Bilerarik luzeena eta digitalena
Lekeition antolatzen den euskara hutsezko zinemaldiak 45 film labur eskainiko ditu gaurtik larunbatera bitartean
Dena prest dago Lekeitio aldean Euskal Zine eta Bideo Bileraren 29. edizioa has dadin. Aurten, Euskal Herriko 26 zinegile amataurrek eta 8 profesionalek minutu bat eta ordu erdi tarteko 40 film labur aurkeztuko dituzte lehiaketara, iaz baino 13 gehiago, alegia.
Partaidetzari dagokion kopuru hori da, hain zuzen ere, aurtengo Bileraren bereizgarri nagusietako bat. Horrez gain, euskara hutsezko zinemaldi honetan lehiatuko diren pelikula guzti-guztiak formatu digitalean aurkeztu dira estreineko aldiz.
"Iaz, bideoren bat edo beste jaso genuen lehiaketarako, baina aurtengo lan guztiak DVD eta antzeko euskarri elektronikoetan iritsi zaizkigu", azaldu du Iñaki Goiogana antolakuntza taldeko kideak.
XXIX. Bileraren hirugarren bereizgarria iraupena da, zinezaleek sei egun izango baitituzte azken hilabeteotan euskaraz ekoitzi diren film laburrik interesgarrienez gozatu ahal izateko.
"Aurreko edizioan, bost eguneko zinemaldia antolatu genuen lehendabiziko aldiz, egunero ordu eta erdiko emanaldiak eskainiz, baina aurten izan dugun parte-hartzea ikusita, beste egun bat gehitu behar izan dugu, ordu eta erditik gorako emanaldiak nekagarriak egiten zaizkielako ikusleei", argitu du Goiganak.
Ohi bezala, lehiaketa Ikusgarri zine-aretoan egingo da asteazkenetik larunbatera bitartean, eta areto barrura sartu ezinik geratzen direnek ere filmak goxo-goxo ikustatzeko aukera izango dute, kanpoaldean jarriko dituzten pantaila erraldoia eta aulkiei esker.
Motorrak berotzen hasteko, gaur eta bihar, gehiegizko iraupenagatik edo egileek hala erabakita, lehiaketatik kanpo geratu diren lau dokumental eta sormenezko lan bat pantailaratuko dituzte Lekeitioko Kultur Etxean, arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera.
Lehiaketari dagokionez, aurten 18 dokumental, 15 sormenezko lan eta 12 istorio labur lehiatuko dira Bilerako sarien bila. Aurkeztutako lanen herenak egile gazteek egindakoak dira.
"Ildo honetan, nabarmentzeko modukoa da Donostiako Larrotxene kultur etxean egiten ari diren harrobi lana, lehiaketara aurkeztutako lan asko bertako zine-eskolan ikasitakoek bidali dizkigute-eta", azaldu du Goioganak. Gainontzeko lan gehienak Bilbo, Gernika, Durango eta Lea-Artibai eskualdeetatik iritsitakoak dira, "baita Gipuzkoa eta Nafarroa aldetik ere bakan batzuk".
Zinegile hasi berrien aldean, Euskal Zine eta Bideo Bileran aski ezagunak diren beste izen batzuk ere aurki daitezke. Hauen artean, Xabier Iñarrairaegik eta Karlos Erizek osatutako bikotea da aurreko edizioetan sari gehien jaso dituztenak. Iaz, dokumental profesionala eta sormenezko lan profesionalari dagozkion lehen sariak jaso zituzten, eta 2003 eta 2004an ere sarituen zerrendan sartu zituzten. Aurten ere, txakolinari buruzko lan bana aurkeztu dute sail horietan.
Duela bi urte sormenezko lan amateurraren bigarren saria irabazi zuten Daniel Asuak eta Xabier Crespok, berriz, armagintzaren aurkako Astra 5:00 a.m. izenburuko lana aurkeztu dute aurten dokumental amateurraren kategorian.
