_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Itsasoaren memoria galdua

XV. mendean hondoratu zen Urbieta arrantza-ontziari jatorrizko itxura itzuli diote Pasaiako ontziola batean

Barku zaharren erreskate lanak ez dira sarritan egiten diren proiektuak, askotan diru falta izaten dela arazo nagusia. Danimarka da, ordea, arlo honetan Europako herrialde aurreratuenetakoa. Hori dela eta, egitasmoaren arduradunek hainbat aldiz bisitatu zuten herrialde horretan berreskuratutako drakar batzuen aztarnak gordetzen dituen Roskildeko Museo Bikingoan. Izan ere, herri horrek erabilitako ontzi ugari aurkitu dituzte sarri Danimarkako fiordoetan. Hala ere, daniarrek ontziak desegin zituzten uretatik ateratzeko eta barkua osorik ez zen orain arte inoiz atera. "Sistema zeharo berritzailea da eta bazuen bere arriskua. Hala ere, pena merezi izan du", dio Manu Izagirrek.

Urbieta ontziaz gain, Orion urperatuta zeuden beste bost ontzi topatu eta erreskatatu zituen aditu honek 90eko hamarkadan. Hauek Bizkaitik minerala ekartzeko erabiltzen ziren. Barku hauek, ordea, desmuntatu eta atalez atal atera zituzten.

Zorionez, barkuaren pieza guztiak iltze sendoekin maisuki lotuak eta oso ongi kontserbatuak zeuden

Egun, igerileku batean daude pieza guztiak eta, ikertzailearen hitzetan, "ez dago oso argi zer egingo dugun, dirua faltan baikaude proiektuarekin aurrera egiteko". Horrez gain, Orioko uretan beste barku bat hondoratua badela uste du ikerketaren arduradunak. "Puskak besterik ez ditugu aurkitu; barkua, berriz, ez dakigu non dagoen".

XV. mendean Urbieta ontziak alderik alde zeharkatzen zuen Bizkaiko itsasoa. Zergatik eta noiz hondoratu zen ez dago batere argi, baina 1998. urtean Gernikako ibaiaren ubidean topatu zutenean, ez zuten zalantzarik izan duela sei mendeko altxor hura salbatu eta zaharberritu behar zela. Zeregin horretan eman dituzte azken urteak hainbat arkeologo eta adituk; eta zazpi urte beranduago, erabat berritua dago, Bilboko Itsasadarra Itsas Museora eramateko prest.

Euskal Herriko historia arrantzarekin zuzenki lotua egon arren, iraganean kostaldeko herrietan zuten bizimoduari buruz datu gutxi daude. Hala ere, euskaldunak arrantzale trebeak zirela eta barkuen eraikitze-teknika arrakastatsuak zituztela ezaguna da. Egun, ordea, ez dago garai haietako adierazgarri izan daitekeen aztarna handirik. Horregatik, Urbietaren hondakinak kasualitatez topatu zituztenean, berehala altxor bat aurkitu zutela ohartu ziren. Ibaia bideratzeko lanetan ari zirela, hondeatzeko makina batek ontzia erdibitu zuen. Zorionez, arkeologo batzuen laguntza izan zuten eta ontziaren erreskatearen garrantziaz jabetu ziren. Lohiak zeharo estalia zuen eta indusketa egiteko bi hilabete behar izan zituzten.

XV. mendeko ontziaren erreskatea berez aipagarria bada ere, proiektu honek bazuen gainera balio erantsi bat. Manu Izagirre Urbieta ontziari buruzko ikerketaren zuzendariaren arabera, "horrelako erreskate lanetan arrunt normala da itsasontzia zati txikietan desarmatzea eta uretatik atera ostean berriz ere muntatzea. Urbietak ordea, bazuen ezaugarri berezi bat, izan ere, egur pieza guztiak maisuki lotuak zeuden iltze sendoekin eta horrez gain, oso ongi kontserbatuak zeuden". Hori dela eta, "ezinezkoa" izan zen iltze horiek haustea eta hamar metroko luzera zuen barkua erreskatatzeko sistema berri bat erabili behar izan zuten.

Irtenbide bakarra ontzia osoa, desegin gabe, ateratzea zen. "Horrelakorik, ordea, ez zen inoiz Europa osoan egin. Beraz, ezerezetik hasi behar izan genuen eta Bizkaian den garabi handienetako bat erabili genuen ontzia uretatik ateratzeko", azaldu du adituak. Azkenik, "lokatz eta guzti" lehorreratu zuten "bi zatitan hautsia zegoen barkua". Uretatik atera eta lokatz guztia kendu ostean, igerileku batean sartu zuten, egurra guztiz hondatua baitzegoen. Izan ere, Izagirrek dioenez, "egurra belaki bat bezalakoa da eta zurak bere zurruntasuna berreskuratu behar zuen". Horretarakopolietileno glikolez (ezkoaren antzeko sustantzia) betea zegoen igerilekuan sartu zuten eta bertan bi urte eman zituen, zuraren poro guztiak likido horrekin bete arte. Hiru hilabete geroago, Pasaiako (Gipuzkoa) ontziolara eraman zuten, lanaren bigarren fasea hasteko.

Egurraren kontserbazio tratamenduaren ostean, itsasoarekin lotutako kultur ondarearen alde diharduen Albaola Elkarteko adituen esku geratu zen ontzia. Honen helburua: aztarnek jatorrizko forma itzultzea. "Niri zegokidana itsasontziaren morfologia errespetatzea zen, mendeetan zehar, ibaiaren hondoan, lokatzetan egon zen eta bere forma galdu zuen; zapalduta bezala zegoen. Urbietak liburu ireki baten itxura zuen eta jatorrizko kurbak berreskuratu behar zituen", azaldu du elkarteko kide Xabier Agotek. Egur pieza bakoitza aztertu ondoren, itsasontziaren jatorrizko forma zein izan zitekeen argitu zuten; informazio horrekin plano bat egin ahal izan zuten. Hartara, pixkanaka barkuak orain 500 urte inguru zituen itxura berreskuratu zuen, pazientzia handiarekin, Pasai Donibaneko ontziolan.

Lana bukatutakoan, proiektuak izan duen garrantzia nabarmentzen dute Abaolako arduradunek, horrelako lanak "oso gutxitan" egiten baitira. Ontzia igerilekuan sartu baino lehen, izugarrizko ikerketa lana egin zen Eric Rieth arkeologo frantsesaren zuzendaritzapean. "Pieza guztien planoak marraztu eta ikerketa lan zehatz baten ostean, ontziaren jatorrizko tankera zein zen jakin ahal izan zuten", azaldu du Agotek.

Azkenik, egurra pazientzia eta goxotasun handiz tratatuz, ontzi zaharrak gazte sasoiko itxura berreskuratu du.

Suscríbete para seguir leyendo

Lee sin límites
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_