Zizeronek asmatu ez zuena
Udan hiriburuetan egiten diren liburu-azokek literaturaren mestizaia erakutsi nahi diete irakurleei
Liburu bako etxea arima bako gorputza da. Marco Tulio Zizeronek duela 2.000 urte pasatxo esandako esaldi honek ez du indarrik galdu, gaur egun ere asko eta asko baitira esakuneari gogor atxiki eta liburuaren xarma aldarrikatzen dutenak, berrikuntzak berrikuntza. Zizeronek ez zuen gaur egungo formatua ezagutu, txinatarrek askozaz beranduago asmatu baitzuten papera eta inprenta moduko zer edo zer, baina berehala jabetu zen berba idatziaren garrantziaz. Garrantzi horrek bere horretan dirau, bai, baina badaezpada bide berriak bilatzen ari da formatu zaharra: elektronikoa, banaketa zirkuitu anitzak...eta jendaurreko azokak.
Azken estrategia honek berrogei bat urteko tradizioa dauka gurean, eta mugarri hori Durangoko Azokak ezarri zuen 1965. urtean, Gerediaga Elkartea bera sortu zen une berean. Hantxe erakusten da urtero, Gabon bezperan, euskarazko uztak eman duen dena. Baina liburuaren joan-etorria ez da hor amaitzen, eta urtean zehar badu jendaurrean bere burua erakusteko bestelako aukerarik.
1986an editoreek eta liburu-saltzaileek bat egin zuten ekitaldion diseinua aldatzeko
Laurogeiko hamarkadan baziren azoka solteak Euskal Autonomia Erkidegoan, eta urtero-urtero horrelako hamar bat antolatzen ziren beste horrenbeste lekutan. Azoka arrunt samarrak ziren, indar gutxi zutenak, eta irakurleak apenas zekien horien guztien berri, oihartzun txikiko ekintzak izaki. 1986an hori aldatzeko egitasmoa diseinatu zuten Euskadiko Editoreen Elkarteak, liburu saltzaileen elkarteek eta Euskadiko Liburu Ganbarak. Asier Muniategi izendatu zuten koordinatzaile, eta azken urteotan egon diren aldaketek orduko hartan zuzen jokatu zutela adierazten dute, hauspo galanta hartu dutelako ekitaldi hauek. "Kultur-esparrua dira azokak, ez bakarrik liburuarentzako erakusleiho. Horrela ikusten dut nik behintzat, eta ideia hori bultzatu genuen hasieratik", nabarmendu du.
Asmo horrekin indarrak batu eta jendaurrean egoteko modu berri bat ezarri zuten, irekiagoa, anitzagoa eta osoagoa, Muniategiren iritziz "ezinbestekoa baita hori jendea erakartzeko". Honela erakusketa zabalagoa egin zen, liburu-saltzaileei eta euskaraz zein gazteleraz editatzen zuten argitaletxeei gonbidapena luzatuz; horrez gain idazleen presentziarekin jantzi zituzten azokak, eta horien inguruan kultur ekimen ugari antolatzen hasi ziren. Baina mugimendu hau ez zen sortu Durangoko Azokari erantzun bat emateko; bestelakoak ziren (eta dira) helburuak: "Gure iritziko, osagarriak dira denak, eta bakoitzak bere esparrua dauka", argudiatu du koordinatzaileak, " bere gaiak eta bere ildoak jorratzen dituela, besteari enbarazurik sortu barik. Azoka berrien esnatzeak zera ekarri zuen gurera, deszentralizatzea. Hau da, irakurleari, argitaletxeei eta saltzaileei erakutsi nahi genien bazegoela besterik, hau da, Durangoko Azokatik at ere bazegoela egitekorik", erantsi du.
Azoken arteko diferentziak haratago doaz, bakoitzak bere funtzioa duela: Durangoko Azoka euskal produktuen erakusleihoa den bitartean Liburu Ganbarak antolatzen dituenak mestizaia dute gustuko: "Durangokoa azoka nazionala da, badakigu hori, baina guk kanpora ere begiratu nahi dugu, mestizaia bilatuz; etxekoa defendatu bai, baina kanpokoa erakutsiz, nazioarteko literatura gurera ekarriz".
3.300 izenburu eta zazpi milioi aleko ekoizpena
Hilabete bakoitzean bi. Urte osoan 24. Hasi Mungian (otsailean), eta Galdakaon amaitzen da urteroko errota, abendu partean. Tartean Gasteiz, Bilbo, Donostia, Eibar, Zarautz, Santurtzi edo Lekeitio. Azken hogei urte hauetan ia hirukoiztu egin da Liburu Ganbarak antolatzen dituen azoken kopurua. Horrek lana ere biderkatu egin du, eta azken hamar urteotan nabarmendu da batez ere gorakada. Hala ere, urteko azoka guztiak antolatzeko dituzten baliabideak ez dira nahikoak. "Baldintzak ez dira txarrak, baina azokek diru-laguntza gehiago behar dute, gauzak ondo egin nahi badira. Hala ere, daukagunarekin nahikoa egiten dugula iruditzen zait", adierazi du Muniategik.
Gorakada azken hamar urteetan nabaritu da, eta duela 19 urte abian jarritako plangintzak bete betean asmatu du, itxuran, Azoketara doan jendea "profesionalizatzea" lortu baitute, ekitaldi hauen koordinatzailearen iritziz. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka eta Sarako Euskal Idazleen Biltzarra geratzen dira zirkuitu honetatik kanpo, bestelako helburuak baitituzte.
Azoken antolatzailearen iritziz, liburu-formatua ez dago krisian, eta hori argudiatzeko datu interesgarri bat aipatzen du: "Haur eta gazte literatura saltzen da gehien, eta horrek esan nahi du etorkizunerako irakurleak egon badaudela, hori bai, zaindu egin behar ditugu, eta horretarako produktua bera zaindu beharra dago".
Liburu Ganbararen ustetan, produktu gehiegi argitaratzen dira, "asko eta asko kalitate gutxikoak dira, eta zentzu horretan akordio zabal bat hartu behar litzateke, gutxiago publikatzeko". Urtean 3.300 bat izenburu argitaratzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan, ia erdiak euskaraz (%49,1), eta zazpi milioi liburu saltzen dira. "Kopuru handia da, industria-kate garrantzitsua osatzen duena, jende asko bizi baita hortik". Ildo horretan, Liburu Ganbararen eskaera gogorarazi du Muniategik: "Babesa ez da nahikoa, kontzientziazioa, heziketa munduan indarrak batu, promozio gehiago egin...baina denok egin behar dugu, ez bakarrik liburu munduari lotuta gaudenok. Espainian CEDROk (Kopia Eskubideen Espainiako Zentroa) laguntzen du, adibidez, baina EAEn ez daukagu horrelakorik. Ez dugu ikusten konpromisozko politikarik gurean, aldian behineko ekintzak baino ez".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.