On Kixote euskalduna
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Pedro Berrondoren itzulpena berrargitaratuko du uztailean
On Kixoteren itzal luzea euskal literaturaren paisaian barna ere zabalduko da aurten, Miguel de Cervantesek idatzitako maisulanaren 400 urteurrenarekin bat eginez. Horretarako, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak egin den euskarazko bertsio bakarra berrargitaratuko du, Don Kijote Mantxa'ko izenburukoa, Pedro Berrondok duela ia 30 urte atondu zuena.
Horrez gain, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ikasleentzako antologia bat prestatu eta nazioarteko biltzarra antolatuko du, On Kixoteren IV. mendeurrena ospatzeko erakunde-arteko Batzordeko lehendakari Jose Manuel Blecua filologo eta akademikoa ere tartean dela.
On Kixoteren ibilera aldrebestuak biltzen dituen liburua facsimile edizioan plazaratuko da, "seguru aski uztaila bukatu baino lehen", Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide Guillermo Etxeberriak azaldu duenez.
Jatorrizko edizioan bezalaxe, Don Kijote Mantxa'ko bi liburukitan plazaratuko da, baina argitalpen honetan, Senez aldizkariko zuzendari Gotzon Egiak landutako atariko testua erantsiko zaio.
Era berean, Elkarteak Lehen eta Bigarren Hezkuntzan erabiltzeko moduko 150 orrialdeko antologia bat argitaratu nahi du. Antologia honek Cervantesen obratik hautaturiko pasarteak eta nobelaren testuinguru historiko eta literarioa argitzen lagunduko duten iruzkinak bilduko ditu, Patxi Ezkiagaren ardurapean.
Ekimen honek aukera paregabea eskainiko digu urte erdi barru Cervantesen obrarekin dugun urteetako zorra kitatu eta On Kixote euskal liburua ere badela aldarrikatzeko.
Cervantesen obraren lehen liburukia 1605ean argitaratu zen Madrilen, El ingenioso hidalgo Don Quixote de la Mancha izenburupean. Zazpi urte geroago, Thomas Sheltonek ingelesezko bertsioa plazaratu zuen, The History of the Valorous & Witty Knight-Errant Don Quixote of the Mancha, eta 1614an, Cesar Oudinek L'ingenieux don Quixote de la Manche argitaratu zuen Parisen. Handik gutxira, 1621ean eta 1622an, Der scharfsinnige edle Herr Don Quixote de la Mancha eta L'ingegnoso cittadino don Chisciotte della Mancia argitaratu ziren.
Geroztik, Cervantesen maisulanari 400 bat edizio egin zaizkio ingelesez, 300 frantsesez, 23 portugesez eta 14 errusieraz, besteak beste. Alabaina, behin baino ez da euskaratu, Pedro Berrondo oiartzuarraren ahaleginari esker.
Bertsio elebiduna
Aurretik, Serafin Baroja donostiarra, Pio Barojaren aita, liburua euskaraz eta erdaraz argitaratu nahian ibili omen zen, bere adiskide Manuel Val y Vera doktoreak kontatu zuenez, baina XIX. mende amaierako saio hartatik ez zaigu arrasto bibliografikorik iritsi.
Miarritzeko Ernest Zeitz-en moldiztegia izan zen, 1904 urtean, On Kixoteren lehen pasarteak euskaratuta inprimatu zituena, Jean Pierre Duvoisin kapitainak itzulita. Izenburuak dioen bezala, Duvoisinek Don Kixoten gerthakariak deitzen den liburuko aintzin-solasa eta hari darreitzan hirur buruchoak besterik ez zituen itzuli.
Hurrengo urtean, martxoaren 13an zehazki, Gasteizko Domingo Sar-en inprimategiak Julian Apraiz euskaltzale eta kixotezaleak prestaturiko Donkituera umill euskalduna Cervantes-eri opatua Manchako don Quijote, seme argi ta ospatsua agertu zanetik irugarren eunki-urrenean izenburu luzeko liburuska plazaratu zuen.
Apraizek Duvoisin kapitaina, Paulo Zamarripa, Ebaristo Bustintza Kirikiño eta Mateo Muxika euskaltzaleen laguntzaz atondu zuen On Kixoteren pasarte eta pasadizurik ezagunenak biltzen zituen antologia labur hura. Liburuska Interneten esekita dago, www.euskadi.net/LiburutegiDigitala helbidean.
Donkituera-k lortu zuen harreraren ondorioz, urte bereko apirilaren 10ean, bigarren edizioa plazaratu zen. Hitzaurrean, Apraizek argi utzi zuen liburuskaren hasierako itzulpenak, lapurteraz landutakoak, ez direla Duvoisin kapitainarenak, Alberto Palacio arabar arkitektoarenak baizik.
Ahalegin haren ondoren, 1928an, Iruñeko Udalak itzulpen lehiaketa bat antolatu zuen On Kixote eta bizkaitarra deritzon pertsonaiaren arteko norgehiagoka deskribatzen duten pasarteak euskaratzeko. Garai hartako euskal idazlerik ospetsuenak lehiatu ziren, baina Nikolas Ormaetxea Orixe izan zen saria bereganatu zuena.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.