Selecciona Edición
Conéctate
Selecciona Edición
Tamaño letra
Reportaje:

Zirilikoz eskura euskal literatura

Errusian euskal kultura hedatzeko lanean ari da 'Gernika' argitaletxea - Errusierara itzulitako zazpi euskal liburu argitaratuko dituzte aurten

Errusian dago Gernika, Roberto Serrano itzultzaileak eta Roman Ignatiev etnografoak sortutako argitaletxea. Euskal kultura Errusian ezagutzera emateko, eta bi herrialdeen arteko zubi lana egiteko sortu zuten San Petersburgon. Bi urteren buruan, kalean dira aurreneko emaitzak. Gabriel Arestiren Harri eta Herri, Joxe Migel Barandiaranen Mitologia Vasca, eta Julen Gabiriaren Connemara gure bihotzetan liburuak errusierara itzuli dituzte, eta beste zazpi itzulpen kaleratzekoak dira aurten. Atxagaren Obabakoak eleberria, tartean. Gainera, aldizkari digital bat ere plazaratzen dute hilero, unibertsitateko ikasleei zuzenduta.

"Orain dela hiru urte San Petersburgoko mahai baten inguruan elkartu ginen Roman Ignatiev etnografoa eta ni", gogoratzen du Roberto Serrano argitaletxeko itzultzaileak. "Euskal kultura Errusian nola hedatu aztertzen hasi ginen, eta argitaletxe bat sortzea biderik egokiena zela iruditu zitzaigun". Esan eta egin. Urte oso bat eman zuten errusiar gobernuaren baimenak lortzen, eta Jaurlaritzaren Kultura sailaren eta Espainiar Kultura ministerioaren laguntzak eskuratuta, martxan jarri zuten argitaletxea. San Petersburgon kokatu dute Gernika, baina Errusiatik kanpo ere aritzen dira. Bilbotik lan egiten du Roberto Serrano itzultzaileak, eta Georgiako Tbilis hiriburutik Vladimer Luarsabishvili hizkuntzalariak. Moskun dira gainerako taldekideak, Roman Ignatiev, Alesandr Arkhipov eta Alesand Grenkov kideak.

Euskal kulturaren inguruko aldizkari digitala plazaratzen dute hilero

"Gustuen eta indarren arabera" hautatzen dituzte itzuli beharreko lanak, Serranoren hitzetan, eta aurtengo labealdi berria prest daukate. Inprentatik atera berri da Atxagaren Obabakoak eleberria, eta oso aurreratuta dago Toti Martinez de Lezearen Euskal Herriko Leiendak liburua. Gainera, Jon Kortazarren Euskal Literaturaren Historia, Miren Beitiaren Esquemas de euskara, eta Javier Muguruzaren Laura Kanpoan da liburuen itzulpenak bidean daude. Azken liburu hau bertsio digitalean ere kaleratuko dute. Gabriel Arestiren Harri eta Herri liburuaren kasuan, edizio elebiduna da, eta neurriak eta errimak mantentzeko ahalegin berezia egin dute.

Euskal literaturak errusiarrengan interes handia pizten duelakoan dira argitaletxeko arduradunak. "Errusiarrek badute guk ez dugun ezaugarri bat, harro jartzen dira munduko edozein hizkuntzetako zerbait errusierara itzultzen denean. Horregatik, euskal literatura errusieraz irakurtzeko aukera izatea gauza ona da beraientzat. Gainera, euskara hizkuntza exotikoa egiten zaie, Europako txoko batean gordetzen den zerbait bitxia eta erakargarria da errusiarrentzat".

Internet bidez argitaratzen duten aldizkariak ere errusiarren interesa bereganatu du. Unibertsitateko humanistikako ikasleei zuzendutako aldizkaria da, eta bi urte hauetan ia laurogei mila bisita jaso ditu www.gernika.ru atariak. "Hilero ateratzen dugu aldizkaria. Bost atal aurkitu daitezke, euskaraz eta errusieraz. Euskal ohiturak, literatura, herriak eta baita gastronomia ere erakusten dizkiegu irakurleei. Hiztegiak ere badaude, euskara-errusiera online kontsultatzeko aukerarekin, eta multimedia atalean argazki galeria, audioak eta euskarazko azpitituluekin osatutako bideoak aurkitu daitezke". Atal guztien artetik, euskarari eskainitakoek bereganatzen dute irakurleen arreta. "Euskara egiten zaie gairik interesgarriena. Euskarari buruz zerbait argitaratzen dugunean berehala errusiarrak galdezka hasten dira".

Liburuen banaketa indartzea, eta itzultzaile gehiago erakartzea dira orain argitaletxearen erronkak. "Itzultzaileak behar ditugu, euskaratik errusierara itzultzeko gai izango direnak. Egokiena, jakina, errusiar euskalduna izango da. Egon badaude, baina guregana erakarri behar ditugu". Interneteko apustua ere garbia da, Errusia bezalako herrialde zabal batean hedatzeko tresna oso erabilgarria eta eraginkorra delako.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 1 de febrero de 2010