Lagunaren itzalean (II)
Berehala konturatu nintzen Hipólito gizaki bakartia zela, nitaz aparte beste inorekin ez zuela harremanik. Nik uste nuen bera bezalako gizon batek, esperientzia handia izateaz gain, hura kontatzeko ere gaitasuna eduki zezakeen batek, alegia, jende mordoska ezagutu behar zuela, inoiz ez zuela astirik izango ispilu baten aurrealdean bere irudiarekin soilik solasean aritzeko. Jakina, Hipólito ni baino zer edo zer zaharragoa zenez, nik, baliteke, ez nuen bere izaera behar bezain ondo ulertzen, baina inork ezin dit aurpegiratu hura estimatzen ez nuenik. Nik dakidanez, lanetik bueltan Hipólito etxean sartzen zen zuzenean eta handik ez zen ateratzen nirekin hitz egitera etortzeko ez bazen.
Egunak joan ahala, gure adiskidetasuna garai astun eta aspergarri samarra jasaten ari zela hasi nintzen pentsatzen. Hipólito gero eta gutxiagotan etortzen zen, eta hizketan aritzen ginen bakoitzean, bere bizitzak lehen nigan pizten zuen interesa bizkorregi ahultzen ari zelako sentipenak hartzen ninduen. Ez dut ukatuko horrela sentitzea ez zitzaidala batere gustatzen.
Baina halako batean, harridura sortzeko bere betiko ahalmena bat-batean berreskuratu izan balu bezala, neska-lagun bat zuela esan zidan. Lehenbizikoa zen, oker ez banago, sekula ez baitut Hipólito beste inorekin ikusi, are gutxiago neska batekin. Agian horregatik ez nuen somatu Hipólitoren aurpegian espero nukeen poztasun itzelaren arrastorik. Pozik egongo zen, noski, baina nik zerbait gehiago nahiko nuen orduan, auskalo.
Liraina zela zioen, urki gazte bat bezain lerdena. 'Hik ez duk horrelakorik sekula santan ikusi, ezta pelikuletan ere'. Eta egia esan, ez nekien neska hura nola irudikatu, urkirik ez baitut inoiz ikusi. Nola ezagutu zuen galdetzea otu zitzaidan eta Hipólitok zera bota zidan: 'Hik ez huke sekula ulertuko'. Baina hurrengo egunean elkartu ginenean, kontatu zidan bera taberna batean zegoela neska haren presentzia gertuaz jabetu zenean. Begiratu egin ziola lotsati samar eta neska ['arraioa!'] ohartu egin omen zela bere begirada iheskorraz. 'Gainontzekoa oso erraza izan zuan, bera ondoratu zitzaidaan. Baten baten bila ari zara? galdetu, eta nik, baietz, bai, zure bila, esan nioan erantzuna aldez aurretik prest izan banu bezala. Baina ba al dakik zer erantzun zidan?' Nik, jakina, ez nekien. 'Bizitza osoa daramat erantzun horren zain, esan zian, ulertzen? Ez al da erotzeko modukoa?'. Hipólitoren begi argiak distiraz bete ziren kontakizuna bukatu zuenean. Benetan zoragarria zen gertatu zitzaiona, eta Hipólitoren une haietako ustekabeko erantzuna miresten nuen beste edozer baino gehiago. A ze suertea berea! Izango ahal nuen nik halako aukerarik!
Handik gutxira ea noiz izango nuen bere neska ezagutzeko parada galdetu nion. Baina Hipólikok ez zuen bere neska-laguna inori aurkeztu nahi ['momentuz, behintzat']. Bere arrazoiak zituela esan zidan, eta une egokia heldutakoan, abisatuko zidala agindu zidan. Nik, hala ere, banuen hura laster ezagutuko nuelako itxaropen moduko bat.
Izan ere, duela gutxi berandu samar nentorren etxera. Kalean ez zen jenderik geratzen. Bidea ahalik eta motzena egitearren, normalean zapaltzen ez dudan kale ziztrin batetik etorri nintzen. Barreneraino iritsi baino lehen, letra distiratsuz Club jartzen zuen taberna moduko batetik Hipólito ateratzen ikusi nuen. Bere besotik helduta, emakume handi bat zihoan, ate ondoan ia lurrera joan zena, estropezu egin eta gero. Ez nuen hain arropa gutxi zeraman emakume hura ezagutzen, jakina, baina ia ziur nengoen Hipólitoren neska-laguna zela. Kale izkinan ezkerretara jo zuten, eta nik, berriz, eskuinetara. Etxeko atea irekitzera noanean, haiengana begiratu nuen azken aldiz. Alferrik. Dagoeneko desagertuak ziren gauaren iluntasun petralean. Zer esanik ez, ni berriro ere Hipólitoren zorte handiaz poztu nintzen, kolore gorriko gona motxa zeraman emakume harekin ikusteaz, alegia, baina zerbaitek nire baitan inozotasun erabatekoaren garaia galtzear zegoela adierazten zidan.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.