Jakintsu eskuzabal baten ispilua
Juan San Martinek utzitako agiri-ondareak jakintzaren hainbat esparruri buruzko informazio garrantzitsua gordetzen du
"Nire etxera sartu eta hasiera batean kaosa zirudien. Aitaren bulegoa eta egongela liburuz beteta zeuden. Baina kaos horren barruan nahiko orden handia zeraman: agiriak eta fitxak klasifikatuta zituen; berak beti zekien liburuak non zeuden". Irudi hori du gogoan Juan San Martinek (Eibar, 1922-Hondarribia, 2005) sendiaren etxean pilatutako artxibo erraldoiaz haren semeak, Oier San Martinek. Idazlea, antropologoa, eta euskaltzaina, Juanitok (hala esaten baitzioten berarekin lan egin zutenek) paper garrantzitsua jokatu zuen trantsizio ondorengo lehen euskal erakundeen osaketan, Eusko Kontseilu Nagusiko Kultura zuzendari gisa lehendabizi eta Ararteko gisa ondoren. Zeregin horietan guztietan, dokumentazio garrantzitsua bildu zuen. Berriki ondare hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi du sendiak, erakundeak ikertzaileen eskuragarri jar dezan. 20.000tik gora agiri dira, tartean 10.000 liburuz osatutako biblioteka, 7.500 argazki eta 3.000 eskuizkribu.
Ikertzaileek urteak beharko dituzte dokumentazio guztia sailkatzeko
Informazio hori guztia sailkatzeak luze joko du orain. "Eskuizkribu, karpeta eta gainerako agiriak sailkatu eta katalogatu behar ditugu orain; eta horiek identifikatzea urtetako lana izango da", azaldu du Francisco Lopez de Landetxe Koldo Mitxelena Kulturuneko artxibategien arduradunak. Orain arte, katalogoa "gainetik" begiratu besterik ez dute egin. "Karpetetako edukia aztertu ahala, sorpresak agertuko dira", iritzi dio aditu honek.
Ondare hau aztertuta, batetik, San Martini buruzko informazio baliotsua aurkituko dute ikertzaileek, dokumentuen artean hark idatzitako liburu eta artikuluen jatorrizko eskuizkribuak baitaude. "Dokumentu askorekin edizio kritikoak egin daitezke", dio Foru Aldundiaren eta sendiaren arteko elkarrizketetan parte hartu zuen pertsonetako batek, Imanol Agote Kultura zuzendariak.
Baina horrez gain, fondoak kulturaren eta gizartearen hainbat atali buruzko informazio garrantzitsua dauka, bereziki 50. eta 60. hamarkadei buruzkoa. Sasoi hartan San Martinek zubi lana egin zuen Gerra Zibilaren garaiko kulturgileen eta ondorengo belaunaldiaren artean. Orduan, euskal egile nagusien jatorrizko testuak bildu zituen, haiei buruzko antologiak osatzeko. Bilketa lan horri esker, Juan Mari Lekuona, Joxe Azurmendi, Mikel Lasa eta Xabier Leteren testuak artxibategi berean gordeta daude gaur egun. "Fondoa lagatzeko orduan gure asmoa bereziki hori izan zen: euskal kultura hobeto ezagutzeko bidea ematea", erantsi du Oier San Martinek.
Fondoa, izan ere, espezialitate anitzetako dokumentuek osatzen dute, bere sortzaileak jakintzaren esparru ugari jorratu baitzituen lanari eskainiko ibilbide luzean. "Oso aberatsa zen, jakituriaren atal asko ukitu zituen eta: etnografia, euskara, hizkuntzalaritza...Juanitoren ondarea oso garrantzitsua zen", azaldu Jose Antonio Arana-Martija Euskaltzaindiaren Azkue Biblikotekako arduradun ohiak. Biek lanordu asko eman zituzten elkarrekin erakundean bat egin zuten urteetan.
Agiri horien artean balio handiko lanak daude, biblioteka osatzen duten liburuetako batzuek Foru Aldundiaren beraren biblioteka osa baitezakete. "Antropologiari buruzko entseguak daude, XVIII. eta XIX mendeetako sermoi-liburuak. Gauza interesgarriak biltzeaz arduratu zen euskaltzale kultuaren eskua ageri da", dio Koldo Mitxelena Kulturunearen artxibategietako arduradunak, "gerra aurreko originalak berreskuratzeko sentiberatasun berezia izan zuen, baita 50. urteetako erlijio-ordenetako lehen argitalpenak ere. Hori guztia ondo ordezkatuta dago eta bat dator guk osatu nahi genuen atal batekin". Horrez gain, jada sailkatuta dauden beste bilduma batzuk ere osatu ditzake argazki-fondoak, besteak beste Xebe Peña argazkilari eibartarrak utzitakoa. Baina horiez gain bada beste hainbat gairi buruzko informazioa. "Fondo zabal eta eklektikoa da, gizon polifazetikoa baitzen", azaldu du Agotek.
Hil aurretik San Martinek berak bere altxorraren zati batzuk eman zizkien beste erakunde batzuei, Euskaltzaindiari bereziki. Agoteren iritziz, "fondoa oinordetzan uzteko asmoa zuela zirudien, material hori guztia nola bilduta dagoen ikusita". Iritzi horrekin bat dator Arana-Martija. "Juanitok bazuen beste portaera bat oso eskuzabal eta maitagarria: ondarea gizarteari uzteko gogoa".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.