Inspirazioa besteak dira
Aspaldi ikusten ez nuela. Taberna-zulo batean hurbildu zitzaidan, ustekabean, gaueko ordu txikietan: hordituegi nengoen ezikusiarena egiteko eta nire ondoan eseri zen. Susmatu bezala, bere penak kontatzen hasi zitzaizkidan. Zortzi urte zeramatzala ezer argitaratu gabe; saiatzen zela, hamaika nobela hasia zela zirriborratzen, baina guztiek zutela hartua zakarrontzirako bidea, azkenik. Eta bere literatur loria garaien kontakizunari ekin zion, behin baino gehiagotan aditua niona, eta gero eta apaingarri distiratsuagoz janzten zuena, bide batez esanda.
Puntu horretara iritsita aitzakiaren bat topatu eta elkarrizketari (bakarrizketari) ihes egin nion aurrekoetan, baina gau hartan anestesiatu antzera ninduten gin-tonic-ek, eta isilik geratu nintzen; jarraitzeko seinaletzat hartu zuen hura, eta bere idorreriaren azalpenean sakontzen hasi zen. "Idazten hasi nintzenean erraza zuan. Ganbara ondo beteta neramaan istorioekin, badakik, handik eta hemendik biltzen nituenak, edo aitonak kontatu zizkidanak gerrari buruz; bai, bigarren eleberri hura oroitzapen horietatik atera nian ia osorik, apenas sartu nian fikziorik...
"Baina halako batean dena aldatu zuan. Ama izan zuan errieta egin zidan aurrenekoa, izeba Pilirekin izan zuen herentzia-auzian egin zituenak ustez deskribatzeagatik Saien bidea-n; gogoratuko haiz, nire nobela onena duk. Gehien mindu zuena, pentsa ezak, birramonaren urrezko idunekoaz kontatzen nituenak izan zituan, turkesa errubi bategatik aldatu nian arren... Nik, azken batean, asmakizuna zela esaten nioan, inor ez zela konturatuko, izen-abizenak oso urrun zeudela errealetatik eta nobelako amaren deskribapenak ez zuela zer ikusirik harekin, belarriko garatxoarena alde batera utzita noski, baina hura ere belarriz aldatu nuela, ezkerrean jarri niola pertsonaiari eta ez eskuinean...
"Handik gutxira andrea etorri zitzaidaan kargu hartzera; bere burua ezagutu bide zian, ez galdetu niri zergatik eta nola, Bero sapa bilduman. Eta ez ipuin bakar batean gainera; biziki harritu nindian 'Whiskeria El Paraigua -ko Rosyrengan ere islatuta ikusten zela bota zidanean: pertsonaia brasildarra duk baina, zer ikusirik ez! Gainera, familiakoek baizik ez diagu ezagutzen oineko azazkalak jateko daukan ohitura hori... Bere bulegoko konturik gehiago aipatuko ez zidala ere bota ez zidaan ba egun hartan: benetan, zin egiten diat, nik uste nian narrazioan guztiz itxuraldatuta utzi nuela B kaxarena eta negoziatu buruaren eta haren idazkariaren artekoarena...
"Pixkanaka, isiltasuna joan zuan nagusitzen nire inguruan. Koadrilakoek ez zizkidatean konfidentziarik egiten, lehen bezala, eta hutsalkeriez aritzen zitzaizkidaan bakarrik; futbolaz, eguraldiaz eta antzekoez. Etxean eta lanean, berdin. Ni saiatzen ninduan haiei istorioak ateratzen, ezarian-ezarian gehienetan, baina batzuetan, gehiago ezin nuenean, zuzenean, suminduta ia. Beste erremediorik ez zutenean, hasten zituan zer edo zer kontatzen, baina berehala sumatzen nian gezurretan ari zirela, asmazio hutsa zela dena, eta hori ez zitzaidaan ezertarako balio: idazle bat ezin duk besterik gabe engainatu, kontu horri dagokionean ez behintzat...".
Jarraitu zuen pixka batean, xehetasunak eman zizkidan hasi eta bukatu ezin izan zituen liburu haiez. Gero, oharkabean bezala, nire bizitzari buruz galdetu zidan, eta ordurako mozkorra pasatzen hasia zitzaidanez, bat-batean istorio bat harilkatzen hasteko modua izan nuen. Baina segituan konturatu zen gezurretan ari nintzela, eta alde egin zuen beste ezagun batzuengana, haserre antzean.
Aitor dut, edonola ere, azkenean primeran etorri zitzaidala enkontru hura, ez bainuen gaurko zutaberako gairik batere.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.