Artisten espazio intimoak, agerian
Beren etxeak museo bihurtu dituzte Gorriti, Santxotena eta Lertxundi eskultoreek
Museo gehienak diru publikoarekin eraikitzen dira. Edo diru publikoa eta pribatua batuz. Baina badira bestelako kasu apartekoak ere: egileak berak bultzatutako proiektu pertsonalak. Horiek guztiek artistaren beraren zigilua dute, eta ikusleak, bisitariak, asko eskertzen du hurbiltasun hori. Denak ez dira jite berdinekoak, baina egilearen espazio intimoetara hurbiltzeko zubiak dira eta artistak bere emozioak aurrez aurre transmititzeko erabil dezake espazio intimo hori.
Kasu anitz dago gure artean. Badira etxe-museoak dituzten idazleak (esaterako barojatarrek Beran duten etxetzar ederra, Itzea izenekoa); beraien etxea galeria bihurtu dutenak (Epelde & Mardaras galeristen kasua, Bilbo Zaharrean sortu baitute espazio berritzailea); naturako leku bat museo bihurtu dutenak, ia nahi barik (Omako oihana kasu, bertan lan egiten baitzuen Agustin Ibarrolak sasoi batean, eta gaur egun paisaia-museo edo bilakatu dena); edo, beste barik, badira beraien etxe edo tailerra museo bezala berbataiatu dutenak. Eskultore batzuen kasua da azken hau, Juan Gorritik, Xabier Santxotenak eta Mikel Anjel Lertxundik aukera hori eskaintzen baitute beraien etxeetan edo tailerretan.
Erakustoki gisa atondutako etxeak artisten beraien eztabaidagune eta topaleku bihurtzen dira
Chillidaren museo-etxearen aukera ere hor dago, eta ez da makala, baina ezaguna da erabat. Altzuzakoa bestelako kontua da, diru publikoarekin egindako eraikina baita; hori bai, Oteizaren unibertsora hurbiltzeko derrigorrezko bidea. Gorriti, Lertxundi eta Santxotenaren proiektuak bestelakoak dira, ordea. Artistek beraiek bultzatu eta finantzatutako etxe-museoak dira; eta ez dira oso ezagunak publiko zabalarentzat.
Gorritik eta Santxotenak aspalditik dute txokoa egina, eta Lertxundi izan da taldera biltzen azkena. Eskultore honek erdi amaituta dauka bere lanetarako habia, tailerraren ondoan eraiki duena. Bere hitzetan, "etxe-museoa baino gehiago artistaren etxe-tailerrean kokatutako erakustoki dinamiko-didaktikoa izango da". "Hona datorrenak obrak ikusiaz gain artistaren tailer-estudioa eta bizi ingurua ikusi ahalko du eta berarengandik zuzenean jaso azalpenak. Ikuste hutsa baino esperientzia aberasgarriagoa izan daiteke", erantsi du. Menditxo izeneko parajean dago etxea, eta eskultoreak dioenez, "hainbeste urtetan egindako obra pila erakusteko leku faltan" zegoelako sortu du eta, bide batez, "bisitariak hobeto hartzeko".
Santxotenak Arizkunen egin zuen etxe-museoa, 32.000 metro koadrotan barrena hedatzen den etxe sorta, eta Gorritik, ordea, Arriben. Nafarroan dira biak, beraz. Juan Gorritik erakusketak egiten ditu etxean eta eztabaidagune ezaguna ere izaten da tarteka eskultorearen etxebizitza. Aralarko magalean Zumeta, Carmelo Ortiz de Elgea eta beste artista batzuk ere batu dira. "Artea batez ere emozioa, komunikazioa da" errepikatzen du behin eta berriz. Eta bere etxea da teoria horren adibide garbia, edonorentzat irekiak baitaude bertako ateak.
