Orrialde Ferekatzaileak
"Eta denbora guztian begiak itxirik izan bazituen ere, sagarrean plazerrez urtu behar zuen unean, bera izan zen emakumeari begietara tinko so egin zion hautagai bakarra. Desiozko begirakune hura jaso ostean, emakumeak ez zuen zalantzarik egin eta arotzari eskaini zizkion bere muinoak eta oihana, bere pikuak eta sagarra". Euskaldunok ere kontsumitzen dugu literatura erotikoa. Ideia hori abiapuntu bezala hartuta proposatu zion Juan Martin Elexpuruk Txalaparta argitaletxeari arlo honetan bilduma bati ekitea eta lehenengo bi aleek iazko Durangoko Azokan ikusi zuten argia. Harrera, ezinhobea, aurreikuspenak gaindituz. Hasierako pasartea lehenengoan jasotako Patxi Zubizarretaren Alarguntsa gaztearen hautagaiak ipuinaren zati bat da. "Lehenengo bi liburuetan, bakoitzetik 1.600 ale kaleratu ziren eta abenduan bertan bien birrargitalpena egin zen", dio Elexpuruk. Eskeintza txikia "Lehen ez zegoen euskarazko literatura erotikoaren inguruko bildumarik eta lan solte asko ere ez, egia esan", dio Elexpuruk. "Itzulpen batzuk eta ipuin liburu bat bai, baina beste hizkuntzatan kaleratzen denarekin alderatuta ezer gutxi, gehienetan erotismoari lotutako hainbat publikazio baitago, bai liburu moduan baita beste motatako euskarrietan ere". Ohitura falta honengatik hain zuzen, hiztegi erotikoa euskaraz oso gutxi landua dago eta hitz egokiak aurkitzeko ahalegina egin beharra izan da, nahiz eta Elexpururen esanetan ez den zailegia izan. "Sexua oraindik tabua da eta oso gutxi hitz egiten dugu berari buruz". Horrela, badira guztiok ezagutzen ditugun hitz basikoak zakila, alua edo larrua jo bezalakoak, "baina erdibideko lexiko bat, gauza leunak eta metaforak esateko modu bat da landu gabe dagoena, hizkera aseptikoegia edo lizunegia erabiltzera mugatu gabe". Beste hizkuntzatan literatura erotikoaren inguruko hiruzpalau bilduma aurkitzea da ohikoena. Gaztelaniaz La sonrisa vertical delakoa da ezagunena. 1979az geroztik urtero deitzen den lehiaketako irabazlearen lana argitaratzen du Tusquets etxeak, eta honetaz gain beste bi edo hiru titulu gehiago ere urtean zehar. Bilduma honetako libururik salduena Las edades de Lulú izan da oraindaino, 220.000 alerekin, zinera ere eramana izan den istorioa. Plaza y Janés argitaletxeak, bestalde, X Libris izeneko bilduman hamar bat titulu kaleratu ditu orain arte, nahiz eta 99an, antza denez, ez duen titulu berririk aterako. La sonrisa vertical bildumaren arduradunak berriki esana du hauxe dela hain zuzen Europa osoan dagoen literatura erotiko lehiaketa bakarra, ziurrenik Basauriko Euskarabila Elkarteak edo Iruñeko Haizegoa sexu dendak urtero ospatzen dituzten lehiaketak ezagutzeko aukera izan ez duelako. Azken honi dagokionean, Firu Alonso, dendako arduradunak, "eskaria baino eskaintza txikiagoa daukagu literatura erotikoaren arloan" esaten du. 94an martxan jarri zen denda honen arduradunek sex shop delakoen eta sexuaren munduaren inguruko konnotazio ezkorrak gainditu nahi zituzten eta bide batez euren dendari kutsu berezi bat eman. Horregatik, 95ean lehenengo aldiz narrazio erotiko motzen lehiaketa antolatu zuten. Urte hartan euskarazko hiru lan aurkeztu ziren eta gaztelaniazko hamabost bat. Irabazlea, gainera, Interneten azaldu diren lehen testu euskaldunetako bat izan zen. Ondorengo edizioan ordea, aurkeztutako euskarazko lana bakarra izan zen eta ez zitzaion saririk eman. Handik aurrera gaztelaniaz bakarrik ospatu izan da lehiaketa. Emakumeak Urte berean hasi zen Basauriko Euskarabila Elkartea bere literatura erotiko lehiaketarekin. Deialdi bakoitzera 30 lanetik gora iristen dira eta orain arte zortzi izan dira sarituak. "Zerbait berezia egin nahi genuen, eta lehiaketa nahikoa bazirela ikusita, erotismoaren arloa ukitzea erabaki genuen. Ikusi duguna, nahiz eta oso gutxi kaleratu, jende askok zerbait idatzia baduela da", dio Hilario Mozo elkarteko kideak. Epaimahaian beti emakume bat egotea nahi izan dute, "emakumezkoen iritzia gehienetan ezberdina izaten delako, bai lanak baloratzeko orduan eta baita idazteko orduan ere, sentsibilitate ezberdinak nabari dira eta hori oso interesgarria iruditzen zaigu". José Dueso Roger argitaletxeko arduradunetako bat da. Beraien liburuen artean La Biblioteca de Don Peluquín izeneko bilduma du, iaztik hona hamar titulu erotiko kaleratu dituena. Bilduma honetako lehen titulua Txalapartak itzuliko du Esku bakarrarekin irakurtzeko kontuak izenarekin. Etxe honek ezberdintasun handiak nabari ditu Euskal Herrian eta beste lekutan saltzen diren liburu kopuruan. "Guk ikerketak egiten ditugu eta hemen saltzen den liburu kopuruaren batazbestekoa 200 alekoa da, beste tokitan handiagoa delarik". Zaila da arrazoiak zeintzuk diren asmatzea, baina Duesoren esanetan Euskadin moral bikoitz baten modukoa nabari da. "Jendeari lotsa ematen dio liburu hauek eskatzeak, eta liburu saltzaileek ere beti erdi ezkutuan gordetzen dituzte. Erotismoak hemen ez du funtzionatzen". Honen aldean, kuriosoa da pornografia gordina kontsumitzen dela ikustea. "Kioskoetan erreparatzen baduzu, aldizkari pornografikoak iritsi eta hiru egunetara agortzen dira". Literatura erotikoaz hitz egitean hala ere ezberdintasunak ikusten ditu. "Egia da liburu hauen kontsumitzailea eta aldizkariena ez dela berdina. Literatura mota honen irakurlearen perfila, oso orokorrean, 35 eta 50 urteko gizona da, maila intelektual altukoa, eta askotan lanbide liberalen bat duena". Baina gure kulturan gauza marginal bat izaten jarraitzen duela dio Duesok.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.