Berlin Metropoli
Abioiak gora egin zuenean, Kafkak idatzitakoa etorri zitzaidan gogora: "Gerrate Mundiala jaio zen eguna zen eta ni igerian nindoan". Halaxe sentitzen nintzen Berlinerako bidea hartu zuenean abioiak. NATOko indarrak Jugoslavia bonbaz josten ari ziren eta ni Berlinerako nintzen, Alemaniako hispanistek ospatzen zuten XII. Jardunaldietara euskal literaturaz mintzatzera. Eguneroko bizitzak alderik larrienean ere agertzen du bere joan beharra. Berlin! Alemania berri baten metropolia. Lehenengoz ikusten nuen hiria, eta ez nekien zer aurkituko nuen. Tempelhof aireportu txiki, zahar eta bitxira heldu nintzenean-hemen egin zuen pelikula bat Billy Wilder maisuak-, udaberriaren arnasak hartu ninduen. Eguraldi onak zirrikitu estua zabaldu zuen negu hotzaren bihotzean eta jendetza zebilen kaleetatik zehar, terrazak hartuz, bizitzaren pozari berea eman nahiz. Harrigarria bada ere, udaberriko umore onaren irudia dut Berlinez lehen-lehenik. Euskal literaturaz irakasle aldra baten aurrean hitz egin ondoren, Carlos Casares nobelagile galizarrak narama Berlin ezagutzera. Edo hobe, Berlin ugariak ezagutzera. Lau gune handi Geografiari begiratuz gero, hiru edo lau gune handi ditu Berlinek, auzoak alderatuz eta urrunduz. Bada Berlin bat, Mitte auzoaren inguruan, historikoa, Prusiako erregeek eraikia: Museo Irla ikusgarria, bost museo nagusi biltzen dituena, jauregi eta etxe dotorez Under der Linden kale zabala Bradenburgoko ateraino. Bada beste Berlin bat Zoo baratzaren ondoan, dinamikoa, jendetsua, giro alaiz eta mugimenduz sortua. Hirugarren Berlin politikoa da. Marx-Engels plazaren inguruan -jada, beste izen bat izango du ziurrenik- sortu dena. Hor zegoen Hohenzoller printzeen jauregia. Enparantza historiaren metafora gertatu da. Printzeen jauregiaz ez da deusik geratzen. Haren toki berberean proletarioak noblezia irabazi zuela adierazteko Errepublikaren Jauregia eraiki zuten Alemania Demokratikoko agintariek, Parlamentu komunistaren biltzar toki izan zedin. Gaur eraikina aluminosiak jota dago eta jausteko arriskuan. Laugarrenak etorkizunera begiratu du Postdamer Plazaren inguruan. Carlos Casaresek erakutsi zidan Plazan egiten ari diren eraikin sinbolikoak: Musika Jauregia, Liburutegi Nazionala eta Galeria Nazional Berria, hiru eraikuntza kultural erraldoi, alde komunistari ekialdean ere kultura maite zutela erakusteko. Hitlerren bunkerra dagoen tokitik urrun barik, enparantza arkitektura berri baten saio toki bihurtu da; denak du mende berri baten itxaropenez egiten denaren susmoa, denak eman dit sorkuntzazko aro berri baterako itxura bizigarria. Galeria Nazionalean, Max Ernst pintore surrealistaren erakusketa aberatsa dago ikusgai. Marrazki, eskultura, xake jokuak, margo txiki-txikiak, lan ezberdinak oso. Margo batek deitzen dit atentzioa: Ama Birjinak Jesus haurrari eperdiko ederrak ematen dizkio. Leiho batetik, André Bretonek, Max Ernstek eta Paul Eluardek begiratzen dute eszena. Miresgarria da zein ondo lortu duen pintoreak egunerokotasuna mitoarekin lotzea. Horixe da hiri honen metafora: historiaren irudia ironiaz eta xamurtasunez marraztea. Historiaren aldetik, berriz, Berlin bi daudela esan genezake: oroimenarekin bizi nahi duena eta ahazteko ahaleginetan ari dena. Lotsaren Murruaren azken hondakin batzuk Postdamer Plazatik urrun barik daude. Murruaren zatiok ahaztu ezin den iraganaren testigantza dira. Testigu mutua den bezala Gilermo Kaiserraren elizaren dorrea, Gerrate Mundialean bonbardatu ondoren geratu zen bezala oroigarri gisa. Garabiak Baina gaurko Berlineko paisaiarik hedatuena kartel batek ironiarik gabe gogoratzen duenez, garabiek osatzen dute. Garabiak edonon dira etorkizuna datorren baino arinago ekarri nahi balute bezala. Iraganaren eta etorkizunaren kinka larrian, oroimenaren eta proiektuaren artean badago oraindik azken Berlin itxurosoa: kulturazko hiria. Ez soilik artea Museoetan gordetzen duena, ez eraikin bitxi eta ausartezkoak arkitekto nagusiei eskaini dizkiena. Bada kultura kalean, espresionismoaren zainetatik datorrena, Bauhausen irudimen mundutik ihes egindakoa, egunero-egunero dantza, antzerki, kaleko pintadetan udaberriko bizi nahiez zabaltzen dena. Horixe da ene begi niniak goxoen gorde duena.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.