Biblia osoaren itzultzailea
Frantziako mugazainen kapitain ohiak itsaso mugagabeari begira eman zituen azken egunak Ziburuko etxean. Halaxe joan zitzaigun betiko, 1891ko urtarrilaren 30ean, Jean Pierre Duvoisin, Biblia osoaren euskarazko lehen itzulpenaren egilea.
Duvoisin kapitaina Lapurdiko Ainhoa herrian jaio zen 1810ean, baina haurtzaroko urterik gozoenak Ezpeletan eman zituen, laborarien aitzur eta aizkora hotsen artean. Gaztetan, Larresoroko apaizmintegian sartu zen, baina sotana jantzi aurretik, seminarioa utzi eta aitaren mugazain lanbideari oratu zion.
Nolanahi ere, Frantziako mugazainen kapitain honen bizitza goitik behera aldarazi zuena Louis Lucien Bonaparte printzea -Napoleon I.aren iloba, alegia- ezagutzea izan zen. 46 urte zituen orduan gure Duvoisinek, baina Bonapartek Biblia osoa euskaratzeko proposamena luzatu zionean, gaztearen grina eta ilusioaz heldu zion eginbeharrari.
Lehenik eta behin, mugetako lanari utzi eta Bardozera joan zen bizitzera, tamaina guztietako biblia eta erlijio liburuez inguraturik. Bonaparte printzeak ordaintzen zion soldatari esker, ez zuen behin ere arazorik izan ordurarteko bizimoduarekin aurrera jarraitzeko, baina erronkaren handiak ez zion buruhauste gutxi sortarazi, batez ere Testamentu Zaharra itzultzerakoan.
Adina eta osasuna ere bere kontra altxatu ziren. 'Baldin Jainkoa eta hezueria nitaz errukitzen badira, aurrera egin ahal izango dut', idatzi zion behin Bonaparteri. Printzeak astiroago lan egin zezan eskatu zion, eta haren adiskide Anton d'Abbadie esploratzaile eta ikertzaileak ere ibiltzea gomendatu zion itzultzaileari gorputzeko ajeak arintzeko, baina Duvoisinek Ezpeletako haurtzaroan ikusi eta ikasitako aitzur eta aizkora lanak nahiago zituen, izerdi gehiago isurtzeak hezueriaren ondoezak bizkorrago motelduko zituelakoan.
Azkenik, 1859ko martxoaren 9an, Bible Saindua osatu zuten bost liburukietako lehena argitara eman zen. Lau urte geroago, Duvoisinek honako mezu hau igorri zion Bonaparte printzeari: 'Gaur ezartzen diot luma Testamentu Berriari'. Mugazainen kapitain ohiak bakarka landu zituen ordurarte Bibliako lehen zatiko testu guztiak, baina hortik aurrera, zenbait laguntzaileren ahalegina eta Leizarragaren XVI. mendeko itzulpena tarteko zirela, Jesukristoren ondorengo idazkien itzulpena askoz ere samurrago suertatu zitzaion.
Horrela, 1864ko urriaren 1ean, Apokalipsiaren itzulpena osatu zuen, eta bi hilabete geroago, latinezko Vulgatan ageri ziren Manaseren Otoitza eta Esdrasen liburuei azken puntua ezarri ahal izan zien. Bible Sainduaren bostgarren liburukia 1865eko martxoaren 27an argitaratu zen. 'Bost aldiz izan naiz ordu honen irrikitan, baina gaur, pozaren ordez, mindura nabaritzen dut, gatibu egondakoak bere oinaze-leku izan denari azken begirada egitean bezalaxe', idatzi zuen orduan Laborantzako liburuaren egileak, euskal Lore Jokoen sorreran eta Ipar eta Hegoaldeko euskaltzaleen baterakuntzan horren garrantzi handia izan zuen Frantziako mugazainen kapitain izandakoak.
Bible Sainduak 500 aleko tirada izan zuen Bonaparte printzeak ordaindutako aurreneko edizio hartan. Frantziako Irakaskuntza Ministerioak 28 ale erosi zituen liburutegi publikoen artean partitzeko, baina haietarik ez zen bakar bat ere heldu Euskal Herrira. 'Euskarazko Bibliak harrera hobea izan behar ote du Flandesko edo Lorraineko biblioteketan Baionan eta Paben baino?', kexatu zen gure Duvoisin. Tirada murritza izan arren, XX. mendearen hasieran ba omen ziren artean ale gutxi batzuk salgai, hogeitabosna pezetatan.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.