Bakartien jokoak
Bakardadea izugarria da, itxura denez; gizarteak behintzat ez du begi onez ikusten bakarrik bizi den jendea. Eta hala ere, gizarteak hala nahi ez badu ere, gero eta jende gehiago bizi da bakarrik. Batzuek ez dute bakarrik bizi nahi; eta besteek ez dute inorekin bizi nahi. Bakardadea hodei bat da alde guztietara zabaltzen dena, bere belztura gainetik jarriz; bakardadea, urezko sugea da, lurrean nekez ibiltzen dena; bakardadea musika isila da, azkenik eztanda egiten duena, trumoi bat balitz bezala, oinaztuak jaurtiz; bakardadea orbaina da, gauero irekitzen dena, zornatu arte; bakardadea, denboraren semea da, sugarrek gorritua, eta gero txingarrek belztua; bakardadea, maskorra da, hondarretan galtzen dena, eta inork hartzerik ez hura bilatzeko gogorik.
Emakume asko ibiltzen da hiriko parkeetan. Batzuk oso goiz, eguna zabaldu orduko, pauso motelez, pauso nekatuz, ageri dira; arnasa hartzen dute; animaliak beren senari jarraiki, belar gainean galtzen dira. Eseri egiten dira gero emakumeak, banku batean edo petrilean, eta pentsatzen hasten dira. Zertan pentsatzen dute bakarrik bizi diren emakumeek? Askotan etortzen zait gogoa, hareazko gizon bihurturik, mamu bilakaturik, haien pentsamenduetan sartu eta mataza horretan galtzeko, noragabe, presarik gabe, aurpegi bakoitzean geldituz eta haiek diotena entzunez gogoeta egiteko: "Hau nire senarra da; ihes egin zuen askoz gazteago zen emakume batekin. Nahi nuke zorigabe izan dadin, baina ez nuke nahi sekula niregana etortzeko bidea har dezan. Hilko nuke, bestela". Edo "hau nire senargai ohia da, hiru urte igaro genituen; hiru urte, baina ez ginen behin ere zoriontsu izan, ezta haren eskuek nireak hartzen zituztenean, ezta haren gorputzak nirea ibiltzen zuenean, ezta haren arnasa nirearekin batzen zenean ere. Dabilela dabilen tokian". Edo "oraindik maite haut, gizona, ezin haut ahantzi. Zergatik min hau, erraiak erretzen eta burua izozten didana? Hilko nauk, etortzen ez bahaiz."
Bakardadearen mina, minik ikusezinena da: minik sendaezinena, minik adierazezinena. Bakardadearen minak emakume itxura baitu, eta aurpegi bat, izotz mendia dirudiena, gorria gau partean. Bakardadearen mina sukarra da iluntzean: ingurukoa erre nahi du bere besarkadaz, bere begiradaz, bere horzkadaz...
Bakardadea neguko arrosa da, lorategi beltz eta ilun batean. Bakardadea etxe itxia da, leihoak estaliak, elurraren eta euriaren babes. Bakardadeak ez baitu aterik irekitzen, ez kanpokorik ez barnekorik. Bakardadea erregarria da, memoria bera ere uzten du kez beterik, gori-gori.
Duela gutxi ikusi nuen parkean emakume bat bere zakurrarekin dantzan ari zena. Une batez pentsatu nuen eroa zela, baina zenbat eta begiratuago berari, orduan eta ohartuago erotik ez zuela ezer, alderantziz, dantza konpasatua zen eta erritmikoa, baltseo xumea. Orduan, iritziz beste eginez, emakume zoriontsua izan zitekeela otu zitzaidan. Ez zen beste irtenbiderik, nahiz dakidan askotan zoriontsu izateko eromenak jota egon behar dela, poetak eta haurrak bezala, edo bestela, inspiratuta. Hurbildu nintzaion; dantza hautsi nuen nire azalpenarekin. Zakurra, ehiza-zakur polit eta arina, ihesi joan zen eta berehala galdu. "Zergatik dantza egiten ote zuen animaliekin?", ausartu nintzaion galdetzera. Erantzun sinplea izan zen, bakarrik bizi zelako, zakurrarekin izan ezik. Eta gero, ni ere bakarrik paseatzen ari nintzelarik, gogoeta eginez, dantzariak uste daitekeen baino arrazoi gehiago zuela etorri zitzaidan burura. Dantzak bakardadea uxatzen baitu, eta dantza egiten duena ez baitago sekula bakarrik.
Beste batzuk mozorrotu egiten dira ez direnaz, eta uste dute horrela bakardadeari muzin egingo diotela. Izaera bikoitza hartzen dute, pentsatuz bakardadeak bietako bakarra harrapatuko duela, eta bestea aske, libre geratuko dela; libre dantzatzeko; libre, haizea aurpegian sentitzeko; libre, edozein unetan edozein tokitan gelditu eta horretaz gozatzeko; libre, iraganeko historiak ahantzi eta beste berriei ekiteko; libre, iturriko ura bezain libre izateko; libre, amodioa bezain libre izateko; libre, zeruko txoriak bezala hegaldatzeko, muga guztiez harantzago, bandera guztiez harantzago, ekialdetik mendebaldera eta mendebaldetik ekialdera; libre, denborari aurre egiteko, ezerezari aurre egiteko; ezpainak pintatu eta kalera ateratzeko, izaeraz berri.
Bakardadea, askotan, sentimenduen kartzela baita. Eta ez dago kartzela okerragorik norberak onartzen duena baino.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.