_
_
_
_
Entrevista:BENITO LERTXUNDI | Kantaria | Gaiak | 40. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA

"Guk eskubideak kobratu arren, kantuak jendearenak dira"

Benito Lertxundi (Orio, 1942) izango da, zalantzarik gabe, aurtengo Durangoko Azokako protagonista nagusietakoa. Egunotan han-hemenka aurkezten ari den 40 urtez ikasten egonak diskoan, lau hamarkadako ibilbide artistikoan plazaratutako kanturik ezagunenak bildu ditu. Badaki kantu horietako asko klasiko bihurtu direla, baina horrek ez omen dio sortzen aparteko ardurarik. "Ni orainak kezkatzen nau", esan du.

Galdera. Diskoa aurkezteko biran argi ikusten ari da zure musikak kultura eta adinari dagozkion muga guztiak gainditu dituela, ezta?

Erantzuna. Neurri batean bai. Berrogei urtez euskaraz kantatzen ibili ondoren, zerbait egina izango dut seguru aski hala izan dadin.

G. Aurreneko aldiz, gainera, zuzenean grabatutako diskoa plazaratu duzu.

"Orainak kezkatzen nau; orainari erantzuteko, askotan iraganeko hariari tira egin behar diogu, eta gauza bera egiten dugu geroari erantzuteko"

E. Bai, hauxe da zuzenean grabatuta argitaratu dudan lehen diskoa. Ez Dok Amairuren garaian, Bartzelonako Palaura joan nintzen Mikel Laboa eta Lourdes Iriondorekin batera, Pi de la Serraren lehen LPa grabatu zenean. Kontzertu hartan grabatutako kanta batzuk 1969ko disko batean sartu genituen, baina geroztik ez dut zuzenean grabatutako kanta edo diskorik plazaratu. Diskografikako gizon bati zor diot lan hau grabatu izana, asko insistitu didalako.

G. Diskoaren izenburuak ere badu istorio bitxi bat.

E. Oso izenburu esanguratsua da. Alde batetik, 40 urteko ibilaldi honetan mantendu dudan izaera asekaitza islatzen du, ez bainaiz behin ere konforme egon egindako gauzekin. Ondorioz, beti sentitu dut gauza berriak ikasi eta horietan jardun beharra. Nire bizitzako konstante hau Zuberoako maskaradekin parekatu dut. Maskaradetan, buhameak deritzen pertsonaia batzuk ageri dira. Herriz herri kantatzen zuten, konpontzeko eltzerik edo pertzarik ba ote zegoen galdezka, eta ofizio horretan zuten esperientza aldarrikatu nahian, "40 urtez ikasten egonak" esaldia haizeatzen zuten.

G. Artista guztiek dute publiko ideial bat. Zein da Benito Lertxundirena?

E. Nik kanta batzuk ematen ditut, eta jende mota batek aukeratzen ditu gero kanta horiek. Jende horrengan, denetarik dagoela uste dut. Momentu honetan, hiru belaunaldi daude. Duela urte batzuk hasi ginen ikusten Iparraldeko kontzertuetan, eta Hegoaldeko kontzertuetan ere ikusi izan dugu geroztik. Emanaldietako paisaia horretan, gehienak gazteak eta adin ertainekoak dira, eta gutxixeago lehen belaunaldietakoak.

G. Eta norentzat kantatzen zuen duela 40 urte, erloju-denda hartan lan egiten zuen Benito Lertxundi gazteak?

E. Behin ere ez dakigu norentzat kantatzen dugun. Batek botatzen du onda bat, eta onda horrekin zeinek sintonizatzen duen, hori ez dago nire esku. Gustu kontua besterik ez da, eta musikatik haratago dagoen beste zerbait ere, jende askoren esanetan entzun baitut nire musikak halakoxe sentimenduak sortu edo egoera latzak arintzen laguntzen diela.

G. Ez Dok Amairu mugimenduko kide izan zinen. Horrek markatu ala mugatu egin dizu geroko ibilbidea?

E. Markatu bai. Kantuz hasi nintzenean, beste kantari mota bat nintzen. Ez Dok Amairuren proiektua mamitzen hasi ginenean, adiskide eta ezaguera berriak finkatu ahala, kontzientzia berri bat sortu zen. Une hartan, beste kantari bat sortu zen. Markatu bai, zalantzarik gabe. Mugatu? Behin ere ez dakigu bestela zer nolako mugak aurkituko genituen.

G. Bakardadea gustuko omen duzu, eta pertsonalki aberri premiarik ez duzula esan duzu inoiz. Musika al da zure benetako aberria?

E. Benetako aberria, gure izatea aberasteko ezinbestekoa den gogo aske batean biltzea da. Musikak esparru atsegin eta aberatsa du, noski, baita esparru mina ere kasu askotan. Pertsonalki, egia da batzuetan bakartia naizela, bakardadea elika-iturria izaten baita niretzat. Horrez gain, ikaragarri gustatzen zait jendearekin egotea, baina aukeratuta, derrigortu gabe. Derrigorrez egiten diren gauzak bihurriak eta gaiztoak izaten dira.

G. Zer nahiago duzu: tradizioa ala abangoardia? Iragana ala geroa?

E. Denborarekin jokatzen hasten garenean -iragana, geroa eta abar-, konortea galduta bezala gelditzen gara. Gu orainaren ondorio gara, eta iragana oroimenean zeharkatzen dugun atala besterik ez da; ilusio hutsa, alegia. Gauza bera egiten dugu geroari begira hasten garenean. Geroa ziurtatu nahi izatea beldurraren ondorioa da, beldurra oso loturik baitago iragana eta etorkizunaren joko horrekin.

G. Eta zein da zure aukera?

E. Niretzat, oso garrantzitsua da orain egoten jakitea. Orainari antzematen ikasiz gero, geroa oraina denean ere behar bezala egoten jakingo dugu. Ni, behintzat, orainak kezkatzen nau. Jakina, orainari erantzuteko, askotan iraganeko hariari tira egin behar diogu, eta gauza bera egiten dugu geroari erantzuteko.

G. Batzuek euskal musikako klasikotzat jotzen zaituzte. Konforme al zaude?

E. Zure zenbait gauza gizartean errotzen direnean, klasiko bihurtzen dira. Normalean, musikan klasiko bihurtzen direnek denboraren korronteak gainditu ohi dituzte. Horientzat, geroa beti da oraina.

G. Eta klasiko izateak ez zaitu mugatzen musika egiterakoan?

E. Munduak nola kontsideratzen nauen munduaren egitekoa da; nik ez daukat horrekin zer ikusirik. Nik nire gauzak egiten ditut, eta horren ordainez gizarteak etiketa bat edo beste jartzeak ez dit sortzen inolako konpromiso edo presiorik. Azken batean, guk egiten ditugun kantuak, munduak beretzat hartzen dituen unetik, munduarenak dira. Guk eskubideak kobratzen ditugu trukean, baina kantuak jendearenak dira.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_