ArchivoEdición impresa

Acceso a suscriptores »

Accede a EL PAÍS y todos sus suplementos en formato PDF enriquecido

domingo, 18 de junio de 2006
Reportaje:Gaiak

Veleiak euskal hizkuntzalaritza astindu du

Arabako aztarnategian aurkitutako hitzek hizkuntzaren bilakaera ulertzen lagun dezakete

"Bidearen hasieran besterik ez gaude, harridura utzi gabe eta kendu gabe". Hitz horiek Joakin Gorrotxategi Euskal Herriko Unibertsitateko Linguistika Indoeuroparreko katedradunarenak dira. Veleiako euskarazko aztarnen berri emateko Henrike Knörr Euskaltzaindiko lehendakariordearekin batera egin zuen agerraldiaren biharamunean hitz egin du berriz ere gai honetaz, egunkari honen eskariz. "Ezinegon handia dut oraindik, alde batetik poza dena", aitortu du.

Egiteko dagoen bide luzearen lehenbiziko ziaboga aztarnen data zehaztea izango da, adituen arabera. "Ez da berdina erromatarren mende edo monarkia bisigodoen mende egin izana", nabarmendu du Knörrek, Eliseo Gil indusketen zuzendariaren eskariz Veleiako hitzak aztertu dituen beste pertsonak. Atal horretan Gorrotxategi guztiz bat dator berarekin. Izan ere, aztarnak III. eta VI. mendeen artekoak direla esan dute arkeologoek. "Seigarren mendekoak badira, esango genuke ez dela bilakaera handirik izan bederatzigarrenera arte; hirugarrenekoak balira, latza egingo litzaidake", aurreratu du Gorrotxategik. Zalantza horiek urrirako argitzea espero dute, ordurako datazioa bukatuta izatea espero baitute.

Euskara eta latina batera bizi zirelako hipotesia indar lezakete inskripzio hauek

Aztarnak datatu zain daude hizkuntzalariak behin betiko ondorioak plazaratzeko

más información

Batera zein bestera, aztarnen agerpen hutsak indartu ditzake euskarari buruzko ikasketak, komunitate zientifikoak orain arte gutxietsiak. Ildo horretan Linguistika Indoeuroparreko katedradunak esan duenez, "nik neuk eta beste askok uste genuen euskaraz egiten zela Veleian garai horretan". Iritzi bertsua agertu du Joseba Lakarra EHUko Filologia, Geografia eta Historia Fakultateko dekanoak. "Oso pozgarria da halako froga garbiak agertzea, baina kontrakoa mantendu izan dutenek beraiek lehen eta orain ikusi beharko dute zer zuten hori defendatzeko, eta nik neuk behintzat ez dut uste bazenik kontrako ebidentziarik".

Kontuak kontu, arkeologoek beren lana bukatzen dutenean, hizkuntzalariek datu zehatzagoak izango dituzte Veleiako berbek euskararen gaineko ikasketak zertan osa ditzaketen aztertzeko. Bien bitartean, hizkuntzaren jatorriari dagokionez ezer gutxi argituko dutela aurreratu du Lakarrak. "Nire ustez, jatorriari buruz ez du ezer argituko, jatorria esaten dugunean euskara beste zein hizkuntzatik datorren esan nahi badugu. Honekin ez da ezer argitzen, ezta hau bezalako beste hamar aurkikuntzarekin ere, zeren eta horrelako gauzak erabakitzeko beste lanabes eta iturri batzuk behar baitira", argudiatu du. "Agian ustezko lotura iberiarrarekin oraindik urrutiago jarriko litzateke ziur asko, baina ebidentzia hau ez da galdera horiek erabakitzeko muina, beste datu bat besterik ez da", erantsi du.

Hizkuntzaren bilakaeraren esparruan, berriz, "asko" lagun dezaketela uste du aditu honek. "Besterik ez baldin bada, lehendik ezagutzen edo susmatzen ditugun aldaketa edo ezaugarri batzuen data izango dugu. Eta hori oinarrizko kontua da hizkuntzalari guztientzat", azaldu du. Besteak beste, Lakarraren iritziz, "ian" hitzaren soinu palatala euskaldunak noiz hasi ziren erabiltzen argitzen lagun dezake.

Bestalde, aurkitutako hitzen ulergarritasunak harritu egin ditu hizkuntzalariak, itxura "modernoa" baitute guztiek. Dena den, desberdintasunak garai hartan erabiltzen ziren esaldien egitura gramatikalean izan daitezkeela uste dute; eta hori ziurtatzeko, zoritxarrez, ez dago behar besteko informaziorik. Hori azaltzeko Arabako euskararen esparruan gertatutakoa jarri du adibidetzat Joan Perez de Lazarragaren eskuizkribuaren azterketa egin zuen adituak. "Araban, duela hiru urte lau folio eta hiztegi bat besterik ez genituen. Lazarragaren eskuizkribua agertu denetik, gehiago daukagu. Demagun Veleian hiztegi horren orrialde bat besterik ez daukagula, baina Lazarragarena ez daukagu". Horren harira, orain arte ezagutzera eman direnekin batera, hitz gehiago eta "bukatu gabeko zenbait esaldi" aurkitu zituztela baieztatu du Gorrotxategik.

Veleiako euskarazko hitzak hainbat adreilutan agertu dira, baita beira eta hezur pusketan ere. V. mendeko geruza batean aurkitutako etxe baten zimenduen artean zeuden, baina ez dute erabat baztertzen data hori baino lehenagokoak izatea.

Aurkikuntza honek izaera mestizoko hiria jarri du zientzialarien bistan. Ez zen erromatar kokaleku militar hutsa. Aztarnategia aztertzen ari diren ikertzaileen arabera, bertako buruzagien oniritziarekin kokatu ziren hirian erromatarrak. Toki estrategikoan zegoen, Europa eta Kantauriko kostaldea meseta iberiarrarekin, eta penintsularen ekialde eta mendebaldea lotzen zituen bidegurutzean hain zuzen ere.

Veleiak 10.000 biztanle izan zituen hiriaren unerik gorenetan. Familia boteretsuak hartu zituen, Pompeia Valentinarena besteak beste. Haren etxebizitzan aurkitu dituzte etxeko haurren ikasgela dirudienaren aztarnak.

Euskararekin lotutako aztarnak Pompeia Valentinaren etxetik hurbil zegoen eraikin batean aurkitu dituzte. Etxea eraiki zuten garaian erromatarrak agintean zirela baieztatuko balitz, hitzen argitasunak euskara latin ofizialarekin batera bizi zelako hipotesia indartu lezake. "Baita inguruan egiten ziren beste hizkuntza batzuekin, zeltiberiera barne", Knörren hitzetan.

Baina inskripziook Inperioa erori baino geroagokoak balira ere, izugarri garrantzitsuak lirateke, euskarak erromatarren egitura desagertu ondoren ere iraun zuela baieztatuko bailukete.

Atención al cliente

Teléfono: 902 20 21 41

Nuestro horario de atención al cliente es de 9 a 14 los días laborables

Formulario de contacto »

Lo más visto en...

» Top 50

Webs de PRISA

cerrar ventana