_
_
_
_
_
Gaiak
Columna
Artículos estrictamente de opinión que responden al estilo propio del autor. Estos textos de opinión han de basarse en datos verificados y ser respetuosos con las personas aunque se critiquen sus actos. Todas las columnas de opinión de personas ajenas a la Redacción de EL PAÍS llevarán, tras la última línea, un pie de autor —por conocido que éste sea— donde se indique el cargo, título, militancia política (en su caso) u ocupación principal, o la que esté o estuvo relacionada con el tema abordado

Bionbo gardena

Lotsatuta nago."

Gary Kasparovek, Deep Blueren aurka galdu ondoren.

"Benetan jakin nahi duzu?".

Baietz, Sorayak. Soraya. Ziur ez zuela hura benetako izena, baina polita zen... Izena, bera, berak gaitzizen hura hautatu izana, nigan sortutako lilura nerabe txoroa, dena zen polita. Eguzki Sistemako azken astinaldi politikoei buruz ezer gutxi jakingo zuela esaten zidan senak, eta, ziur aski, axola ere gutxi axola izango zitzaiola. Gertaeren gaineko nire ikuspegia hari kontatzeko plazerra hartzea erabaki nuen, hala ere.

Horrela kontatu nion nola ikusi zuen argia 2067. urtean TrueChip Inc. konpainia nanoteknologikoaren Deep Truth egitasmoak. Proiektua, Bionbo gardena bezala birbataiatu zuten egunkariek berehala, garai hartan arrakasta handia lortu zuen B saileko film erotiko japoniar baten izenburua gogoan. Bionbo gardena borondatezko eta aukerako kontua bailitzan aurkeztu zen hasiera batean, bai eta gobernuek soldatapean zituzten intelektualen bermearekin iritzi publikoaren aurrean saldu ere. Azaltzen erraza bezain sinesten zaila zen egitasmoa: eztarrian ezarritako chip ttipi batek, garunak gezur bat esateko asmoz ahots kordetara bidalitako agindu guztiak isolatu eta gerarazten zituen. Ez hori bakarrik: gezur hori zuzenduz, gizon edo emakume horrek benaz pentsatzen zuena esateko agindua ematen zien chipak ahots-kordei. Eskuko hatzetara luzatzen ziren kinada elektriko periferikoen kontrolatzaile batek osatzen zuen chipa, idatziz gezurrak esatea ere galaraziz.

Sorayak ez zuen bere espresioa batere aldatu. Ez zirudien entzuten zuenarekin harrituta ere.
Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete
"Sinesten dizut. Gezurretan ari bazina ez zinateke nigana plazer gehiagoren bila etorriko: nahikoa zenuke gezurretan aritzearen plazerrarekin"
Ezinezkoa zen edonori egiaz leporatzen genizkion akatsak zinez aitortzen genizkion bertuteekin berdintzea, gorrotoa maitasunarekin orekatzea

"Laburbilduz: Deep Truth teknologiak guztiz ezinezko bihurtzen zuen gezurrak ohiko zituen bideetatik gezur bat bakarra ere kanporatzea".

Sorayak ez zuen bere espresioa batere aldatu. Ez zirudien entzuten zuenarekin harrituta ere.

Bionbo gardena gizarte zibilari aurkezteko erabili zen zelofan engainagarriak bat baino gehiago itsutu zuen berehala: ez soilik ei zen hura galdeketa polizialak galdetzaile eta terroristaren arteko elkarrizketa lagunkoi bihurraraziko zituen asmakaria, ez soilik chipa ezarria zutenek xede homizidak eta estrategia bortxazkoak erabateko gardentasunez aitortuko zituzten burutu zitzaten baino lehen, baizik eta, oroz gaindi, bizitza bera askoz ere hobea izango zen komunitatearentzat, denok irabaziko genuen gezurrak, ezkutuko fideltasun ezak, erdizkako egiak edo beste hainbat gaizkiulertu eta erran-erdi saihestuz, azaldu nion Sorayari.

