Haizeak ez daramatzan hitzak
Nafarroako ahozko ondare euskalduna biltzen ari da Euskal Kultur Fundazioa
Globalizazioaren aro honetan, tokiko kulturak eta ohiturak desagertzeko zorian daude. Kondairak, ipuinak, abestiak, ogibideak eta hizkuntza txikituak. Guztiek begiratzen diote errezeloz paisaien ñabardurak ezabatu ditzakeen olatuari. Kinka horretan, bada ondare hori guztia salbatu nahian ari denik, belaunaldi berrientzat eskuragarri izan daitezen betiko. Filosofia horrekin abiatu zen duela bi urte Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboaren egitasmoa. "Transmisioa galtzen ari zela ohartu nintzen", laburbildu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko (UPNA) Filologian doktore eta proiektuaren zuzendari tekniko Alfredo Asiainek. Bere esanetan, "tradizio horiek guztiak haiek disfrutatzerik ez duten belaunaldiekin harremanetan jartzea ahalbidetuko zuen lanabesa sortzea deliberatu genuen orduan".
Adinekoen jakintza biltzeaz gain, milaka argazki eta izkribuz osatutako artxiboa antolatzen ari dira
Ikerketa aurrera eramateko 65 urtez gorako lekukoak ari dira elkarrizketatzen, herriz herri. Haien testigantzak bideoz grabatzen dituzte ikertzaileek, euskarri digitalean, maiatzetik aurrera erabiltzeko moduan izango den web gunean esekitzeko asmoarekin. "Bi hilabete daramatzagu Interneteko tokia edukiz hornitzen", erantsi du Asiainek, "dagoeneko txertatu ditugun materialekin oso fondo interesgarria da".
Lanak Nafarroako ahozko ondare guztia biltzea du xede, baina berebiziko garrantzia du euskararen ikuspegitik ere. Izan ere, euskarari dagozkion lanak "interes handikoak" dira, Asiainen arabera. Hori dela eta, Foru Erkidegoko iparraldean eta Nafarroa Beherean (eskualderik euskaldunenetan, hain zuzen ere) Euskal Kultur Fundazioak hartu du ikerketen gidaritza. "Proiektuaren berri izan genuenean, euskarak presentzia izan duen eta duen eskualdeetan ikerketa egiteko ardura har genezakeela pentsatu genuen", dio erakundeko lehendakari Eugenio Arraizek.
Fundazioak zenbait ikertzailek osatutako lan-taldea jarri du abian, Gaizka Aranguren eta Aritz Ibañez kazetariak buru dituztela. Dagoeneko 1.500 elkarrizketa egin dituzte, beste lau urte iraungo duen proiektuaren baitan.
Grabazio horiek aparteko garrantzia izan dute herri-hizkeraren inguruko informazio zuzena jasotzeko eta kontserbatzeko. Ondare horri hainbat kultur taldek azken hamarkadetan jasotako materialak gehituko dizkiete, tokian tokiko lan hitzarmenen bidez. "Hainbat herritan azken 25 urteotan aritu dira grabazioak biltzen", azaldu du UPNAko adituak. "Irulegi Irratia nabarmendu da esparru horretan, eta hitzarmen horien bidez jasotako materialak lagako dizkigute, fondo orokorra aberasteko", zehaztu du..
Pilatutako ezagutzari ez ezik, lekukoen komunikatzeko gaitasunari erreparatzen diote landa-lanean ari direnek, ahozko tradizioetan interesa duen orok erabiltzeko modukoa izan dadin artxiboa. Behin grabazioak eginda, erabilpen bikoitza izaten dute jasotako materialek. Batetik, unibertsitatera igortzen dituzte, irizpide zientifikoen arabera sailkatuta, hango adituek gehiago aztertzeko modua izan dezaten. Horrez gain, ikastetxeetan ere ikas material gisa erabili dezaten nahi dute proiektuaren arduradunek, eskolaren papera "oso garrantzitsua" baita transmisiorako, Arraizen hitzetan. "Lan honen bidez, oso erraza izango dute ahozko tradizioaz ikastea, abantaila handiak baititu zuzen-zuzenean ikusteak aitatxik edo amatxik esandakoak", esan du.
Bestalde, lekukoengandik jasotako material grafikoak ere digitalizatzen ari dira. Horrela, milaka argazkiz eta izkribuz osatutako herri-kulturaren artxiboa osatzea lortu dute, desagertzear dauden bizimoduen oroimenez.
Altxor horren balioa hitz gutxitan laburbildu du Euskal Kultur Fundazioko arduradunak. "Gazteek ez dute ezagutzen zaharrok ezagutu genuen erreka, ez eskulangintza, ez gerraren ondorioak eta ondorengo urteak, elizak itzal handia zuen garai hartan. Hori guztia biltzen ari gara".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.