_
_
_
_
_

Urtetik urtera gero eta ozenago

EH Sona jaialdiaren 12. edizioa ostiralean abiatuko da Bartzelonan - Ruper Ordorika, Rafa Rueda eta Gatibu arituko dira, besteak beste, abendua bitarte

Euskal musikak bozgorailu bat du Bartzelonan: EH Sona jaialdia. Hamar kontzertu eta sei ekitaldi antolatu ditu Kataluniako Euskal Etxeak, euskal kultura eta musika ezagutzera emateko. Gatibu eta Ruper Ordorika arituko dira, besteak beste, eta txalaparta, dantza eta kantu tailerrak ere izango dira jaialdiaren 12. edizioan.

Ostiral honetan hasi, eta sei astez euskal musika izango da protagonista Bartzelonan. Horretarako, estilo eta molde desberdinetako artistekin osatu du programazioa. Dantzan abiatuko da jaialdia, Patxi eta Konpainia taldeak eskainiko duen emanaldiarekin. Hurrengo asteetan, Rafa Ruedak eta Maddi Oihenartek kontzertua eskainiko dute. Kataluniarrentzat ezezagunak diren artistak ere gonbidatu dituzte, Aristizabal eta Barandiaran bikotea, kasu. Jaialdiaren xede nagusia horixe da, euskal musikariei ateak zabaltzea. Hala dio Aitor Urrutia Euskal Etxeko buruak: "Euskal Herriko musika Kataluniara gerturatzea da gure helburua. Bere kabuz Bartzelonara etortzeko gaitasunik ez duten taldeak ekarri nahi ditugu, batez ere. Kontzertu bat emateko aukera eskaintzen diegu, gero eurek promozioa egin dezaten".

500 lagun ari dira euskara ikasten Bartzelonan, inoiz baino gehiago

Erronka handia izan da jaialdia aurrera ateratzea, krisia Euskal Etxera ere iritsi baita. Iaz baino bazkide gutxiago ditu elkarteak, oraindik ere 400 bazkide inguru izan arren, eta diru-laguntzak ere murriztu dira. Oztopoak oztopo, baina, jaialdiari eusteko apustua egin du elkarteak. "Krisi egoera honen aurrean, beste edizioetako jaialdiak bezalakoa egin edo ez zalantzan egon ginen. Azkenean, apustu inportantea egitea erabaki genuen, jaialdia euskal musikarientzako eta gure elkarterako erakusleihoa delako".

Bide berriak aurkitu behar izan dituzte horretarako. CAT aretoarekin akordioa lortu du elkarteak, adibidez. Ruper Ordorikaren edo Korrontzi taldearen kontzertuak bertan eskainiko dira, horregatik. Emanaldi hauetarako, eta baita gainontzekoetarako ere, sarrera ordaindu beharko da, iaz ez bezala. Aurreko edizioetan doanik ziren ekitaldi guztiak, ahalik eta hedapen handiena lortzeko. Krisiari aurre egiteko, ordea, sarrera jartzea erabaki dute. Ostiralean egingo den lehen kontzertua izango da doanik eskainiko den bakarra. Hala ere, sarreren prezioa "sinbolikoa" dela dio antolakuntzak, 5 eta 10 euro inguru balioko baitute, batez beste.

Dena den, parte hartze handia espero da, EH Sona gero eta arrakastatsuagoa bilakatzen ari delako. "Hasieran Euskal Etxearen inguruko jendea bakarrik gerturatzen zen. Azken hiru urte hauetan, ordea, gero eta jende gehiago dator jaialdira. Promozio kanpaina handia egin dugu. Bartzelonako egunkari, telebista eta kaleetan iragarkiak jartzen ditugu. Horregatik, beste dimentsio batean sartu gara". Kontzertuak dira jaialdiko amu garrantzitsuenetakoak, baina tailerrek ere jendetza elkartzen dute. Txalaparta jotzen ikasteko tailerrerako leku guztiak, adibidez, bete egiten dira beti.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Katalanei zuzendutako jaialdia izan arren, Bartzelonan bizi diren euskaldunek ere badute beraien txokoa. Trikipotea da ekitaldirik kuttunena euskaldunen artean. "450 lagun inguru elkartu ginen iaz Grázia auzoan, gehienak euskaldunak, trikipoteoaren eguna euskaldunen eguna baita. Harri azpitik ere ateratzen direla dirudi", dio Urrutiak.

EH Sonaren arrakasta katalanek euskal kulturarekiko duten interes handiarekin lotu daiteke. Gero eta jakinmin biziagoa dutela dirudi, gainera, inoiz baino katalan gehiago hasi baitira euskara ikasten. Guztira, 500 lagun ari dira euskara ikasten Bartzelonako hizkuntza eskolan, unibertsitatean eta Euskal Etxean. Horietatik 153 lagunek euskal elkartearen ikastaroetan eman dute izena. Hainbeste ikasleekin Euskal Etxea txiki geratu da. "Gelak beteta ditugu, eta gure inguruko eraikinetan klaseak emateko lekua eskatu behar izan dugu". Horregatik, jendeari ezetza eman behar izan diotela dio Urrutiak. EH Sona jaialdiari eta Euskal Etxeari ahaleginarekin, euskal kulturaren sona gero eta handiagoa da, beraz, Bartzelonan.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_