"Norbera berez zen bezalakoxea agertuko zen munduaren aurrean, aratz eta ageriko bere miserietan, garbi eta egiati bere asmo zintzoetan". Jet lag whiskyari dzanga egin nion. Biribil ari nintzen. Nire gozoenean nengoen. Frank D. Schuster, orakuluaren doktoreak, "Gizadiaren Untzia gidatuko duen lema bakarra EGIA izatea da kontua", esan zuenean bezain euforiko bai, gutxienez. Izan ere, Frank D. Schuster izan zen egitasmoaren sustatzaile nagusiena, chipa, beste inori baino lehen bere buruari jar ziezaioten agindua eman zuela, eta, horri esker, bere bizitza errotik aldatu zela aitortu zuenean iritzi publikoaren aurrean berealdiko inarrosaldia eragin zuena. "Nire buruarekin eta inguratzen nauen jendearekin sinzero izateak arinago sentiarazten nau, behialako zametatik aske, erru astunetatik libre. Gazteago sentitzen naiz, eta azken buruan, zergatik ez esan, askoz ere zoriontsuago", adierazi zuen Schuster doktoreak, Massachussets Institute of Technologyko atarian eman zuen prentsaurreko jendetsuan.

Hasiera batean basatia izan zen erresistentzia. Herrialde guztietako pentsalariak elkartu ziren "eskala handiko sekta globalizatzailea" izendatu zuten hura salatu asmoz, baina, beste hainbatetan gertatu izan zen bezala, intelektualitateak kale egin zuen bere teoria eta arrazoiak era aski single eta argi batean gizarteratzeko orduan. Nork epelegi jokatu zuelako, nork molde eta estetika erradikal zaharkituak baliatu zituelako, iritzi publikoaren gehiengoak bizkarra eman zion Erresistentziari.

"Labur esanda: ahaztu egin zuten 'egiak min ematen duela' zioen erran zaharra. Humanitatearen gehiengoa hantxe zen, bionbo gardenaren bestaldean pilaturik, munduaren aurrean biluzik, munduak berari buruz pentsatzen zuena jakiteko irrikaz. Koittaduak!".

Vaticanoa izan zen egitasmoari birritan pentsatu gabe bere babesa eskaini ziona. Agindua eman zuen, ezer baino lehen, TrueChipa ezar ziezaieten apaiz eta gotzain guztiei. Haietako asko kaleratu egin zituzten berehala, zaharretxeetara baztertu edo erretiroa hartzera derrigortu zituzten beste makina bat, eskandalu txiki edo handiagoarekin, prentsa abarrots ozenago edo isilagoarekin, eliza katolikoaren kode moralak ez bete-tzeagatik, eta, nagusiki, euren ogibidea urte luzetan Jainkoarengan federik batere izan gabe aurrera eraman izanagatik.

"Aspertzen ari zara, Soraya?".

Ezetz egiten zuen buruaz, jarraitzeko eskatuz bezala, naturaltasun androide susmagarri batekin.

Hurbiltzen ari nintzen istorioaren muinera. Izan ere, kontuak oso bestelako itxura hartu baitzuen XXI. mendearen amaieran, ATL (Absolut Truth Law), Sinzeridade Derrigorrezkoaren Lege polemikoaren onarpenarekin batera. Nazioarteko Itun honek, lege eremutik at jartzen zuen chipa ezartzeari uko egiten zion edonor. Kontzientzia eragozpena bortizki erreprimitua izan zen eta Erresistentziak ez zuen bere oinarriak afrikar lurraldean ezartzea beste aukerarik izan. ATL ituna izenpetu zuten gobernuek, berehala bataiatu zuten Kontinente Afrikarra Kontinente Gezurtia goitizenarekin, hura baitzen harrezkero TrueChipik batere gabe bizitza aske eta lasaia burutu zitekeen lurrazaleko territorio bakarra: bionbo gardenik gabeko eremu bakarra.Erresistentziak behin eta berriz bat egiteko eta indarrak koordinatzeko ahaleginak egin zituen arren, porrot sonatua suertatu zen presio talde eraginkor bat sortzeko ahalegin oro, inork ez baitzekien benetan zer pentsatzen zuen besteak, eta errezeloak eta lagun hurkoarekiko konfidantza ezak, bai eta lidergoari eusteko borroka kainitek ere, bateratzeko ahalegin oro frakasatzera kondenatu zuten.

"Desagertu ote ziren bada, krimenak eta delinkuentzia lurrazaletik, Soraya? Aurrikusitakoaren kontra, ez. Izan ere, banku atrakatzaile batek goizero egunkaria erosten zuen kioskoko saltzaileari bere asmoen berri ematea aukera posibleen barruan sartzen zen arren, eta kioskoko saltzaileak, bere aldetik, aitorpena entzun orduko Poliziari lapurreta galarazteko garaiz abisatzea ere gerta bazitekeen ere, hau ez zen beti horrela. Bazen, agintarien zoritxarrerako, jende lotsati eta isila, bere baitara bildua, jende trikua eta uzkurra, hitz egiten ez zuena, bere egia inori erakusteko gehiegi estimatzen zuena, nahiz eta espreski galdetutakoan esan beste aukerarik ez zuten izango, halakoa baitzen chiparen indarra".

