Herri musikatik lirikara
Musika hizkuntza unibertsala dela esan ohi da. Agian hainbeste aldiz esaten delako edo, gutxitan erreparatzen diogu esaldi horrek duen benetako esanahiari, musika beste bide batez nekez transmitituko liratekeen sentimendu eta sentsazioak aurkezteko tresna dela alegia, egilearen eta interpreteen jatorria edozein dela ere. Unibertsaltasun horren adierazgarri izan da, zalantzarik gabe, Bergarako Orfeoiak hilaren 8an taularatu zuen Oliver musikalaren euskarazko bertsioa. Charles Dickensen irudimenetik sortutako umezurtza Londreseko kaleetatik ehunka kilometrora dagoen bailara batean azaldu eta antzokia bete zuten ikusleen bihotzera iritsi zen. Lionel Bart-en partituran oinarritutako komedia musikalaren moldaketa hau ez da egunotan Gipuzkoan prestatzen ari den mota honetako ikuskizun bakarra. Tolosaldeko Orfeoia Jesús Guridi maisuaren El caserío zartzuela antzezteko azken entseiuak egiten ari da. Estreinaldia ekainaren 19an izango da, Tolosako Leidor Antzokian. Ia 100 lagun arituko dira Ana Miranda zuzendari artistikoaren esanetara; gehienak orfeoiko kideak, Udaberri Dantza Taldea eta bertako eskopetari konpainia bateko kideek lagunduta. Lau solista nagusiak, berriz, Ainhoa Garmendia (Ana Mari), Jon Plazaola (Jose Migel), Mikeldi Atxalandabaso (Txomin) eta Jesús García Arejola (Santi) izango dira. Koordinazio lan zaila Muntaia hauek prestatzeko lanak konplexuak izaten dira. Aurrez ikerketa eta dokumentazio lan sakona eskatzen dute. Partitura aztertu eta gero, liburutegi eta artxibategiak miatzen dituzte, obra girotzen lagungarri izan daitezkeen antzinako dokumentu eta grabatuen bila. Jantziak eta dekoratuak diseinatzeko datuak aurkitzea du helburu lanaren lehen fase honek. Gero entseiu espezifikoak hasten dira. Orkestra eta abesbatza batera aritzen dira hasieratik eta eszenografia osatzen duten beste taldeak, dantzari eta eskopetariak kasu honetan, zuzendari artistikoaren aginduetara lan egiten dute. Iñigo Vivanco Tolosako Orfeoiaren gerentea da. Obran parte hartzen duten guztiak koordinatzea ez dela batere erraza dio, batera inoiz lan egin ez duten talde eta solistak uztarri berean jarri behar baitira. "Gai konplexua baina aldi berean entretenigarria da. Ezertan hasi aurretik obra aztertu egiten da, konpositorearen ezaugarriak, non eta nola antzeztu... Bi zuzendariekin hitz egiten da; zuzendari musikala, orkestra, abesbatza eta solisten arduraduna alegia, eta zuzendari artistikoa. Itxuraz hainbeste garrantzirik ez duten zenbait alderdi zaindu behar dira. Adibidez, argiztapena oso garrantzitsua da, biluzik dagoela eszenatokiak ez baitu ezer adierazten". Dantza eta musika Dena den, taldeko zenbait kidek eskarmentu handia dute honelako muntaia eszenikoetan. Hain zuzen ere, Guridirena Tolosaldeko Orfeoiak taularatuko duen hirugarrena izango da. Iaz Leidor opera ezaguna aurkeztu zuten Tolosako jaietan, aurreko urtean Gorriti maisuaren opereta batekin hasitako ibilbideari jarraipena emanez. Bestalde, Tolosako kide batzuk Donostiako Orfeoia prestatzen ari den Fausto muntaia erraldoian ere parte hartzen ari dira. Vivancoren esanetan, "esparru berria" jorratzen ari dira, Gipuzkoan lirika ez baita oso ezaguna oraindik. El caserío-ren bertsio berriak badu Bergarako Orfeoiak egindako muntaiaren antzik, bietan diziplina desberdinetan aritzen diren taldeek bat egiten baitute; dantzari, abesbatza eta orkestrek hain zuzen ere. Hala ere, Tolosaldeko Orfeoiak eskualde horretako bereizgarri diren elementuak sartzen ditu bere lanetan. Oraingoan, adibidez, eskopetari konpainia bat arituko da Bizkaiko herri batean girotuta dagoen eszenografian. "Gure ezaugarria da elementu autoktonoak sartzea gustatzen zaigula". Tolosaldeko Orfeoia 1998ko irailean sortu zen Leidor operaren moldaketa zela eta. Helburua "proiektu handizaleak" aurrera eramateko gai izango zen taldea sortzea zen; bereziki musika sinfonikoaren esparruan baina euskal kulturari ere garrantzia emanez. Urtero muntaia bat aurkezteko asmoa dute. "Garrantzitsuena eskualdeko obra sinfonikoak berreskuratzea da, eskualde honetan konpositore onak baititugu", azaldu du Vivancok. Pixkanaka lan sinfonikoak ezagutzera emateko asmoa dute. "Pausoz-pauso joan behar dugu. Jendeak obra lirikoak ezagutu ditzan nahi dugu. Pixkanaka muntaia serioagoak sartzen joango gara. Wagner-en obra bat egingo bagenu jendea etorriko litzateke, azken finean taldea ezaguna baitzaie. Baina kosta egingo litzaieke obra amaitu arte irautea". Tolosan estreinatu eta gero, El caserío-ren doinuak Donostiako Victoria Eugenia Antzokian entzungo dira eta datorren urtean Madrilera eramateko harremanetan ari dira. Giuseppe Verdiren La Traviata taularatzeko asmoa ere badute. Mokoroa maisuak, 1901ean, sortu zuen abesbatzaren ondorengoa da Tolosaldeko Orfeoia. 1913an Leidor opera taularatu zuen Mokoroak taldearekin, baina nonbait ez zitzaion gustatu eta desegitea erabaki zuen. Orain, garai hartako taldearen lekukoa hartu du Tolosaldeko Orfeoiak. Hura bezala, sona handiko koroen artean sortu da. Horietako bat, Donostiako Orfeoia Héctor Berliozen Faustoren kondenazioa opera aurkezteko entseiuak amaitzen ari da. "Ikuskizun zoragarria" izango dela dio Iñigo Vivancok. Abuztuan, Salzburgoko jaialdian estreinatuko da donostiarren muntaia. Gero, Donostiara ere ekarri nahi dute bertako musikazaleek ere entzuteko aukera izan dezaten. Donostiako Orfeoiaren indarra eta tradizioa, La Fura dels Baus talde katalanaren abangoardismoa eta ausardia, eta Berlioz maisu frantsesaren doinu bikainaz gozatzeko aukera aparta izango da. Agian, Oliver-en izpiritua ere izango da Salzburgoko Felsenreitschle Aretoan. Eta umezurtza hunkitu egingo da gizakion alde iluna irudikatzen duten pertsonaiekin. Hizkuntza unibertsala, bi hitzetan.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.