Irudiaren paradoxa
Duela gutxi, kalean zehar noragabe nenbilelarik, pentsalari batekin egin nuen topo. Ia orain arte oso jende gutxik zekien, ni barne, pentsalaria zela, eta are jende gutxiagok ez dela nolanahiko pentsalaria. Baina telebistan azaltzen hasi da, ez edozein telebistan, telebista handi, zabal eta kirri-kirrian baizik, erdarazkoan noski, noiz edo noiz gonbidatzen baitute tertulia batean parte hartzera, eta, ondorioz, lehen baino ezagunagoa egin da, zaila ez dena. Jendeak agurtu egiten du kalean, ez diote esaten entzun dutela, ikusi dutela baizik, ez diote esaten ederrak edo itsusiak direla esandako kontuak, irudi ona ematen duela baizik, eta dagoeneko punta-puntako pentsalari bihurtu da, jendeak identifikatzen duena, jakina, berak halakorik aitortu nahi ez duen arren. Izan ere berak telebista erabiltzen du telebistaren aurka aritzeko, ez pentsa, printzipioak dituen gizona baita. Garai batean, oso eskerrekoa ez ezik, ezker muturrekoa ere bazenean, edo behintzat halaxe zela aitortzen zuenean, sutsu eta indarrez, esku itxiarekin mahai joz, badaezpada ere, ez zezaten nahas errebisionistekin, "sistema" erabiltzen zuen "sistema"-ren aurka. Funtzionarioa dela ahaztu zait esatea, eta ez nolanahikoa, hamalaukoa, urtean hamalau paga dituena.
Baina telebistaren aurka ari bada ere telebistan eta telebistaren talaiatik, telebista ikusten dutenek berenganatu egin dute, milaka irudi egunero berenganatzen dituzten bezala. Horretaz gainera, telebistari esker ezagunagoa denez nire lagun pentsalaria, gero eta gehiago idazten ere hasi da, ez edozein komunikabidetan, baizik eta komunikabide handi, zabal eta kirri-kirrietan. Lagunak aitortu zidanez, jendeak agurtu egiten du kalean; ez diote aitortzen irakurri dutela haren artikulua, argitaratuta ikusi dutela baizik. Hasieran zimikoren batek edo bestek jotzen omen zion bihotza, baina ohitu omen da. Ez zaio inporta gero eta ezagunagoa izatea, ez idatzitakoak duen eraginagatik, baizik eta komunikabide ikusgarrietan bere irudia edo bere izena azaltzeagatik.
Ez gara ez garena. Garena gara, eta garena gure irudiak erakusten du, gure kanpoko irudiak, gure barnekoak bainoago. Paradoxa dirudi eta paradoxa da, baiki. Kontraesanez betetako munduan bizi gara, eta, bestela ezinik, paradoxa da, hain zuzen, kontraesanak lasai eramateko modu bakarra. Ez alferrik gizakia paradoxaren eredu ere bada. Horren kariaz, paradoxa hain dago gure barnean sarturik eta hain egin dugu geurea non ez baikara ohartzen haren izateaz. Geure burua estaltzen dugun mozorroak gara, halakorik aitortu nahi ez badugu ere. Eta mozorro hori, hasiera batean, lehendabizi jarritakoan oharkabe pasatzeko erabiltzen bazen ere, orain ezaugarri bihurtu da. Mamuak bezala gabiltza, geure mozorroa erakutsiz eta gure mozorroagatik ezagunak izateagatik pozik.
Telebista eta komunikabideak kritikagarriak dira, baina lortu dute beraiek azaldutako irudiaz beste ezer ez izatea garrantzitsu, aipagarri eta kontuan hartzeko, bizi garen edo bizi gaituen irudiaren mundu honetan. Telebista eta komunikabideak epaile bihurtu dira, haiek emandako epaia ez da zalantzazkoa, ezta gezurretakoa ere, egiazkoa baizik. Egia bakarrak dira berak, egia ere irudia den mundu honetan. Egia bakarra dira berak, irudizkoak diren arren. Nire lagunak badaki hori. Norbera pentsalari, idazle edo kazetari izan ala ez, gutxienekoa da. Telebistan azalduz gero, irudia zaintzea bihurtzen da funtsean funtsezkoa, irudi behin behinekoa bada ere. Eta une hori hain da erabakigarria, aurre-atzeak neurtzen baititu, lehen izan zena eta gero izango dena neurtzen dituen bezala, irudimenezko jainkoak bezala. Norberak zer esaten duen edo zer pentsatzen duen, hori gutxienekoa da. Irudiarekin batera hitzak desagertu egiten baitira, irudien ibai luze eta presati batean. Eta inor bi aldiz segidan bainatzen ez den bezala ibai berean, hitzak ere ez dira bi aldiz segidan bainatzen ibai katodiko, kristalezko eta artifizialean.
Garena gara, gure irudiak izaten uzten digun neurrian.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.