Bertsoak maite ez zituen garaian, euskal olerki biltzailea
Milla euskal olerki eder biltzeko jaio zen martxoaren 24an Aita Santi Onaindia, duela zehazki 94 urte. Amoroton ikusi zuen lehendabiziko aldiz mundu honetako argia, Lekeitiotik hurbil, eta Zornotzako Larrea auzoko komentuan abiatu zen betiko jakintsuen paradisura, 86 urte zituelarik.
Aitak bidali zuen Zornotzako karmeldarrean fraidetxera 1921 urtean, han humanitate ikasketak egin zitzan. Nobizio garaia amaituta, Markina, Gasteiz eta Begoñako komentuetan izan zen Latina, Filosofia eta Teologia ikasten, harik eta apaiz ordenatu eta Larreara itzuli zen arte.
Gerra Zibila piztutakoan, Kirikiño batailoiko gudarien kaperau ibili zen frontean, Intxorta eta Kanpazarren. Frankistak Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko mugaz jabetu zirenean, Santi Onaindia fraidetxeko epelera bildu zen berriro sosegu bila. Han inoiz ahaztuko ez zuen gertakizunaren lekuko izan zen: nazien hegazkinak Gernikaranzko bidean, foru hiria bonbardatzera.
Espetxeko urteak
Fronte guztiak galduta, Aita Santi Onaindia Kantabria aldera abiatu zen ihesi, beste hainbat errefuxiatuk egin zuten antzera. Laredon, soldadu italiarrek harrapatu eta, aste gutxiren buruan, Dueñaseko (Palencia) espetxera bidali zuten. Hasieran 30 urteko gartzela zigorra ezarri zioten arren, hiru urte geroago, askatasunaren haizea arnastu ahal izan zuen berriro.
Gartzela barruko egonaldi hartan, ziegalagun izan zuen Lino Akesolorekin batera eman zituen ordurik gehienak. Orduan atzerriko hizkuntzak ikasi zituen eta Santa Teresaren Camino de Perfección obraren euskarazko bertsioa prestatu zuen.
Euskal Herrira itzuli zenean, Aita Onaindiak basamortu bihurtuta aurkitu zuen Errepublika garaian loratutako euskal kulturaren baratze emankorra. Orduantxe ekin zion itxaropenaren liliak biltzeari, 1954an Milla euskal olerki eder liburuan plazaratu zituenak. Geroztik, 90 idazlan inguru eman zituen argitara; batzuk sormenezkoak, eta beste batzuk, literatura unibertsaleko idazle klasikoetatik euskarara moldatutakoak.
"Lotan ezin da ezer ere salbatu, ez herririk eta ez hizkuntzarik ere", esan ohi zuen, eta euskalgintza gatibu zeukan diktadurako loalditik iratzarri nahian edo, Karmel, Olerti eta Aurrera aldizkarien sorrera bultzatu zuen, poeta gazteei bidea zabalduz.
Bere bizitzako azken 40 urteak karmeldarren Zornotzako fraidetxean eman zituen Aita Onaindiak, goizean goiz jeiki eta gauerarte lanean. Euskara eta fedearen tarteko bidean, "amets baten antzera" joan zitzaizkion urteak, inoiz elkarrizketaren batean aitortu zuenez. Baina Larreako olerki biltzailearen oroimenak bizirik iraungo du luzaz euskaldunon baitan.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.