"Ama Lur" hutsaltzen ari da
Euskadiko Filmategiak pelikularen negatiboa digitalizatu edo Suediako laborategi batean tratatzea proposatu du
Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek Ama Lur euskal dokumental mitikoa filmatu zuten 1968an, Zinta euskal zinematografiaren historiako mugarri bilakatu da, baina Euskadiko Filmategian gordeta dagoen negatibo originala betiko galtzeko arriskuan dago. Arazoa ez da filmaren antzinatasuna, filmatzeko erabili zen formatua baizik. Techniscope sistema erabili zuten, fotograma bakarraren tokian bi sartzea ahalbidetzen baitzuen, kostuak ere gutxituz.
Denboraren poderioz, sistema honen erabilera murriztuz joan da, eta filmatutako negatiboak prozesatzeko makinak ere desagertzear daude. Ondorioz, Espainian eta Frantzian ez dago Ama Lur-en negatiboa errekuperatzeko gaitasuna duten laborategirik. Egoera honetan, Filmategitik hiru irtenbide proposatzen dituzte.
'El mayorazgo de Basterretxe' eta 'Pelotari' filmek ere eraberritze sakona behar dute
Alde batetik, Estokolmoko Filmategira jotzea planteatu dute, han Techniscope sistemako negatiboak tratatzeko makina bat baitute. Irtenbide honek badu arazo bat: 100.000 euroko kostua izango luke.
Euskadiko Filmategiak badu Ama Lur pelikularen negatibo originalaren babes-kopia bat, eta kopia honetatik internegatibo bat egin liteke kopia gehiago ateratzeko.
Basterretxea eta Larruquerten dokumentala salbatzeko hirugarren aukera digitalizazioa da. Honek filmak izan ditzakeen akats eta zikinkeriak garbitzen lagunduko luke, irudi perfektua lortuz. Digitalizazioak 60.000 euroko kostua izango luke, internegatibo bat egiteak beste, gutxi gora-behera.
Peio Aldazabal, Euskadiko Filmategiko zuzendariaren aburuz, "Suediako makina erabiltzea izango litzateke konponbiderik garbiena, baita garestiena ere". Pelikula batean, jatorrizko negatiboak du balio nagusia, eta ondorioz, ezinbestekotzat jotzen da zinta originala mantentzea, "etorkizunean zaharberritze sistema berriak sor daitezkeelako", Aldazabalen esanetan.
Ama Lur dokumentalaz gain, Euskadiko Filmategian badira galtzeko arriskuan dauden beste film batzuk, historiaren ikuspegitik altxorren kategorian sailka litezkeenak. Kasu hauetan ere, hil ala bizikoa da negatiboa zaharberritzea. Hauen artekoa dugu, esate baterako, Pelotari dokumentala, Aita Laburuk filmatutako balio etnografiko handiko zinta bitxia.
Peio Aldazabalek dioenez, "15 urte baino gehiago dituzten pelikulei etalonaje berria egin beharko litzaieke, originalak garbituz eta babes-kopia berriak eginez".
Honen arabera, askotxo dira Euskadiko Filmategian berreskuratzeko beharra duten filmak, eta lehentasunak finkatu behar direnez gero, erakundearen arduradunek zintek historikoki duten interesaren arabera aukeratzen dituzte.
"Film zaharrak ekartzen dizkigutenean, lehenik eta behin bistaratu egiten dugu, zintak izan dezakeen garrantzi historikoa ezagutzeko", azaldu du Aldazabalek. Hurrengo pausoa originalaren babes-kopia egitea da, akats eta guzti. Azkenik, jatorrizko zinta gorde egiten da, irudietan ageri denaren deskribapen labur batekin.
"Pertsonak agertzen direnean, haien identifikazioa egiten saiatzen gara, eta lan honetan garrantzi handikoa izaten da askotan herritarren laguntza", gaineratu du Euskadiko Filmategiko zuzendariak.
Garrantzi historiarekin batera, Euskadiko Filmategiak ondo gogoan erabiltzen ditu beste faktore batzuk, hala nola, negatiboaren kontserbazio egoera, kolorea duen ala ez edota nolako formatuan filmatuta dagoen.
Zenbait kasutan, berreskuratze lanetarako dauden diru laguntzez baliatu dira film zaharren jatorrizko negatiboak errekuperatzeko. "Dokumentuaren gaiaren arabera, enpresek, elkarteek eta erakunde publikoek sentsibilitate ezberdinak azaldu ohi dituzte", ziurtatu du Aldazabalek.
Ildo honetan, Filmategiko arduradun nagusia El mayorazgo de Basterretxe filmaren kasua ekarri du gogora. Barakaldoko Victor eta Mauro Azkona anaiek filmatu zuten 1928an, eta 50 urte geroago errekuperatu zen, Euskadiko Filmategia sortu eta hilabete batzuk geroago.
Jatorrizko negatiboa Azkonatarren ganbaran gordeta zegoen, oso egoera kaskarrean. Filmategiak honen berri jakin zuenean, filma berreskura-tzeko aukerak aztertzeari ekin zion.
Diru falta izan zen orduan ere eragozpen nagusia, baina Victor Azkonak gaztetako lagun bat topatu zuen behin Barakaldoko karriketan barna, eta filma berreskuratzeko nahia azaldu zion, baita lanak bideratzeko zeuzkan estuasun ekonomikoak ere.
Zorionez, bere adiskidea finantza-erakunde ezagun bateko presidentea zen, eta filma eraberritzeko gastua bere gain hartu zuen osorik. Hala eta guztiz ere, El mayorazgo de Basterretxe pelikula historikoak beste berreskuratze bat beharko luke gaur egun, Peio Aldazabalen iduriko. "Oso harro gaude orduan egindako errekuperazio lanaz, baina hutsegite eta akatsez josita dago, eta pelikula behar bezalako egoeran uzteak izugarrizko kostua izango luke", esan du.
Euskal gizartearen irudizko oroimena gordetzeko ahalegin honetan, azkenik, Aldazabalek ez du baztertzen ezustean dokumentu garrantzitsu berriak azaltzea,"Gernikako bonbardaketaren irudiak, esaterako".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.