Egia eta gezurra
Nik ere ezagutu nuen Enric Marco, Mauthausen Elkarteko buru izana. Hitzaldi batean izan zen. Sufrimenduaz hitz egin zuen, berak eta bera bezalako askok jasandakoaz. Hunkigarria iruditu zitzaidan gizon txiki baina arin horrek, begitarte arraiadun eta esanguratsuko horrek kontatutako guztia. Oso adierazkorra zen haren esateko modua, haren imintzioak kontzentrazio-zelaia deskribatzean, haren ahots aldaketa pozetik minera pasatzean. Harrapatu egin nuen, eta aurre egin behar izan nion, indar handiz, negar egiteko gogoari. "Egia da -esan nuen neure artean-, baina merezi luke fikziozkoa izatea."
Zer da egia eta zer da gezurra?, galdetzen diot orain neure buruari, dakidalarik Enric Marco ez zela sekula Mauthausenen izan. Egia da ez zela Mauthausenen izan, baina egia ere bada Mauthausen izan zela. Argazkiak daude, harrizko eskailera pikua erakusten dute, barrakak eta gas-ganbara. Jende askok galdu zuen bizia han. Lehendik, hara iritsi aurretik, Espainiako errepublikanoek gerra galdua zuten. Gerra, baina ez duintasuna. Enric Marco ez zen sekula preso izan Mauthausenen, baina han izana zen. Denok izan gara Mauthausenen eta Auschwitzen eta Treblinkan...Toki horietan geratu dira gure zapatak pilaturik, gure ileak bildurik, gure azala haragitik kendurik, gure errautsak; gu ere hangoxeak baikara.
Vassili Grossman lehendabizikoetakoa izan zen Treblinkan sartzen. Ikusitakoa deskribatu zuen Gerra Urteak liburuan. Irakurri nuenean, fikzioa iruditu zitzaidan:
"Pinu horiek, hondar hori, enbor zahar hori, milioika giza begiek begiratu dituzte, kaitik poliki-poliki bagoiak hurbildu eta gero... Zelaian sartu gara, Treblinkako lurra zapaltzen dugu. Otso-belarraren lekak lehertu egiten dira astindu txikienaz, hots arina sortuz... Erortzen diren aleen hotsa eta irekitzen diren leken ezkila-dantza, doinu hits eta lasai batean nahasten dira. Badirudi lurraren zurrunbiloetatik hil-ezkilen soinua igotzen dela. Baina nekez entzuten da, triste, jabal, bakezko... Hona hemen hildakoen alkandora erdi ustelduak, zapatak, erloju-orratzak, ganibetak, argi-mutilak, ume-oinetakoak borla gorriarekin, azpiko arropa enkajeduna, mahai-zapiak brodatu ukraniardunak, potoak, bidoiak, plastikozko ume-kikarak, haur gutunak klarionaz idatziak, poemaz betetako orri txikiak..."
Literatura iruditu zitzaidan lehen irakurketa egin ondoren; literatura ederra, literatura dotorea, literatura sinesgarria. Banekien, izan ere, Treblinka izan zela eta Vassili Grossmanek ikusitakoa deskribatu zuela. Baina bata da bizitzea eta ikustea; eta kontatzea bestea.
Desberdintasun hori da aztertu beharrekoa, Enric Marco epaitu baino lehen. Hark kontatu egin zuen, ez ikusitakoa ez bizitakoa, beste batzuek bizi eta ikusitakoa baizik. Berak jarri zituen hitzak eta ahotsa, lekukoen isiltasuna zegoen tokian. Eta horretarako, narratzaileaz gainera, pertsonaia behar zuen izan: lekuko alegia. Lehen pertsonari dagokion kontaketak indar handiagoa baitu, egiaren eta fikzioaren arteko mugak deuseztatu edo lausotu balira bezala. Baina hori konbentzioa baino ez da: ohitura besterik ez. Beraz, Enric Marcori ez zitzaion aski narratzaile eta pertsonaia izatea. Lehen pertsona erabiltzen duen fikzioak ez horregatik uzten dio fikzio izateari.
Enric Marcok, azkenik, fikziozkoa egin zuen bere bizia, literatur mailakoa.
Gutxienekoa zait ea berak sinesten ote zuen berak sortutako fikzioan ala ez. Galdetu beharko genuke ea berak kontatutakoa sinestekoa ote zen ala ez. Eta baiezkoan nago, oso zela sinesgarria. Esan daiteke eta esango dute berak egindakoa iruzurra dela, argudiatuz egiaren izenean gezurra ekarri duela. Eta hala izango litzateke errealitatearen lurraldean jarri beharko bagenu epaitzeko aulkia. Ez egia eta gezurra bereizten errazak direlako; baizik eta errealitateak bere legeak dituelako. Baina fikzioaren lurraldean ez da halakorik behar. Beste arau batzuk baitaude indarrean eta beste epaile batzuk epaitegian. Asmakizuna da egia bihurtzen dena. Hori bai, historia honetan txarrena bukaera iruditu zait. Fikzioaren aldetik pobrea eta etsigarria; egiaren aldetik ere bai.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.