Ezjakinaren kobazuloan
Azken boladan euskararen jatorriari buruzko lanak eta iritzi-artikuluak ugaldu dira zerbaitengatik. Egunkarietan izan dira batez ere argitaratuak, irakurlego zabal batengana heltzeko asmoz. Baina gure artean gertatu ohi den bezala, azken eztabaida hauek ere berandu samar iritsi zaizkigula esango nuke. Kaukasoko hizkuntzen eta euskararen arteko ahaidetasuna aldarrikatzea -ez frogatzea, sekula ez baita horrelakorik izan- modaz pasatu zenean, hemen inoiz baino ahots gehiago bildu ziren berri onaren (eta, jakina, faltsuaren) inguruan. Hübschmann ikerlariak XIX. mendearen bukaeran egin zituen lanen aurretikakoak diratekeen asmakeriak ekartzen dizkigu noizbehinka bere burua hizkuntzalaritzat duen armeniar batek, hala nola armeniera (guztientzat hizkuntz indoeuroparra) eta euskara ahaideak direla esaten duenean.
Vennemann famatuaren hipotesi nagusiaren kasuan (azken glaziazioaren osteko Europan mintzaera orokorra euskararen aitzin forma bat izan omen zen), hamar urte gutxienez igaro dira ideia horiek nazioarteko aldizkarietan plazaratzen hasi zirenetik. Badirudi hemen ere argitalpen espezializatuek baino sona handiko aldizkariek eta batez ere mundu osora hedatu den 2003ko liburu mardulak izan dutela oihartzun gehiago.
Europa zaharreko hainbat toki eta ibai izen (bere garaian hizkuntz indoeuropar batekin lotuak izan zirenak) euskararen bitartez azaltzen saiatu da Vennemann hamar urte hauetan. Lanaren ondorioz lortutako fruituak nahikoak iruditzen zaizkio hizkuntz zahar horri Vasconic deitu ahal izateko, oraingo euskararen aitzin hipostasia bat izan balitz bezala. Horretarako erabiltzen duen metodoa, hala ere, adituentzat gardenak diren akatsez eta iruzurrez hornitua dago: euskal erroak eta egiturak komeni zaion erara berrantolatzen ditu, berezko dituzten ezaugarriei eta lege fonetikoei erreparatu gabe. Euskararen bilakaeran hain berria den artikulua (-a) Europa zaharreko hidronimian maiz agertzen den hitz bukaerako bokala azaltzeko erabiltzen du. Baten bat, jakina, beti izango da prest esateko euskal artikuluaren zahartasunaren froga bat dela Vennemannek ematen duena. Baina orduan nahitaez azaldu beharko du zergatik ez den akitanieraz (erromatarren garaiko mintzaeran) artikulu horren aztarnarik ere ageri.
Alemaniarraren azpijokoak agerian utzi zituzten, alderdi indoeuropar zein euskaldunetik, bai P.R. Kitsonek eta bai J. Lakarrak. Lan haietan ez ziren hipotesiaren xehetasunak kritikatzen, baizik eta eraikuntza guztiaren oinarriak. Ideien lehian, hala ere, frogek ez dute borondateak edo harrotasunak duten indar bera. Hor dago, hain zuzen ere, gakoa: mahai gainean batzuek ideia eta sineskeriak jartzen dituztela, eta haien aurka egiteko datuak eta zientzia ez direla askotan nahiko.
Vennemannen saioek batzuen irudimena elikatu bide dute: orain posible da latineko portus euskararen bortutik eratortzea (eta ez alderantziz). Europako izen zaharrek euskal kutsua badute, zergatik ez irauli latinaren eta euskararen arteko harremanen norabidea? Xehetasun txikiek (eta handiek) ez baitute halakoetan inolako axolarik: nori inporta zaio latinez portus eta sanskritoz píparti "zeharkatzen du" jatorri berekoak izatea? Axola beharko luke, ordea, Vennemannen ezin besarkatuzko itzala ez baita oraindik Indiaraino hedatu.
Behin abiatuta, ez dago zertan Mitxelenaren obra errespetatu beharrik. Zokora dezagun historian izan den euskalaririk handienaren ikuspegia! Ez diezaiogun mugarik jarri irudimenari! Baina hizkuntzalaritza -eta honen barnean kokatzen dira edozein hizkuntzaren jatorriari buruzko teoriak- ez da iritzi edo aurreiritzi sorta bat, baizik eta ezagupenek eta datuen ikerketek osatzen duten zientzia. Batzuen eta besteen adierazpenak ezin dira, beraz, parean jarri: hemen ez dago asanbladarako tokirik. Vennemannen euskal kumeak ikuspegi ofiziala deritzatena eta iritzi askatasuna kontrajartzen saiatu dira, ez dagoen hautabide bat proposatuz. Gauza bat da hizkuntzalaritza, eta beste bat, zeharo ezberdina, lelokeriez jositako hitzontzikeria.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.