Adio, Lenin!
Berlingo harresia erortzen ikusi ez duenarentzat, berehala etorri ziren aldaketak ulertezinak izan daitezke, edo bihotzekoak eragiteko modukoak. Wolfgang Beckerek zuzendutako filmaren amari gertatzen zaiona, horixe da hain zuzen, ezbeharrak koman uzten du emakumea 1989ko iraultza gauzatu aurretik. Sozialismo errealean hezitako ama idealistak ez ditu biziko aldaketen lehenbiziko emaitzak, eta hurrengoak, bere betiko loa zirudiena ezustean ezabatzen den unetik aurrera, bere semeak ezkutatuko dizkio. Horregatik, Berlingo harresiaren egoera berriari buruz ezer ez dakienarentzat, helikoptero batek airean daraman Leninen brontzezko figura amets surrealista izan daiteke, edo, are gehiago, amesgaiztoa.
Semearen obsesioak, ez baitu nahi bere amak benetan gertatzen ari dena ikusi ondoren beste bihotzeko bat izan dezan, irribarrea pizten ahal du hasieran. Gizartean aldaketak arinegi ematen ari diren bitartean, iraganeko egoera mantentzea, azaletik bada ere, ezinezko lana delako, agian, dena ezingo duelako semeak beti ezkutatu. Neurri batean, horregatik da aparta semearen bigarren asmakizuna: errealitatea, zentzu bikoitza duen liburua balitz bezala, alderantziz irakurtzea.
Amak coca-cola edariaren iragarkia ikusten badu, Ekialdeko Alemanian asmatu bide delako izango da. Era berean, telebistan Berlingo harresi zulatua gurutzatzen duten gizakien irudiek mendebaldetik ekialdera bizitzera joan nahi dutenen nahia erakusten omen dute. Berriro ere irribarrea ikuslearengan, baina gero eta hunkituagoa, gero eta gazi-gozoagoa.
Istorioaren akaburantz, amak egia zein den badakienean, semeak, adiskideak lagunduta, bere ahalegin guztien obra nagusia eskainiko du: Ekialdeko Alemanian gertatu diren aldaketen berrirakurketa politikoa, askatasunik gabeko sistema batetik kapitalismorako bidean eman ahal zitezkeen (baina eman ez ziren) pausoen kontakizun asmatu bezain erreala, zentzuren batean (historian gauzatu ez diren aukerei buruz Lotmanek zioen, moztutako zango bat gorputzari itsatsita dirauena bezain erreala dela).
Eta orduan, lehen ere garbi ez bazegoen, konturatzen gara gertakariak modu irensgarri batean kontatzeko egin den horrenbesteko esfortzua semeak berak, amak bezainbat edo gehiago, behar zuela. Telebista eta auto berrietan soilik oinarritzen den gizartea ez baita semeak, komunismoaren aurka borrokatzean, bilatzen zuena. Eta hori argi ikusten du, bere ezjakintasunaren lainoa urratuz eta bere semeaz harro, itxura batean behintzat beste edozertaz (susmoak izan arren) ohartu ez den amak. Ama, iraganeko sistemaren zati bat bezala, ezin da aldaketen prozesura egokitu. Bere bizitza, existitzen ez den aberria bezala, amaitu egin da. Baina gelditzen direnentzat Wolgang Beckeren narrazioa utopiaren ukitu esanguratsu batekin ageri da.
Egia bada, Pazek zioen moduan, hogeigarren mendea kontzentrazio zelaietan amaitu diren utopia totalitarioez josita egon dela, egia da halaber, desengainuaren gainetik edo azpitik, berdintasunaren eta gizarte justiziaren utopia demokratikoek bizirik dirautela, edo bizirik iraun beharko luketela, gizatasuna mantendu nahi baldin bada gizartearen barneko harremanetan.
Helburu horiek, gainera, batzuek diotenaren kontra, ez dira utopia etimologiko batean kokatzen (hau da, Quevedok gogoratzen zuen legez, "ez dago halako tokirik" esanahian), baizik eta litekeenaren eta bertan behera utzi ezin denaren esparruan. Berlingo harresia erori ondoren, eta hasieran uler daitekeen erreakzio baten ondorioz, ez ziren gutxi izan solidaritatearen eta berdintasunaren helburuez barre eta burla egin zutenak. Baina benetako desengainuak, gezurra badirudi ere, ez lituzke mota horretako erantzunak ekarri behar berekin, baizik eta, Magrisek dioenez, utopiaren zuzentzea, helburu eta helbideen berrikuspen umila.
Amaren (eta ezinezko aberriaren) errautsak airean sakabanatzen diren bitartean, Wolfgang Beckerek irudikatutako mutilaren begiradak diosku bestelako mundu bat oraindik ere posible dela.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.