Blogintzaren aro berria
'Sustatu.com' abiarazi zenetik, euskarak gogotik heldu dio informazio bide berri honi
Justin Hall unibertsitate-ikasleak bere bizipen eta gogoetak eskegi zituen sarean 1994an, horretarako beren-beregi sortu zuen webgunean. Honela jaio zen historiako lehen webloga, bitakora pertsonal gisa. Fenomeno honek izugarrizko bilakaera bizi izan du geroztik, eta gaur egun, 19 milioi blog daude sarean, egunero 5.000 milatik gora blog berri gehitzen direlarik.
Komunikazioaren arloan azken hamarkadetan egondako iraultzarik garrantzitsuena dela diote adituek, eta badirudi euskarak garaiz harrapatu duen lehenengoko fenomeno informatiko-mediatikoa dela blogintzarena. Azaroaren 27an, II. Blogs & Beers ekimena ospatuko da Bilboko Kafe Antzokian, (lehenengoa apirilean izan zen, Elgetan). Topaketa informal hauetan, blog berri batzuk aurkeztuko dira jendaurrean.
Euskal Herrian, Sustatu izan zen euskararekin blogosferan sartu zen lehena (sustatu.com). "Teknologia berrien eta Interneteko garaian, berebiziko garrantzia du euskararen presentzia indartzeak, baina Sustatu ez da berez euskara bultzatzeko ekimena, ekonomia gaiei buruzko zerbitzua baizik, euskaraz egindakoa", azaldu du Sustatuko Iban Arantzabalek.
Blogintzaren fenomenoa asimilatzerakoan, euskalduna arin ibili dela dio Arantzabalek. "Eroso moldatzen da euskal blogaria nabigazioan, eta blog softwarea ere maila altukoa da", ziurtatu du.
Ildo honetan, euskarazko erabiltzaileen kopuruak gora egin du nabarmen, "hilabete batzuetan erabiltzaileak bikoiztu egin baitira", Sustatuko arduradunaren esanetan.
Euskaraz sortutako lehen blog pertsonala Jabi Zabalarena izan zen, sarean.com izenekoa. "Egunkariaren itxiera bidegabearen haritik sortu nuen; erabili beharreko softwarea eskuratu ondoren, hilabete geroago Sustatun iragarri eta 2003ko otsailean nire testuak bertan idazten hasi nintzen", gogoratu du.
Eduki berrien eskutik, euskalgintzaren arloan ekarpena egitea izan zen Zabalaren helburu nagusia, eta bere bloga erreferentzia bihurtu da euskal blogosferan, bai eta duela bost urteko Domusantu egunean sortu zuen irratia.com ere.
"Zure iritziaren bozeramaile ofiziala da bloga, gauzak adierazteko gogoa asetzen dizuna, baina oreka mantendu beharra dago, eta denbora apur bat dedikatu, noski", esan du.
Iaz, eztanda izugarria bizi izan zuen blogintzak Euskal Herrian, eta jarioa etenbakoa da geroztik: goiena.com, eibar.org, aurki.com, uztarria.com, gaztelumendi.org, librezale.org, teketen.blogspot.com... Astero, blog berriren bat gehitzen zaio XXI. mendeko komunitate ireki eta aske honi.
Idazleentzat ere plaza berria izan da bloga, probak egiteko leku aproposa. Idazle batzuek ezin izan dute ebitatu plataforma berriak eskaini dien amu goxoa. Xabier Mendiguren Elizegi editore eta idazlea izan da horietako bat. Iazko uztailean, Mendigurenek Egunen harian izeneko bloga inauguratu zuen, eta momentuz beste inork ez du hartu berak aukeratu zuen erronka: urtebetez egunero idaztea.
"Batere pentsatu gabe hasi nintzen, ariketa edo jolas moduan, kulturaren eta gizartearen inguruko neure gogoetak modu informal batean botatzeko asmoz, beste batzuentzat interesgarriak izango zirelakoan", onartu du Mendigurenek.
Horrek dakartzan arrisku guztiak gora-behera, pozik dago ekimenak jaso dituen erantzunekin, eta laster, liburu bihurtuta karrikaratuko ditu. "Oso mugimendu interesgarria da blogarena, baina oraindik ez dakigu nora joko duen", esan du.
Joxe Aranzabalen idatziek ere blogetik liburu formatora egin zuten jauzia duela hilabete batzuk. Molde horretako euskarazko lehen liburua izan zen Aranzabalen Medikuak esan dit minbizia dudala izenburukoa. "Nire bloga egin aurretik, hiru urtez ia, Sustatun idatzi nuen", azaldu du Aranzabalek. "Gero, 2004an, neure blog propioan idaztea erabaki nuen, nire penak eta pozak plazaratu eta elkarrizketa bat sortzeko irakurleekin", gaineratu du.
Julen Gabiriak ez du blogean idatzitakoarekin libururik ondu, baina galdakoztar idazleak ondo daki zer den blogosferan zehar nabigatzea, aspalditik baitu berea propioa. "Zeure buruari galdetzen diozu sarri zertarako, zergatik, norentzat ari zaren, zentzurik ba ote daukan egiten ari zarenak, nor duzun pantailaren atzean", adierazi du gogoeta moduan.
Nolanahi ere, Gabiriak estimu handian dauka blogak "idazketaren eta literaturaren gaineko ikuspuntutik haratago" eskaintzen duen ikusmolde berria. "Blogik ez daukatenek errazegi kritikatzen gaituzte batzuetan, gehienetan zaborra argitaratzen dela argudiatuz, eta beharbada egia da, baina bloga beste medio bat baino ez da, eta ondo erabiliz gero, sekulako emaitzak eskaintzen ditu", ziurtatu du.
Gabiriak uste du tresna eraginkorra dela bloga, batez ere kazetaritzan: "Argi ari da ikusten blogek indar berria emango diotela kazetaritzari, kazetariak berak unean uneko informazioa editatzeko aukera duelako eta jendearen partehartzea ere garrantzitsua izan daitekeelako".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.