Hurrengo gurutzadaren berri eman nion Sorayari: jende isil eta bere baitan bilduaren kontrako sorgin-ehizarena.

Honekin batera, jakina, ezkontide, abokatu, irakasle, politiko eta hipokrisiaren habitatera bereziki egokituriko hainbat lanbide eta sektoretako kideei esku artean zapart egiten zieten bata bestearen segidako egia lehergarriak aipatu nizkion, bihotzeko aldizkarietako adibide mamitsuren bat edo beste tartekatuz, nire hitz-aspertua sobera akademiko suerta ez zedin. Beti egia esaten hasita, ondorioa garbia zen: jendearen egoak hain ziren puztuak eta gehiegizkoak, ezinezkoa baitzen edonori egiaz leporatzen genizkion akatsak zinez aitortzen genizkion bertuteekin berdintzea, nekeza irain garratzak balaku gozoekin neutralizatzea, gorrotoa maitasunarekin orekatzea, aiherkundeak kariñoarekin osatzea, egiaren basakeria uholdea populazioak bere armairu sentimentaletan lagun hurkoarentzat gordetzen zituen estimu oneko sentimendu izpi eskasekin berdintzea. Irainak ziren beti garaile, gorrotoa agerikoago, berbazko iruzkin krudelen gordintasuna nagusitzen zitzaion ontasunez egindako edozein xehetasun positiboren aitortzari...

"Etsipengarria ala ez, halaxe izan zen. Urte luzez apur ezinak ziruditen adiskidetasun gotorrak goitik behera amildu ziren, maitaleek labankadaka elkar sastatu zuten, alderdi politikoak zatitu eta berriro ere zatitu ziren, aurrekaririk ez zuen atomizazio bati bide emanez. Ondorioa, agerikoa: gizakiak bakardadean iraun behar zuen, inoren laguntzarik gabe. Hainbeste urte, hainbeste teknologia behar ote zen bada, hain egia biluzi eta singlea ulertzeko?".

Egia beti zen autosuntsitzailea, norberarentzat bakarrik balio zuen, eta hori ere ez beti. Frogatuta geratu zen hainbeste egiatasun eta sinzeridadek ez zuela ezertxotarako ere balio. Ezertxotarako ez, ezpada norbere burua lumatu eta gero larrutzeko.

"Gutxi izan ziren desoreka psikikotik libre geratu ziren taldeak: lehendik ere desorekatuta zeuden gaixo psikikoak, xalotasuna lerdea bezala zerion jende jasanezina eta ondradu izatea beste edozeren gainetik jartzen duen populuaren zati narritagarri hori baino ez".

Ulertuko ote zituen Sorayak nire hitzak? Ala eskrupulurik gabeko gizatxartzat ote nindukan? Iritsi zen korapiloa askatzeko tenorea. Heldua zen nire kalaka Deep Truth egitasmoa kolokan jartzen hasi zireneko unera. Izan ere, Bionbo gardena, giza espresioari ezarritako X izpien aplikazio sistematikoa, porrot itzela suertatu zen. Edonork daki diplomazia -gezurraren aldakirik meheena den hura- beharrezkoa izan dela beti; erdizkako gezurrak ments zituen jendeak, anbiguotasuna, dragoi japoniarrak, gereziondoak eta etxalde horizontal koloretsuak marraztuta zituzten bionbo oriental erdi-opakoak ere ments bionbo garden totalitarioaren aurrean. Norbere burua gezurretan entzun nahi zuen jendeak, plazer hura berriz dastatu.

"Horixe baitzen kontua, finean, Soraya: gezurretan aritzearen plazerra".

Jende askok idatziz soilik komunikatzea hautatu zuen, eta horretarako, oinetako hatzekin idazteko gaitasuna garatu ere bai, chiparen eragina ez baitzen haietaraino hedatzen. Afrikarako exodoa laukoiztu egin zen urte gutxiren buruan. TrueChip hura diruz modu onean bezain teknika aldetik modu zabarrean erauzten zuten legez-kanpoko kirurgilariak erruz ugaldu ziren. Halamoduzko ebakuntza honen aldeko hautu arriskutsua egin zuten askok betirako galdu zuten hizketarako gaitasuna, mutu edo eztarri-erlastuta geratu ziren, baina haientzat ere ez zen hain prezio altua egiaren uztarritik libre egoteko ordaindu beharreko hura".

