Zauri osaezinak
IVÁN IGARTUA Ekaitzaren osteko barealdian lainoek ilun diraute. Mendiak eta lautadak argiztatu ziren, bai, udaberriaren distiraz kutsatuz, baina sarraskien ondorioak gero eta nabarmenagoak dira, gero eta jasanezinagoak. Irudi izugarriak jasotzen ditugu egunero, egunerokotasunaren arriskuaz ia ohartu gabe: Balkanetako patua, pentsa eta esan dezakegu -axolagabekeria barkagaitza agertuz-, horrelakoa da, hango jendeen bizimoduaren ezaugarria da behin eta berriz ezbeharrak sofritzea. Oroimen ahuleko mundu batean bizi gara eta laister ahaztuko dugu, konfusiozale batzuen ekimenek lagunduta, zein izan den Kosovoko gatazkan biktima, eta zein borrero. Memoriarik gabeko gizonak aurrera begiratzen du beti, atzean utzitakoa ez diolako axola, jadanik ezabatua izan baita, hondartzan emandako pausoen aztarnak olatuek bat-batean ezabatzen dituzten bezala. Vigencias del recuerdo: olvidos aplazados, dio J.M. Caballero Bonald idazleak bere azken poesia liburuan (Diario de Argónida, 1997). Egi latza eta era berean mezu iraungaitza: bertso bera ere laister izango da ahaztua. Maiz esan ohi da, eta azken bolada honetan are maizago, bere historia ezagutu eta gogoratzen ez duten herriak historian izandakoa berriro ere errepikatzera eta jasatera kondenatuta daudela -baten batek "historiaren mendekua" deituko lioke horri arrazoi osoz-. Hau da hain justu Balkanetan azken mende luze honetan gertatu izan dena. Nahikoa da, hala ere, azken hamar urteotan gertatutakoa oroitzea: adibidez, egungo borreroen leinukideak Ekialdeko Eslaboniatik garbitu zituzten kroaziarrek. Baina ez al da oroimenik eza gizarte eta garai guztien ezaugarri amankomuna? Beste gizaki batzuei indarkeria sofriarazteko prestatzen garenean, eta gutarren gehiegikeriak izkutatu edo barkatzeko, serbiarren kopuru handiegi batek egin duen bezala, memoriarik gabeko gizonak gara denok. Ilun diraute lainoek. Kosovoko biztanlegoaren ehuneko laurogeita hamarraren zati bat hasi da bere lurraldera itzultzen. Bidean eta etxean zer aurkitu duten ez dago esan beharrik. Suntsipenak deuseztatutako paisaian eraiki behar berriz bizitza. Eta aldi berean, albaniarren itzulera dela-eta, serbiarrek osatzen duten gutxiengoa atera da Kosovotik. Hauen ihesak ez du inor harritu. Eta seguraski Nato-ko soldaduen presentziak eragotzi ditu serbiarren aurkako espero zitezkeen ekintzak. Esanahiez beteriko irudiak heldu zaizkigu telebistatik: nazioarteko ejerzitoaren soldaduak hango biztanle serbiarrak babesten. Ezberdintasun handi samarra duela hiru hilabeteko errefuxiatuen eta oraingoen artean. Ikusi ahal izan denez, azken hauetariko batzuek ez dute burumakur alde egin, mehatxuka baizik. Serbiar militarrei zieten benetako beldurra auzoko serbiarren kontrako gorroto bihurtu da. Ezinbesteko sentimendua, zure auzokoak ez badu hitzik ere esaten zu eramaten zaituztenean -nora inork ez dakiela-, batez ere bere eskuetan dagoenean horren kontra zerbait egitea. Eta hauxe da hain zuzen albaniarren herkideak egin ez zutena, eta ez ezin zutelako, baizik eta nahi ez zutelako. Horretaz ohartzea eta gogoratzea derrigorrezkoa zaigu. Emaitzak ikusita, Serbiako nazionalistak garbiketa etnikora eraman duten arrazoi eta helburuek zentzugabeak dirudite, baina argi dago zentzugabekeria nagusituko zela -eta azkenean normaltasun bilakatu-, nazioarteko indar gehienek horren kontra egin izan ez balute. Eta bestalde, haien nazionalismo basati eta kriminalak -aitzaki hutsa bezala besterik erabilia izan ez bada ere- Kosovoko biztanlegoarentzat aurrerantzean izango dituen ondorioak dagoeneko somatzen hasiak dira: hildakoen ondoan zauriek osatu gabe iraungo dute oso luze, ekaitzaren osteko laino ilun horien azpian.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.