Ilustrazioko ajeak
Hizkuntz irakaskuntzako adituek ahozkotasuna eta motibazioa lantzea gomendatzen dute
Egokiak dira eskoletan hizkuntzak irakasteko erabiltzen diren metodoak? Zergatik dituzte hainbeste ikaslek hizkuntzak egokitasunez erabiltzeko horrenbeste arazo? Galdera horiek sarri erabiltzen dituzte pedagogo eta soziolinguistek, bereziki euskararen irakaskuntzari dagokionean. Motibaziorik eza, ikas-materialen beraien gabeziak eta, nagusiki, hizkuntza eskola-esparrutik kanpo erabiltzeko aurkitzen dituzten oztopoak aipatzen dira askotan erantzun gisa. Baina ez horiek soilik. "Historian zehar belarria eta begia elkarren lehian ibili dira ezagutza-bide moduan, baina Ilustraziotik hona idatziak hartu du prestigiorik handiena", argudiatu du Joxerra Garzia Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak, "XX. mendetik aurrera hori zalantzan jartzen da eta orain hirugarren fase batean gaude, ahozkotasunaren berpiztea ezaugarritzat duena. Ez dakit zergatik eskolak ez duen hori lantzen, zergatik jarraitzen dugun Ilustraziotik datorkigun gehiegikeria horretan", esan du.
Hain zuzen ere, gai horiez eztabaida egiteko gaur hasi eta asteazkena bitartean EHUren Udako Ikastaroen baitan egingo den Gazteak euskaraz hizketan: ahozkotasunaren eta jarreren lanketan izenburuko mintegian parte hartuko du Garziak, beste zenbait aditurekin batera. Nafarroako Unibertsitateko Publikoko (UPNA) irakasle talde bat ere antzeko galderei erantzuten saiatu da berriki aurkeztu den ikerketa batean. Europako hizkuntzen irakaskuntzarako erronka berriak lelopean esparru horretan sortzen ari diren arazoak jorratu dituzte Ana Ballarin, Rosa Fontal eta Maria Jesus Goikoetxea irakasleek. "Idatzizkoari gehiegi lotutako irakaskuntza-eredua ari gara arrastratzen", azaldu du azken honek, EHUko irakaslearen antzeko argudioa erabiliz. "Hortaz, gure ikasleak atzerrira irten eta emaitza onak izaten dituzte idatzizko azterketetan, baina, aldiz, eskoletan ez dutela tutik ere ulertzen konturatzen dira", gaineratu du.
Aditu honen iritziz, hizkuntzen irakaskuntzak badu zer ikasirik murgilketa ereduetatik, "hau da, pixkanaka pixkana eta etapa bakoitzeko beharrizan komunikatiboen arabera ikasi". "Ahozko hizkera garatzeko, ezinbestekoa da ikasleek beraien ideiak eta sentimenduak adierazteko modua izan dezaten, hitz eginez ikasten baita hizketan", erantsi du.
Ildo horretan, ikerketaren egilearen arabera, hizkuntza-irakasleen artean "intolerantzia handia dago gaizki eraikitako esaldiekiko". "Irakasleek beraiek aitortzen dute etengabe egiten dizkietela zuzenketak. Asteleheneko gaia bada 'zer egin duzu asteburuan', haurrak lagunartean edo etxean egingo lukeen bezala adierazteko modua izan beharko luke", azaldu du.
"Guk, erdi brometan, esaten diegu ikasleei intsumisioa egin behar dutela norbaitek planteatzen badie: idatzi folio bat udaberriari buruz", dio Garziak, "horrek behar luke: idatzi gai honetaz, baina esaidazu norentzat eta zertarako".
Izan ere, aditu honek zortzi urte daramatza, Andoni Egaña bertsolariarekin batera, eskoletan ahozkotasuna lantzeko ideia berriak lantzen. Lan horri esker, "Esan ahala" izeneko ikas-metodoa sortu dute, hainbat eskolatan esperimentatu eta Donostiako ikastaroan aurkeztuko dena. Hitzak emozioak pizteko duen gaitasuna ikasleei azaltzea du helburu, ideiak jendaurrean azaltzeko trebezia gara dezaten, eskoletan sarritan "hitzak ondo jarrita dauden" besterik ez baita begiratzen.
Ikasleen beharrizanei egokitutako metodoak garatzeak zerikusi zuzena du edozein ikasgai barneratzeko ezinbestekoa den beste faktore batekin: motibazioa, Kike Amonarriz aipatutako ikastaroaren zuzendariaren arabera. Esparru honetan lan handia egina da Amonarriz, umoregile gisa aski ezaguna izateaz gain, soziolinguista ere baita.
Besteak beste, duela bi urte Euskararen Aholku Batzordearen eskariz egin zen Hizkuntzaren Kalitateari buruzko Txostenean parte hartu zuen. "Horren haritik konturatu ginen erabilera-ohiturak finkatzeko ezinbestekoa zela irakaskuntzan komunikazioa eta umorea txertatzea", azaldu du. Bere esanetan, "ezinbestekoa da zuzentasunaren ikuspuntua lehenetsi beharrean, egokitasunaren ikuspuntua lehenestea, hau da, unean uneko beharrizan komunikatiboei erantzutea. Gure iritziz, hori izan behar da irakaskuntzaren helburu nagusia".
Hizkuntza ekologia
Adituak bat datoz euskara belaunaldi berrien artean heda-tzea ez dela soilik hezkuntza-sistemaren zeregina. Maria Jesus Goikoetxearen iritziz, "D ereduko zentroak ondo ari dira lanean, baina agian konfidantza handiegia jarri dugu beraiengan eta ez dugu behar beste garatu irudimena". Ildo horretan, herri-arteko ikasle-trukeak antolatzeko aukera aipatu du.
Motibazioa, baina, "ez da elementu isolatua" Amonarrizen iritziz, "hizkuntzaren ikasketa motibagarri den metodologia baten bidez" garatu behar baita, ikasleentzat erabilgarri izango diren "egoera eta erabilera-esparruak" eskainiz. Ildo horretan, ikasleengan euskararen aldeko jarrerak sustatzeko esperientzia-pilotoa garatu dute Aretxabaletako (Gipuzkoa) Arizmendi ikastolan.
Amaia Antero irakaslearen arabera, "euskararen egoera azalduz sortu nahi dugu jarrera hori, hizkuntza-ekologia deritzanarekin bat eginez, hau da, hizkuntzen arteko elkarbizitza orekatua sortuz, ikasle etorkinen hizkuntza-eskubideak ere berma daitezen eta haien kultureratik bertokoek ere ikas dezaten".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.