Gabonetako istorioak
Euskarara bikoiztutako haurrentzako lau film proiektatuko dituzte Donostiako Warner zinema-aretoetan
Abenduan zehar eta urtarrila arte, umeentzako zine- eskaintza zabala izaten den aldi honetan, euskarazko lau film ikusi ahal izango dira Donostiako Warner zinema-aretoetan: Ikasgela Hegalaria, Mozart txakurra, Mixina eta Iratxoen erregea. Tinko Elkarteak bultzatu du ekimen hau eta haren arduraduna den Marian Galarragaren hitzetan "film bakoitzak harrera minimo bat lortzen badu, gutxienez lau asteburutan programatzeko konpromisoa dago". Horrela, Eguberrietako asteburuetan, behintzat, euskarazko bi edo hiru film agertuko dira aldi berean Ilunbeko karteldegian. Alta, erronka nagusia aretoak betetzea da, bestela, ikusle kopurura nahikoa ez bada, kendu egingo baitituzte.
Aspaldian abian jarri zen iniziatiba izaki, ezezkoa izan zuten Tinkoko arduradunek lehen erantzuna. Zailtasun haien aurrean, indarrez ekitea erabaki zuten eta lehen urratsak ematen hasi ziren. Hartara, areto komertzialetan baina ordutegi ez komertzialetan pelikulak estreinatzea lortu zuten. Pixkanaka haurrak euskarazko filmak ikustera joaten ziren heinean ohitura indartzen hasi zen. "Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza bat ematea lortu genuen euskaraz filmak bikoiztuak izan zitezen eta horrela euskarazko pelikulen eskaintza hedatzeko", azaldu du Galarragak.
"Erronka nagusia aretoak betetzea da, bestela egitarautik kenduko baitituzte"
Garai honetan haurrentzako film asko daude. Hartara, orain arte elkarte honek bikoiztu dituen zintak Antiguako edo Sadeko aretoetan ikusgai baziren ere, Eguberrietan ez zegoen non ikusterik. Horregatik, ekimenaren bultzatzaileak Warner aretoko arduradunekin jarri ziren harremanetan. Akordio honi esker, euskarara bikoiztutako lau pelikula hauek proiektatuko dituzte. "Bikoiztu ditugun pelikula hauek ez dira Disneykoak, egia da, baina horiek bezain onak behintzat badirela esateko moduan gaude eta haurrak eta gurasoak aretoetatik gustura aterako dira, dudarik gabe", ziurtatu du Tinkoko ordezkariak. Horrez gain, umeak gertura daitezen, sarrerak ikusleen eguneko prezioan salduko dituzte eta, horrez gain, prezio hori euro bat merkatzeko txartelak banatu dituzte.
Galarragaren hitzetan, "lau eta bederatzi urte arteko umeentzako filmek aretoak betetzen dituzte, izan ere, adin honetako haurrak gurasoekin joaten dira eta aita-amak euskarazko zinema aukeratzearen garrantziaz guztiz kontzientziatuak daude; askok gainera ez dute hizkuntza behar bezala menderatzen eta euren haurrek mintzaira ongi ezagutzea nahi izaten dute". Ume nagusiagoak, ordea, bakarrik joaten dira zinemara eta kasu hauetan promozio handiagoa egiten duten filmekin lehiatu behar izaten dute. "Kasu hauetan zailagoa da, modak eta promozioak sekulako eragina baitauka eta guk ez dugu horretarako gaitasunik", aitortu du.
Lau film hauez gain, bertan eta euskaraz ekoiztu den beste lan bat ere euskal aretoetan izango da Gabonetan. Olentzero eta subilaren lapurreta abenduaren 2an estreinatuko da Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Unai Iturriaga idazle eta gidoigileak eta Baleuko ekoiztetxea ordenagailu bidez hiru dimentsiotako marrazki bizidunetan jarri duen istorioa da. Olentzerok Gabonetako gutunak dagoeneko bildu dituela eta haurrak nola portatzen ari diren behatzen ari dela abiatzen da kontakizuna. Aurretik, 2002. urtean Olentzero Gabonetako ipuina filmak izan zuen arrakastak animaturik, erronka berri honi heldu diote. Izan ere, ekoizle lanetan ari den Karmelo Vivancoren hitzetan, "film xumea izan zen hura baina espero genuena baino arrakasta handiagoa izan zuen eta 30.000 ikusle inguru bildu zituen. Ondorioz, bigarren istorio honi ekitea erabaki genuen".
Horrez gain, lan horren gaztelaniazko bertsioa prestatzen ari dira: Anje, la leyenda del Pirineo. Olentzero hitza izenburutik kentzea erabaki dute, arrazoi komertzialak tarteko. "Pertsonaia ezezaguna izanik ez ginen izenburuan sartzera ausartzen; bigarren honen bikoizketarako ordea, izenburua mantenduko dugu, hots, Olentzero y el tronco mágico", azaldu du Vivancok.
Kalitatezko produktua egitea zuten xede Baleukoko arduradunek; hartara, "irudi apartak eta gidoi borobila" lortu dituztela uste du ekoizleak. 780.000 euroko aurrekontua izan du filmak orain arte bultzatu duten "proiekturik garrantzitsuena" dela uste du ekoiztetxeko arduradunek. "Dirua irabaztea zaila izango bada ere, gure gaitasuna eta kalitatea erakusteko lana dela uste dugu eta epe luzerako apustu garrantzitsua izango dela".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.