Belaunaldia II
Porrotetik nator, porrotetik gatoz.
Oroimena geratzen zaigu; baina ez beti oroimena erabiltzeko gogoa, ez beti historia idazteko eta berridazteko beharra. Hori ere ihesi doa, gurekin batera, alegia gu izan ginenarekin batera, eta ezin harrapatu. Ez gara hitz huts, aspaldiko hitzen oihartzun baizik. Hitz haiek garbiagoak ziren, ozenagoak, mundua aldatzeko aldarriak ziren, agintzen dutenekin eta tiranoekin traturik ez izateko zinak ziren. Zin haiek ordea zinikoen zintz bilakatu dira: ikusi dugu, ikusten ari gara, ikusiko dugu. Seinaleak dira oraingoak, denboraz denbora dirautenak, milioika urtera dagoen izar batetik iritsitako izpia bezala. Oso urrutikoa dirudi.
Porrotean ikasi dugu ez dagoela ezer aldatzen ez denik, eta ezera joan ez daitekeenik; ez dagoela ezer segururik, ohituraren indarrak berarekin eramaten ez duenik. Ikasteko modu bakarra galderak egitea da, errealitatea behin eta berriro zalantzan jartzea. Ez galdetzea, kritikarik ez egitea edo ez onartzea, porrotean jarraitzea da. Ez pentsatzea da, edo pentsatzen dena ez adieraztea da porrotik handiena. Pentsatzea eta pentsatutakoa azaltzea, garaipenik ederrena.
Porrot egin genuen, aspaldi, baina batzuei kosta egin zaigu onartzea. Garai bateko mitologiak, hitz arranditsuak, garai bateko kontzeptu eta ideiak kostata kendu ditugu gainetik. Zauriz marrazturik gaude horregatik, ahaleginean geratu zaigu bageneukala ez genekiena ere. Hil egin gara behin baino gehiagotan, barrutik gehiago kanpotik baino; haragizko ez denean gehiago, haragizkoan baino. Atera egin gara, geure buruengandik libre eta aske, mundura. Izan ere, norberak ezarritako loturak, alegia irudimenezkoak direnak eta ez benetakoak, izan ohi dira askatzen zailenak. Hala uste zuen Spinozak. Hala dela erakutsi digu, bortizki eta astunki, errealitate hitzaz izendatzen dugun mundu horrek. Harrika bota ditugu izan garenaren puskak, eta berriro hutsetik hasi gara. Litekeena da poliki-poliki ohartzea orduko zenbait kontu baliagarri zaizkigula oraindik ere, ez direla guretzat kalteko, orduan ginena ere ez dela gaur garenaren aldean oso ezberdin. Baina berreskuratu ezin duguna denbora bera da, gaztetasun hura, giro hura, egoera hura: ginena erabat. Akabo gu eta akabo gure mundua. Eta hala ere hari lotzen gatzaizkio, hari gatzaizkio leial, iraganetik datorkigun indar leun batez, jakinik edo behintzat sumaturik, ezer ez zela guk uste dugun bezala gertatu. Orduko lagunentzat idazten dugu, orduko "gu" izan ginenontzat Ezer ez baita gogoratzen den bezalako. Horrek ez du esan nahi gezurretan ari garenik. Egiak edo gezurrak ez du garrantzi handirik, gezurra egia balitz bezala bizi dugunean, eta gezurra egia balitz bezala. Beste bat da arazoa.
Batzuek ez dute sekula aitortu nahi izan porrotetik zetozela eta, zuzendu ezean, porrotera zihoazela berriro, eta galdu egin dira, ihesbidean. Ezagutzen ditut hemengo egoeraz nazka-nazka eginda egonik, Nikaraguara joan izan direnak hasieran; Kubara, gero; Chiapasera azkenik, hemen ez zegoena, sekula egon ez dena, bilatu nahian. Horrela beren porrota besteei leporatu die, haien etxeetan gorde dute, beren buruaz beste egin dute, ez direna aitorturik. Bakan batzuk ez dira itzuli izan, bidean geratu dira; drogak hil ditu, etsaiak hil ditu, beren eskuak hil ditu. Beste batzuk itzuli ziren, nazka-nazka eginda haiek ere, sentipen gaizto baten jabe, Izan ere, hemen iraultza egin ez duenak zer espero du egitea kanpoan? Arraroa da giza jokaera, geure burua aldatzeko gauza ez eta besteak aldarazi nahi ditugu, haiek nahi ote duten pentsatu gabe eta haien borondatearen aurka jokatuz. Porrota, ordea, mozorrotu egiten da, eta izenez aldatu ere bai. Badira sirena-hotsak entzunda indarkeriaren baitara bildu direnak ere. Gezurretako gerran sartu dira, benetakorik sekula ezagutu ez dutenak, beren buruei ere egiarik aitortzeko gauza ez direnak. Norberaren heriotzari ihes eginik, besteena bilatu dute; norberaren porrota jasan ezinik, besteena bultzatu dute.
Porrotaren azken mozorroa ez da inguratzen gaituen ezereza, kontzientzia txarra baizik.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.