Edalontzian geratzen zen azken Jet Lag hurrupatxoa edan nuen. Ez zen hain txarra ere whisky hura, bigarren tragotik aurrera. Aspertu egin ote nuen Soraya, hasieran beldur nintzen bezala?

Soraya, ez dakit esan dudan, Ismenideko 71. meretriza zen, eta Ismenide, Ganimedeseko Printzerrira atxikitako planeta libreetako bat, Laugarren Espazioko merkantzia sexualik onena izatearen ospea ondo irabazia zuena.

Hezur-haragizkoa ote zen Ismenideko 71. meretriza, edo alderantziz, androide bat baino ez?, galdetu nion nire buruari. Zerbait galdetzeagatik, egia esan: une hartan bost axola zitzaidan xehetasun hura.

"Ez dizut ezer sinesten", ihardetsi zidan Sorayak, malizia gozoz.

Hirugarren eta Laugarren espazioetako Pal-Secam ingeles batuan mintzatzen zen, are erakargarriago egiten zuen doinukera anakroniko batez.

"Ba sinetsi edo ez, horixe da nire ahots marrantaren arrazoia. Ebakuntza egina nauzu".

Lepoko orbana erakutsi nion.

"Oraindik ere sentitzen dut chiparen zuloa. Desatsegina da: duela bi ordu hagina kendu izan balidate bezala. Gezurrak esan ditzaket, bai. Baina orain ez naiz gezurretan ari".

Edalontzia ahora eraman nuen berriz: alkoholaren lurrina eta kristalaren zapore neutroa baino ez nituen sentitu.

"Ez naizela benetan ari uste duzu?!.

Isilik geratu zen une batez. Jet Lag apur bat dastatu zuen berak ere. Androide izateko, alkohola gehiegi gustatzen zitzaiola ebatzi nuen. Ez, ezin zitekeen androide izan: giza-softwarea ez zen hain garatua Ismeniden, nik nekiela behintzat.

"Sinesten dizut. Gezurretan ari bazina ez zinateke nigana plazer gehiagoren bila etorriko: nahikoa zenuke gezurretan aritzearen plazerrarekin", bota zidan.

"Ez dut zutaz ezer jakin nahi. Zure gezurretan aritzeko modua besterik ez, Soraya. Konta iezazkidazu gezurrak, azken hatsa ahitu arte, gau osoan".

"Gau oso bat? Garesti aterako zaizu hori, laztana".

Sabai-leihotik begiratu nuen: izartsu zegoen egiaz gauaren bionbo beltza, zeruko bikor urdin haiek lotuz, dragoi, gereziondo edo etxalde japoniarrak osatzeko moduan, antzinako bionboetan ohi zenez. Gau berezia zen, ze arraio. Prest nengoen izar haiek guztiekin, nire egia eta gezur guztiekin, zor zena ordaintzeko.

Gaua nola joaten zen, litekeena zen egunsentia baino lehen Sorayari maite nuela ere esatea.

Harkaitz Cano

"Gereziondo bat hazten ari dun nire zainetan / benazko entseiu hodi matxuratuak bihurtuz / takigrafiatu dizkinate musuak hire bularretan". 'Kea behelainopean bezala' (Susa) liburuari dagozkion bertso horiekin eman zuen bere burua ezagutzera Harkaitz Canok (Lasarte-Oria, 1975) 1994an, oraindik 20 urte bete gabea zela. Lubaki Banda idazle-kolektiboko sortzaileetakoa, euskal literatura berritzen ari den idazle-multzoko autorerik interesgarrienetakoa da gaur egun. Hamar urte eskas iraun duen ibilbide oparoan, hainbat komunikabidetan kolaboratu eta gidoigile gisa aritzeaz gain, genero anitz jorratu ditu jada: narrazioa, eleberria, entsegua eta haur literatura, besteak beste. Nobelagintzari dagokionez, 'Belarraren ahoa' (Alberdania) da bereziki azpimarragarria, lan horrekin 2005eko Euskadi Saria irabazi baitu. Ondoren, 19 kontakizunek osatutako 'Neguko zirkua' (Susa) eman du argitara, berriki bukatu den Euskal Liburu eta Disko Azokako izenbururik arrakastatsuenetakoa.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_