Hantxe pilatzen dira egurraren bidez azken 30 urteotan egin dituen lan asko, eta bisitaria bete-betean sartzen da eskultorearen bizitzan, artistaren zereginean. Esperientzia beroa da, lagunartekoa ia-ia. Lertxundiren etxean beste horrenbeste gerta dakioke bisitariari. "Uste dut nire artegintzarekin ikuslearengan eragin nahi dudan naturarenganako hurbilketa ahalbidetzeko eszenatoki egokia izan daitekeela etxe-museoa", dio egileak.
Xabier Santxotenaren parke-museoak (etxe soila baino askozaz gehiago delako) ere antzerako funtzioa betetzen du. Dozena erdi bordatan erakusten du eskultoreak orain arte eginikoa. "Sentsazioen mundu bat biltzen da bertan", egileak inoiz adierazi duen moduan, eta bisitaria sentsazio horien jabe egiten da berehala, leku magikoa osatu baitu artistak Arizkungo Bozate auzunean. Aurkeztu zuenean "naturaz gozatuz gure sustraiak ezagutzeko bidea" dela esan zuen, eta egitasmo horrekin sortutako lekuak ehunka bisitari hartzen ditu urtero.
Lertxundirena ez da oraindik neurri horretara heldu, Berriatuan (Bizkaia) duen etxea amaitzear baitago, baina etorkizunerako asmorik ez zaio falta egileari: "Erakustokiak 350 metro koadro izango ditu. Bertan garaika eta serieka erakutsiko ditut obrak: eskulturak, marrazkiak, argazkiak, bideoak... Izan ere, nahiz eta eskulturan aritu gehienbat, beti egin izan ditut marrazkiak eta, azken urteetan, materialez gain elementuekin (ura, sua eta airea) ari naizenetik argazki eta bideo lanak ere egin ditut. Bestalde, kanpoan jarriko ditut eskultura batzuk". "Leku bisitagarria izango da -azpimarratzen du etxearen jabeak-, berezia, bisitariak artistarekin izan ahalko duen zuzeneko harremanagatik. Artistaren ibilbidea eta filosofia hurbiletik ezagutzeko aukera izango du, antolatutako ikastaroa bezainbesteko ikaskizuna".
Naturaren eta orekaren bidea
Amaitzear dagoen etxe-museoan Mikel Anjel Lertxundik bizitza osoan zehar eginiko lanak ikusteko aukera izango da. Eskultorearen obra guztia hausnarketa sakonen ondorioa da, aspalditik garatu izan duen pentsamolde propioa eta irekia. "Egiten dudana desberdina eta pertsonala badela uste dut. Ezin dezaket esan ona edo txarra den, baina egiatan barrutik sentitzen dudana kanporatzen dudala bai, urteetako saio eta ikerketak medio landutako lengoaiaren bidez". Formek eta bolumenek bezainbeste erakartzen zuten materialek, eta naturako material oinarrizkoak ikertzen hasi zen aspaldian. "Materialak bakarka lantzen nituenean bere horretan bazirela zerbait sentitzen nuen, baina ez ninduten asebetetzen eta materialaren barrunbeetan eta naturaren zabalean bilatzen jarraitu nuen". Egileak dioenez, "naturak berak" jarri zizkion eskuan hiru materialak eta "haiek elkartzeko ideia". Horrek materialen ezagutza sakona eskatzen zuen, eta baita "haien esanetara aritzea" ere. Hiru materialen izaera ezberdinak, bakoitzaren egituren eta kontrasteen bila abiatu zen, benetako elkarketa lortzeko. "Ariketa horrek eman zidan orekaren benetako dimentsioa eta balioa. Horrela jakin izan nuen batasunerako giltza oreka zela", ondorioztatu du. Geroztik orekak gidatu du artegile honen lana. "Harria, egurra eta burdina, hiruak behar ditut esan nahi dudana esateko, eta horiekin batera ura, haizea eta sua".
Gaur egun nahiko aurreratuta daukan saiakera bukatu nahi du. "Bertan, nire eskultore bidaia partikularrean aurkitu, ikertu eta hausnartu dudana agertuko dut".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.