"Nerabe baten bizipenez Gerra Zibila hurbildu diet gazteei"
"Iraganaren berri izateak orainaldia interpretatzen laguntzen digu; eta autokritika egiten ere lagundu beharko liguke"
Miren Agur Meabe (Lekeitio, 1962) literatur genero anitz landu eta hainbat literatur sari bereganatu dituen idazlea da. Urtebete itsasargian izenburuaz plazaratu duen azken eleberriaren bitartez, Gerra Zibilaz hausnarketa egitera gonbidatu nahi du irakurle gaztea.
Galdera. Nolakoa izan da Urtebete itsasargian liburuaren sorkuntza prozesua?
Erantzuna. Hunkidura baten ondorioz jaio zen liburua. Iazko udan istorio bat idazten hastekotan nengoen Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdian Lauaxeta antzezlana ikusi nuenean. Hunkituta geratu nintzenez, gerraz neure erara idaztea erabaki nuen. Lehen bertsioa uda-udazkenean zehar egin nuen, eta ondorengo hilabeteetan, birlantzeari ekin diot, ikuspegia aldatuz, gertaerak osatuz, idazkera zuzenduz eta beste irakurketa batzuk integratuz.
"Haur eta gazteentzako literaturan, aniztasuna dago gaien eta erregistroen aldetik, baina eskasago gabiltza generoaren ikuspegitik"
G. Eleberria idazteaz gain. gure historia hurbileko gertaera hauek gazteriari hurbiltzen ahalegindu zara.
E. Bai. Horregatik da hamahiru urteko mutiko bat protagonista eta narratzailea. Inoiz ez nuen pentsatuko Gerra Zibilari buruz jardungo nuenik. Liburuan gertaera handi bat kontatzen bada ere, gaztetxo baten ahoan ipintzea iruditu zitzaidan egokiena, neure subjektibitateari ere bidea eman ahal izateko. Gainera, euren adineko baten ahotsari esker, irakurleak errazago identifikatuko dira.
G. Esan al daiteke helburu didaktikoa ere baduela liburu honek?
E. Istorioaren asmoa, kontakizun entretenigarri baten bidez gozarazteaz gain, gazteenei gerrari buruzko hausnarketa eragitea ere bazen. Azken orrietan, Jonek itsasargiari agur esaten dion unean, pertsonaiaren galderak airean geratzen dira, irakurleak erantzun diezaien. Bestalde, liburuari etekin pedagogikoa ere atera dakioke, hainbat aipamen geografiko, historiko eta kultural egiten direlako.
G. Aski ezagutzen al dute gaztetxoek iragana?
E. Eta geuk? Euskadin urtebete iraun zuen gerrak, piztu zenetik eta Santoñako Ituna deritzona gauzatu zen arte. Nola kontatu? Hortik liburuaren egitura. Bigarren parteak hamabi hilabete horiek hartzen ditu, hamabi kapitulutan. Iraganaren berri izateak orainaldia interpretatzen laguntzen digu. Eta autokritika egiten ere lagundu beharko liguke. Liburu honek, agian, aitzakia emango die gaztetxoei aitona-amonei iraganari buruz galdetzeko.
G. Durangoko Azoka gainean dugula, nolako osasuna du, zure ustez, gaztetxoei zuzendutako literaturak?
E. Euskal literatura maila onekoa dela iruditzen zait. Oro har, oso liburu onak argitaratzen dira. Nik, behintzat, ia denei topatzen diet zer txalotu. Haur eta gazteentzako literaturari dagokionez, aniztasuna dago gaien aldetik eta erregistroen aldetik. Generoaren aldetik ordea, eskasago gabiltza.
G. Liburu andana argitara-tzen dela dirudi. Irakurtzen al dira gero?
E. Galdera horretan inplizituki sumatzen dut ea liburu larregi ez ote diren. Liburu pila argitaratzen da, irakurtzeko eta gustatzeko esperantzarekin. Zergatik ez? Batzuek zorte hobea izaten dute besteek baino. Liburu gutxi argitaratuko balitz ez ginateke kexaka ibiliko, gure sistema kolokan dagoelakoan-edo? Azken urteotan salmentek behera egin omen dute. Uste dut horrek erosleen eroste-ahalmenarekin duela zerikusia, baita bestelako formatuetan ateratzen diren materialen konkurrentziarekin ere.
G. Nolako irakurleak dira euskaldun gazteak? Helduak baino hobeak? Ba al dago irakurketa kulturarik?
E. Eskola-sistemaren bidez bideratzen dira gaur egun irakurketa gehienak. Alde horretatik, zenbat eta gaztetxoago, gehiago irakurtzen omen dute, eta eskolatik urrundu ahala, galdu edo makaldu egiten omen dute ohitura, batez ere euskarazko liburuak irakurtzekoa. Umeen irakurzaletasuna sustatu behar dela esaten dugu, irakurzaletasun literarioa, baina helduok ere ez dugu hainbeste irakurtzen, eguneroko bizimoduan ez zaigulako denborarik geratzen.
G. Zein da zure sekretua gaztetxoen artean arrakasta izateko?
E. Pessoak esaten zuen, idatzi beharreko edozertan, gauzarik nimiñoena izanda ere, bihotza jarri beharra zegoela. Uste dut sekretua horixe dela, liburuaren saltsa egitean azkena balitz bezala egitea, mimo eta ahalegin bereziarekin. Ni esker oneko sentitzen naiz nire saltsa probatzera hurbiltzen direnekiko. Beraiek, irakurleek, ematen dizkidate niri bitaminak.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.