_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Teatroa idazteko hiru formula

Max Sarietarako izendapena eman dieten obren gakoak xehatu dituzte Jokin Oregik Maite Agirrek eta Patxo Telleriak

Euskarak ezkutuan

gordetzen duen ustezko sexu-kodea, 40 urteen krisialdia, eta emakume euskaldun heldu baten eta afrikar etorkin gazte baten arteko enkontrua. Gai horiek dituzte abiapuntu Max Sarien aurtengo edizioan euskarazko autorerik onenaren golardoa eskuratzeko lehiatuko diren hiru antzezlanak. Patxo Telleria (Bilbo, 1960), Jokin Oregi (Soraluze, 1970) eta Maite Agirre (Zarautz, 1955) dira hiru proposamen horien egileak hurrenez hurre. Hilaren 16an jakingo dute zein den aurtengo irabazlea, egun horretan egingo baitute sari banaketa ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian.

Telleria Maskarada konpainia historikoan sartu zen 1984an. "Ia segidan pasatu nintzen teatroarekin ia zerikusirik ez izatetik Maskaradan sartzera", aitortzen du bi hamarkada pasa hauetan egindako lana gogoan. Telebistako gidoigile, euskaraz zein gazteleraz lan egin du antzerkigintzaren alorrean eta 2004an Max saria eskuratu zuen Euskara sencilloaren manifestoa obrarekin. Orduan bezalaxe, Mikel Martinez antzezlearekin batera ari da lan honetan ere. Bikote honek urteak daramatza umore absurdoaren edo Marx anaien estiloaren iturritik edandako muntaiak taularatzen, horien artean Marxkarada eta Kontenedore baten istorioak. "Dibertimendua deitzen diot teatro mota honi. Komedia bada; komedia egiteko modu asko baitaude", azaldu du autoreak.

"Hausnartzeko erremintak eskaini behar dizkiozu publikoari", dio Oregik

Formula horren bidez, euskararekin jolas egiten dute Larru haizetara muntaian, finalisten artean euskarazko itzulpenik ez duen obra bakarra hain zuzen ere. "Horretara jo nau gogoak", dio Telleriak. "Hizkuntza ikertzen dugu, hizkuntzari zukua ateratzea gustatzen baitzaigu".

Maite Agirrek, berriz, azoka batean kokatu zuen euskarazko bertsioan Neska politak, artasoro alaiak izenburutzat duen lana. Bertan egiten dute topo Ixik (barazki saltzaile euskaldun bat) eta Nordenek (musika saltzaile gazte afrikarra). "Beti esan dut gizarte bat bere azoka, bere tenplua eta bere kanposantua bisitatuz ezagutzen dela", dio Agirrek muntaia honetarako aukeratu duen eszenatokiaren zergatia azaltzerakoan. "(Donostiako) Bretxako Azoka oso leku garrantzitsua izan da niretzat. Azoka horretan gauza asko gertatzen dira. Hau idazten hasi nintzenean, Euskal Herrian azentu desberdinak zeudela konturatu nintzen, bertakoena eta etorkinena", gaineratu du 1973an Dagoll Dagom konpainia katalana sortzen lagundu zuen autoreak.

"Nik maitasunaz hitz egin nahi nuen obra hau idazten hasi nintzenean", aurreratu du hirugarren finalistak, Jokin Oregik. Izan ere, maitasuna du ardatz Ezin dut egia esan bere muntaiak. "Obran ez dago protagonista argirik, lau pertsonaiak dira protagonista, azken finean berrogei urte inguruan bizi den belaunaldia da protagonista", argitu du dibertsio bila ez ezik antzokira "hausnarketa egitera" doan publikoarentzat idazten duen autore honek.

Ildo horretan argudiatu duenez, "hori da garrantzitsuena, publikoari eskaini behar diozuna, bizitzeko erremintak, edo behintzat bere burua hausnarrean jarri berak bere erremintak atera ditzan".

Erromantizismotik profesionaltasunera

Euskadin antzerkigintza alorrak hazkunde handia izan du azken urteotan, konpainiak profesionalizatuz joan diren ahala. "Hasi ginenean izugarrizko erromantizismoa zegoen", gogora ekarri du Maite Agirrek, "pixkanaka, abentura horretatik profesioa sortu da". "Esango nuke industria bat sortu dela. Gaur egun ez gara taldeak, baizik eta enpresak", argudiatu du. "Gauza asko aldatu dira. Nik uste dut aldaketa horiek beharrezkoak izan direla teatroari egonkortasuna eta duintasuna emateko".

Bilakaera horretan zerikusi handia izan du herri-aginteen babesarekin sortutako antzoki egonkorren sareak, 80ko hamarkadan "frontoietan eta plazetan" aritzen baitziren konpainiak, Telleriak gogorarazi duenez. "Erditu zuen amak ere ez luke ezagutuko sektorea. Orduan ez zegoen programatzailerik. Gaur egun profesionalizatu eta neurri batean funtzionarizatu egin da. Eskaintza askoz gehiago dago eta lehia izugarria dago gure artean. Eta hori ona da", erantsi du.

Sare hori osatzen duten 42 antzokietan programatutako emanaldi kopurua etengabe handitu da azken hamarkadan, 1997an 655 izatetik 2005an 1.424 izatera iritsi baitziren, Kultura Sailaren datuen arabera. Horietatik %82 antzerki-emanaldia izan ziren, genero horrek arte eszenikoen alorrean duen nagusitasunaren erakusle.

Denboraldi horretan, bestalde, gehien programatutako 12 ikuskizunetatik sei euskarazko antzezlanak izan ziren, profesionalen arabera obra elebidunak sortzea oraindik errentagarria ez bada ere. "Oso arraroa da hizkuntza biak eskaintzen oreka mantentzen dakien konpaini", azaldu du ildo horretan Telerriak. "Gure kasuan, berriz, alderantzizkoa gertatu zitzaigun adibidez Kontenedore baten istorioak lanarekin, agian identifikatuago gaudelako euskarazko teatroarekin", erantsi du Larru haizeetara-raren egileak.

Hala ere, oro har euskarazko muntaiak bultzatzen dituzten konpainiak "esfortzu handia" egiten ari direla nabarmendu du Agirrek. "Gure konpromisoa euskararekin ez da politikakeria hutsa. Halako jaialdiekin, Max sariak kasu, gai hori hor dagoela gogorarazten duzu. Sari hauek horretaz hitz egiteko aitzakia ematen dute".

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_