_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Mugarik gabeko kultur tradizioa

Bertsozale Elkarteak balorazio ezin hobea egin du "Ahozko Inprobisazioa Munduan" izeneko topaketez

Ahozko inprobisazioaren mundua uste genuen baino askoz ere aberatsagoa da, eta bertsolaritzatik haratago zabaltzen da. Halaxe frogatu dute Bertsozale Elkarteak antolaturiko Ahozko Inprobisazioa Munduan izeneko topaketetan parte hartu duten nazioarteko 51 aditu eta inprobisatzaileek.

Koldo Tapia, Bertsozale Elkarteko idazkaria, bozkario azaldu da topaketa hauetan izan den parte hartzearekin. "Oso topaketa interesgarriak izan dira, jatorri eta kultura ezberdinetako esperientziak ezagutu eta informazio ugari trukatzeko aukera eskaini dutenak", ziurtatu du.

John Miles Foley, John H. McDowell, Linda White, Paolo Zedda, Alexis Díaz Pimienta, Brahim Baouch edota Zekine Turkeri-ren kategoriako ikertzaileei esker, munduko ahozko kultura ezberdinen egoera eta geroa aztertu da sei egunetan, inprobisazioaren barne-dinamika osatzen duten egituretan murgilduz.

"Hauxe da mundu osoan antolatu den tankera honetako lehendabiziko bilera"

"Hauxe izan da, gainera, munduan antolatu den tankera honetako lehendabiziko bilgunea, orain arte egin direnak hispanisten arteko topaketak izan baitira nagusiki", azpimarratu du Tapiak.

Duela urte pare bat otu zitzaien Bertsozale Elkarteko kideei, han-hemenka sakabanatua zegoen ahozko inprobisazioaren mundua biltzeko garaia zela, eta denbora izpirik galdu gabe, egitasmoari ekin zioten. Hasieratik argi izan zuten diziplina ezberdinetako jendea batu behar zutela: ikertzaileak, antolatzaileak, inprobisatzaileak, adituak...

Unibertsaltasuna

Azkenik, Kuba, Mexiko, Jamaika, Portugal, Argentina, Georgia, Euskal Herria, Sardinia, Sahara, Maroko eta Menorcatik ekarritako esperientzia eta ahozkotasun mota ezberdinen ildotik, Ahozko Inprobisazioa Munduan topaketetara inguratu direnek bertatik bertara egiaztatu ahal izan dute ahozkotasuna mugarik gabeko fenomeno unibertsala dela.

"Herri eta kultura bakoitzak baditu bere inprobisatzaileak, leku askotan desagertuak, baina beste toki askotan indar handia dutenak. Topaketa hauetan, sorpresa handiak izan ditugu, eta horietako bat, Georgian dagoen mugimendu indartsuaren berri jakitea izan da", Bertsozale Elkarteko idazkariaren esanetan.

Topaketa hauetan, bestalde, ahozko tradizioa kultura zaharkituekin lotu ohi duen aurrejuzkua gainditu da, gaurgeroko gizartean izan dezakeen garrantzia aldarrikatuz, batez ere hizkuntzaren komunikazio gaitasunaren galera ekidin nahi baldin bada.

Ildo honetan, eztabaida interesgarria piztu da, posta elektronikoa edo sakeleko telefonoen bidez igortzen diren mezuak ahozko komunikaziotzat jo behar diren ala ez, eta beste horrenbeste gertatu da teknologia berrien balizko onurez eta abantailez mintzatzerakoan.

"Edozein modutan, planteamenduak ez luke izan behar teknologia berriak onuragarriak diren ala ez, nolako erabilera emango zaien baizik", esan du Koldo Tapiak.

Bertsozale Elkarteko idazkariaren ustez, "ingurua aldatzen ari den neurrian, geuk ere ahozko komunikazioa teknologiarekin batera garatzeko ahalegina egin behar dugu".

"Argi ulertu behar dugu gazteak gu baino askoz ere azkarragoak direla eta hizkuntza berria sortu dutela sakeleko telefonoen mezuen eraginez. Errealitate honen aurka jokatuz gero, ez dugu zer eginik", gaineratu du.

Inprobisatzailearen etorkizunari begira, Bertsozale Elkarteak Interneten datu base bat egiteko proposamena luzatu zien Ahozko Inprobisazioa Munduan topaketetako partaideei, ahozkotasunaren munduan dabiltzan pertsona guztien biografiak eta produkzioak biltzeko helburuarekin.

Baikortasunez beteriko iritzien ondoan, nazioarteko bilkura honetan, ahozkotasunaren geroa argilun ikusten duten ahotsak ere entzun ahal izan dira. "Aditu batzuek oso ikuspuntu beltz eta ezkorra dute ahozkotasunaren inguruan, urteetan oso indartsua izan zela diote, baina gaur egun hilda edo hilzorian dagoela pentsatzen dute", azaldu du Tapiak.

Topaketa hauetan izandako jardunaldi akademikoez gain, inprobisatzaileek ere ekarpen interesgarriak egin dituzte jendaurreko ekitaldietan, bereziki Bilboko Euskalduna Jauregian antolaturiko azken jaialdian.

Hauetan ere, kolore askotako esperientziak ikusteko aukera izan da inprobisatzaile bakoitzak bere ama hizkuntza erabiltzen baitzuen. Ekitaldi bakoitzean, erdarazko laburpen bat egiten zen gerturatutakoei entzundakoaren ulermena errazteko asmoz.

Kultura arteko ikuskizun hauetan, paiadoreak, bertsoak, Georgiako antzinako poesia zaharberritua, reggae musika eta beste hainbat espresio bide ikusi ahal izan dira.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_