_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Mintzoaren mugalariak

Erakunde publikoetako itzultzaile eta interpreteek erregularizazio zorrotzagoa eskatzen dute lanbidea duintzeko

Administrazio publikoak 300 bat itzultzaile eta interpreteren lanaz baliatzen dira hizkuntz normalizazioari dagozkion helburuak betetzeko. Hala ere, profesionalak kexu azaldu dira erakundeetan duten errekonozimendu eskasaz, epaitegiak, osasun zerbitzuak eta Ertzaintza bezalako administrazio esparruetan euskaldunen hizkuntz eskubideei egiten zaien "arbuioa" salatu dutelarik. "Ez da baliabide arazoa, antolaketa arazoa baizik", azpimarratu du Lurdes Auzmendi EHUko irakasleak.

Duela 25 urte, Eusko Legebiltzarrak Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Legea onartu zuen, eta 1986an, Nafarroako Parlamentuak Erreinu Zaharra hiru hizkuntz eremutan zatikatu zuen legea abiarazi zuen. Harez geroztik, itzultzaileak eta interpreteak ezinbesteko baliabide bilakatu dira erakunde publikoentzat, argitalpen ofizialetan, jendaurreko agerraldi instituzionaletan eta administrazioekiko komunikazioetan euskarak duintasunezko presentzia izan dezan.

"Esparru batzuetan, euskarari ematen zaion tratamendua etorkinei ematen zaienarekin konpara daiteke"
"Erakunde askotan aski da oraindik erdi mailako karrera bat izatea itzultzailetzat kontrata zaitzaten"
Más información
Etorkizuneko eginkizunak

Gaur egun, euskal administrazioetan sortzen diren "testuen %66 itzuli egiten da", eta itzulpen gehienak (%80) gaztelaniatik euskarara egiten dira. Horixe dio, behinik behin, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza lantzen ari den Euskararen erabileraren normalizazioa herri administrazioetan (2003-2007) izenburuko txostenak, martxoan zabaldutako aurrerapenean irakur daitekeenez.

Datuak ezin hobeto adierazten du erakunde publikoentzat lan egiten duten itzultzaile eta interpreteen zereginaren garrantzia. "Besterik pentsa daitekeen arren, gurea ez da inondik ere lanbide erraza, baina zoritxarrez, itzultzaile edo interpretearen lanari dagokion erantzukizuna ez da gero islatzen soldatetan", adierazi du Karlos del Olmo itzultzaile eta Senez aldizkariaren zuzendariak.

Eusko Jaurlaritzak dekretu baten bidez arautu zuen 1997an administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua. Testu hartan ezarritakoari jarraituz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aldian aldiko txostenak prestatzen ditu arauaren betetze-maila neurtzeko.

Aurten, tokiko, eskualdeko, lurraldeko eta autonomia erkidegoko 302 erakunderen artean banatu dituen galdetegiak oinarritzat hartuta, prozesuaren hirugarren txostena osatzen ari da, 2003-2007 epealdiari dagokiona.

Bertan, euskal administrazioak euskalduntzeko orain arteko ahaleginen nondik norakoak laburbiltzen dituzten datuen ondoan, etorkizunera begira kontuan hartu beharreko ahuleziak eta aukerak ere zehaztu dira.

Ahulezien atalean, euskaldun askoren bizipena aintzakotzat hartzen duen baieztapen hau irakur daiteke: "zenbait erakunde eta administratuk eskaria euskaraz egitea kostu batekin egiten du: atzerapena". Baina aldi berean, txostenak dio "handituz doala euskarazko arreta nahi dutenen kopurua eta exigentzia maila".

Martxoan plazaratutako txosten-aurrerapenaren arabera, herritarren "%26 inguruk" euskarazko eskaria egiten du, ahozkoa nahiz idatzizkoa. Datu pozgarri honen aldean -EAEn %29 baitira 15 urtetik gorako euskaldunak-, beste administrazio esparru batzuetan euskararen erabilerak gelditu edo atzera egin du.

Halaxe gertatu da, esaterako, epaitegietan. Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak emandako datuen arabera, 2000 urtetik 2005era bitartean, %57 murriztu ziren epaitegietan egindako itzulpen eta interpretazio eskeak.

"Justizia administrazioan ez ezik, antzeko zerbait gertatzen ari da Ertzaintzako komisaldegietan eta Osakidetzan ere", nabarmendu du Lurdes Auzmendi EHUko irakasleak. "Esparru hauetan ez da betetzen elebitasunaren dekretua, eta askotan, euskarari ematen zaion tratamendua etorkinei ematen zaienarekin konpara daiteke", gaineratu du.

Ondorioz, administrazioan euskaraz egiteak ekar ditzakeen "atzerapenak", gaizki ulertuak eta gainerako arazo eta eragozpenak ekiditeko, "euskaraz adierazpen maila hobea duten hiritarrek ere erdarara jotzen dute", esan du Auzmendik.

Prestakuntzari dagokionez, Auzmendi eta Del Olmo bat datoz teknologia berrien garrantzia azpimarratzerakoan. "Baliabide informatikoei esker, lehen baino gehiago eta hobeto ekoizten da, nahiz eta zenbait erakundetan gauden itzultzaileon halako bi edo hiru beharko liratekeen eskari guztiari aurre egin ahal izateko", azaldu du Del Olmok.

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Itzulpengintza eta Interpretazio Lizentziatura sortu zuen 2000 urtean, ordurarteko masterrei eta aitorpen ofizialik ez zuten Martuteneko Itzultzaile Eskola eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (HAEE) Administrazio eta Lege Arloko Itzultzaile Eskolari lekukoa hartuz.

"Ikasketa ofizialek lehendik ziharduten itzultzaileak birziklatzen eta itzultzaile berriei prestakuntza tekniko eta linguistiko egokia ematen lagundu dute, baina erakunde askotan aski da oraindik erdi mailako karrera bat eginda edukitzea itzultzailetzat kontrata zaitzaten", azaldu du kexuka Karlos del Olmok.

Erregulazio falta hori da, Auzmendiren iduriko, administrazioetan lan egiten duten itzultzaile eta interpreteen egoera profesionalean gainditu beharreko arazo nagusia. "Bihotzeko ebakuntza bat egiteko, inork ez du dudarik egiten zirujauak medikuntza ikasketak amaituta eduki behar dituela; zergatik ez da gauza bera gertatzen administrazioetako itzultzaileekin?", galdetu du.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_