"Itzultzaileak berezko sena behar du lana ongi egiteko"
Iragan den otsailetik EIZIEko (Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) lehendakaria da Joseba Ossa (Zumaia, 1964). Duela 20 urte, Europan zehar eginiko bidaian, katalana, frantsesa eta finlandiera ikasi zituen; eta orain zazpi urte, itzulpen enpresa sortu zuen. Itzultzaileen duintasuna aldarrikatu nahi du, askok uste duten ez bezala, arlo horretan lan egiteko ez baita nahikoa "hizkuntzak jakitea". Horrez gain, "eskarmentua" eta "berezko sena" behar direla deritzo.
Galdera. Zer aurkitu duzu eta zer egitasmo duzue elkartean?
Erantzuna. Lehenengo eta behin nire izendapenak uste nuena baino oihartzun handiagoa izan du komunikabideetan eta hau positiboa dela uste dut, itzulpengintza alor apala baita egungo gizartean. Bestetik, bultzatu nahi dugun elkarlanean emandako lehen urratsen balorazio oso baikorra egiten dugu. Kargua hartu nuenean, itzulpengintzarekin zerikusia duten subjektuekin elkarlana bultzatzea nuen xede nagusi eta ekarpen hori egin nahi diot elkarteari, hots, Euskal Herrian elkarlana bultzatzea eta baita Euskal Herritik kanpo ere. Alor horretan, oso balorazio positiboa egiten dut.
"Euskarazko itzultzaileoi dagokigunez, euskara bera normalizatu gabe dagoela da traba nagusia, horrek hainbat zailtasun jartzen baitizkigu"
G. Zertan gauzatzen ari dira abian diren kolaborazio proiektu horiek?
E. Euskal Herrian idazle eta editore elkarteekin lehen kontaktuak izan ditugu. Horrez gain, Euskaltzaindiarekin hitzarmen baterako lehen urratsak eman ditugu dagoeneko; alde batetik, elkarren berri hobeto jakiteko helburuarekin eta, bestetik, Euskaltzaindiak argitaratzen zituen arauen inguruan iritzi kritikoa eta konstruktiboa jasotzeko interesa duela jakinarazi digu; eta gu zeregin horretan parte hartzeko prest gaude.
G. Epe laburrean erronka garrantzitsurik ba du eskuartean EIZIEk?
E. Azken urteotan, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Literatura Unibertsala izeneko bildumaren itzulpena kudeatu du elkarteak. Abian den egitasmoa da. Dagoeneko 125 liburu inguru kaleratu dira eta 150 argitalpenetaraino iritsi nahi dugu. Horrez gain, Europako LAF (Literature Across Frontiers) izeneko elkartearekin ere loturak estutzen ari gara. Europako hizkuntza txikietako editoreak eta idazleak harremanetan jartzea eta horien arteko itzulpengintza bultzatzea du xede nagusi elkarteak.
G. Noiz eta nola hasi zinen itzultzaile lanetan?
E. Ikasketak amaitu nituenean, duela 20 urte inguru, bizikleta hartu eta urtebeteko bidaia egin nuen Europan zehar. Finlandiaraino iritsi nintzen eta bidean hainbat hizkuntza ikasi nituen; Katalunian katalana, ostean, frantsesa, eta azkenik, Finlandian, finlandiera. Bestalde, eskolan ikasitako ingelesa ere hobetu nuen. Hizkuntza hauek guztiak modu naturalean eta bidaiatuz ikasi nituen eta Euskal Herrira itzuli nintzenean ez nekien oso ongi zer egin. Hala, itzulpengintza alorrean froga bat egin nuen, oso ongi joan zen, hasieran autonomo modura eta azkenean Bakun enpresa sortu nuen duela zazpi urte.
G. Hizkuntza hori murgilketa sistemaren bidez ikasi zenituen. Zertan datza?
E. Akademietan urteak eman beharrean, ahal balitz, hizkuntza hori hitz egiten den tokian egonaldi luzea egitea da nire ustez hizkuntzak ikasteko biderik zuzen eta errazena. Nik katalana, frantsesa eta finlandiera ikasi ditut eta eskolan zazpi urtez ikasitako ingelesa ere hobetu dut sistema honen bidez. Katalana hiru hilabetetan ikasi nuen, frantsesa ere beste lautan eta finlandiera pixka bat gehiago kostatu zitzaidan, oso mintzaira ezberdina baita.
G. Zein da ikastea gehien kostatu zitzaizun hizkuntza?
E. Zalantzarik gabe, finlandiera iruditu zait zailena, beste mintzairekin konparatuz oso ezberdina baita. Dakizkidan beste hizkuntza guztiek latinetik asko dute eta beraien artean antz handia dute. Finlandiera, aldiz, guztiz ezberdina da.
G. Euskal Herrira itzultzean arazorik izan al zenuen ama hizkuntza erabiltzeko orduan?
E. Egian esan, gehienbat finlandierarekin oraindik ere arazo txiki batzuk izaten ditut. Kontzeptu konkretu batzuk definitzeko, finlandierak dituen hitzak euskaraz edo gazteleraz topatu nahian hasten naiz eta bat-batean zerbait falta dela konturatzen naiz, existitzen ez direla.
G. Zeintzuk dira egun zure aburuz itzultzaileek dituzten arazo nagusiak?
E. Euskarazko itzultzaileoi dagokigunez, euskara bera normalizatu gabe dagoela da traba nagusia eta honek hainbat zailtasun jartzen dizkigu bidean. Oro har, itzultzaileon arazo nagusia lan egoera ez egonkorra izan daiteke, batez ere, literatura alorrean. Lan baldintzak eskasak dira eta egun batean lana dugu, baina ez dakigu etorkizunean zer gertatuko den. Horrez gain, gizartearen gehiengoak uste du itzulpen bat egiteko hizkuntzak jakitea nahikoa dela eta hori ez da horrela.
G. Zeintzuk dira itzultzaileek behar dituzten ezaugarriak?
E. Hizkuntzak menderatzeaz gain, berezko sena behar du, musikariak bezala. Bada jende oso argia, prestakuntza maila izugarria duena, baina itzulpenak egiteko gaitasunik ez duena. Bestalde, eskarmentua ere lagungarria da, urteen poderioz jasotzen den eskarmentua.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.