, hori ez da jateko kontuekin bakarrik gertatzen. Euskal kultura, hizkuntza eta usadioak ere ikasten eta lantzen dira Bartzelonako Euskal Etxean, Hizkuntza Eskolan eta Unibertsitatean. "Bartzelonan euskalduna izateak ate guztiak irekitzen ditu", dio Antxon Arribillagak, Bartzelonako hiru euskal jatetxeen sukaldaria eta jabea. Arribillaga Donostiatik 92. urteko Joku Olinpikoen garaian heldu zen Bartzelonara, eta berehala konturatu zen euskal gastronomia negozio handia izan zatekeela. Ideia hori ahaztu gabe, Arribillaga Donostiara itzuli zen Olinpiadak amaitu ondoren, baina laster joan zen berriro Bartzelonara, eta 1994ko ekainean Euskal Etxearen barruan taberna-jatetxe bat ireki zuen. Gaur egun, Arribillagak beste bi jatetxe ditu: Txakolin eta Laurak, hain zuzen. Taberna-jatetxe horietan, pintxoekin batera, betiko bisigua, bakailaoa edota txuletak eta "euskal sukaldaritza berria" delakoaren menuak aurki ditzakegu, 5.000 eta 7.000 pezeta bitarteko prezioekin.

Kalitatea

Arrakasta hori ulertzeko, sukaldari donostiar honek bi azalpen nagusi ematen ditu. Alde batetik, nahiz eta tapeoa hedatu samar egon Bartzelonan, kalitate aldetik ez ziren oso produktu onak. Ez da harritzekoa, beraz, kataluniarrak betiko euskal pintxoak ezagutu eta dastatu ondoren (txistorra, tigreak edota patata tortilla, esaterako), "lerdea zeriela" egotea, Arribillagaren esanetan. Beste alde batetik, Bartzelonakoek ez zekiten zer egin arratsaldeko zazpiak eta gaueko hamaikak arteko ordu horietan, eta terrazetara edota kafetegietara joaten ziren denbora-pasa modura. "Euskaldunok ohitura aspergarri hori jada baztertu dugu, eta txikiteoa modan jarri dugu, pintxo menpekotasuna sortuz".

Gainera, Kataluniarrak ez ezik, Bartzelona bisitatzen duten turistak ere liluraturik geratzen dira euskal sukaldaritzarekin. Joku Olinpikoak izan zirenetik, Bartzelonak geroz eta bisitari gehiago erakartzen ditu, eta hamaika bisitari pasatu dira euskal taberna eta jatetxeetatik. "Adibidez, Malasia, Japonia, Alemania eta Italiako telebista kate batzuetan Bartzelonako Euskal jatetxeak agertu dira, herri horietako turistek ongi non jaten den jakin nahi baitute".

Negozio handia behin ikusiz gero, beste jatetxe eta taberna batzuek ireki dituzte ateak, eta bat baino gehiago "Bartzelonako euskal mugida" bezalako esaldia esaten hasi da fenomeno honen aurreran. "Baina kontuz, den-denak ez dira onak", jakinarazten du Arribillagak. "Badaude frankizia batzuek, Sagardiak adibidez, merkatua apurtu nahi dutenak kalitate txarra ematen. Horrexegatik, Eusko Jaurlaritzak kalitatezko labela eman beharko luke". Errealite hori salatzeko eta Bartzelonako kontsumitzaileek egoera zein den jakin dezaten, La Vanguardia egunkariko Quim Monzó kritikariak, Mac Iñakis artikulua idatzi zuen.

Bartzelonako Euskal Etxeak 317 bazkide ditu, eta horietatik, 162 kataluniarrak dira. "Badago beti lokarriren bat: aita edo ama, edota, adibidez, Euskal Herrian lagunak egin eta gure bizitzeko modua gustuko dutenak", dio Nerea Garmendiak, Euskal Etxeko Kultur arloaren arduraduna. Zentro honetan, Euskal Herrian egongo balira bezala sentitu nahi dira, eta ondorioz, mota guztietako ekintzak egiten dituzte: Txalaparta, trikitixa, inauteriak, Santa Agueda, Santo Tomás, eta abar luze bat. Baina ezbairik gabe, euskara eskolak (100 ikasle inguru) eta San Juan gaua ospatzeko akelarrea (200 bat pertsonekin) dira ekintzarik azpimarragarrienak.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Euskal Etxea ez da euskara irakasten den leku bakarra. Bartzelonako Hizkuntza Eskolan ere Euskara eskolak ematen dira eta 80 bat ikasle hurbiltzen dira bertara. "Leku batean zein bestean oso maila ona erakusten da eta oso lotura sendoak dauzkagu elkarrekin", Garmendiaren esanetan. Gainera, Unibertsitateko Filologia Romanikaren barruan ere euskara ikasteko aukera dago. "Filologo kataluniar batentzako euskara oso interesgarria da, gure hizkuntzak ez baitu besteekin inolako harremanik eta, gainera, Kataluniatik hurbil dagoelako".

Euskal Etxeak: ehundik gora

Guztira, mundu osoan zehar, 120 Euskal Etxe daude; nagusiki, Argentina, Estatu Batuak eta Uruguay bezalako herrialdeetan. Espainian, Bartzelonakoaz gain, beste sei Euskal Etxe daude: Madril, Valladolid, Palma, Salou, Valentzia eta Malagan. Espainiako Euskal Etxeek federakunde baten barruan bilera iraunkorrak egiten dituzte, eta beste euskal erakunde askorekin harremanetan jartzen dira ospakizun eta jarduerak garatzeko. Ildo honetan, Euskal Etxe guztiek Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jasotzen dutela nabarmendu behar da. Bartzelonako Etxea orain dela 18 urte sortu zen. "Ez zaigu gustatzen 'casa regional' izena, eta Euskal Herriko ikurra izan nahi dugu Katalunian", azaltzen du Garmendiak. Eta, noski, Euskal Etxetik Euskal Herriko berriak jarraitzen dituzte: "Komunikabideez ez gara gehiegi fidatzen. Lagun eta senideen informazio kanalak nahiago izaten ditugu. Izan ere, indarkeria egon arren, euskaldunen irudia oso ona da Katalunian, eta jende irekia, abegitsua, alaia eta solidarioa bezala ikusten gaituzte".

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_