Jon Grande lekeitiarrak, bestalde, Orquesta Lequeitiana izeneko musika-bandaren historia laburbiltzen duen dokumental amateurra ekarri du Bileraren 29. edizio honetara. Iaz, bigarren saria lortu zuen, eta 2004ean, irabazle aldarrikatu zuten kategoria honexetan.
Azkenik, 2004ko edizioan sormenezko lan profesionalaren bigarren saria irabazi zuen Logela Multimedia taldea breakdance eta birziklapena oinarri dituen Zikloak film laburraz lehiatuko da.
Euskal Zine eta Bideo Bilera 1978an sortu zen, Lekeitioko parroko Benito Ansolaren ekimenez. Bilera erakustaldi hutsa zen hasierako edizioetan, baina urteak joan eta urteak etorri, lehiaketaren alderdia sendotuz joan da piskanaka-piskanaka.
Nolanahi ere, Lekeitioko Bilera Euskal Herriko ikusentzunezko ekoizpenaren ispilu bihurtu da, baita jaurtiketa-plataforma ere lehiaketan parte hartu duten zenbait zinegilerentzat. Horren adibide dugu 2003 urtean Terminal film laburraz Bilerako sari nagusia irabazi zuen Aitzol Aramaio ondarrutarra.
Gaien aniztasuna eta filmen sailkapena aldatzeko premia
Inguruko errealitatea da Lekeitioko Zine eta Bideo Bileraren XXIX. edizio honen protagonista nagusia. Hibai Castrok, esate baterako, Ekitaldi Hurbileko gatazka hartu du inspirazio-iturritzat Palestina, hesien zirrikitutik dokumental amateurra lantzeko.
Beste kasu batzuetan, plano hurbileko begirada erabili dute ingurua deskribatzeko. Hauen artekoak ditugu Orioko arraunlari familia baten historia kontatu duen Maialen Sarasuaren 14 apostolu dokumental profesionala, Juan Miguel Gutierrezen Cucaracha bidelapurra edota surfista lekeitiar baten bizimodua islatzen duen Bagia erreportaia amateurra, Gentzane Agirrek eta German Manerosek egindakoa.
Ez dira falta, noski, euskal ohitura zaharrei buruzko lanak, hala nola, Tartalo Produkzioak taldeak aurkeztu dituen Antzarrak, Arboleda eta Txalaparta dokumental amateurrak, Esti Urresolaren bertso giroko Aletheia argumentuzko lana edo Jose Ramon Txopitearen 80 baietz, apustuen ingurukoa.
Txopìteak Txapel eta Deskontrol taldeen bideoklipak aurkeztu ditu sormenezko lan profesionalen kategorian, eta Isabel Fernandez de Agirrek irudiz hornitu du Pirritx eta Porrotxen Gorriti aztia kantua.
Andoni Aranburuk eta Kepa Uribarrik Durangoko bonbardaketa dokumental amateurra aurkeztu dute, eta bitxikerien artean, Hodei Torresen 3 in 1 eta Leire eta Andres Elizondoren Prestige izotza sormenezko lanak eta Paul Urkijoren Iltzeak eta Mikel Agirregomezkortaren Sin remite aipa daitezke, besteak beste.
Hauexek artean erabaki beharko dute Bileraren aurtengo epaimahaia osatzen duten Koldo Anasagasti ekoizleak, Begoña Vicario irakasleak, Jokin Oregi antzezleak eta Arantza Lauzirika arte adituak zeintzuk diren 29. edizio honetako lanik distiratsuenak.
"Orohar, dexenteko maila ona dagoela uste dut", esan du Donostiako Zinemaldiko zuzendari ohi Koldo Anasagasti ekoizleak.
"Hala eta guztiz ere, guk uste dugu filmak sailkatzeko beste sistema malguago bat bilatu beharko litzatekeela, amataurren kategorietan dauden lan asko profesionalen mailakotzat jo daitezkeelako, eta alderantziz", gaineratu du epaimahaikideak.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.