Jalgi hadi sareko plazara
Gazteek Interneten euskara erabiltzeko erronkarekin ekin dio Azkue Fundazioak - Sarerako jokoak eta tresnak euskaraz eskuragarri dira
Amarauneko armiarmak dira. Sarean aritzea dute egunerokoa. Hori agerian utzi du Eustatek, Euskal Estatistika Zentroak. Azken ikerketen arabera, EAEko hamar gazteetatik bederatzik Internet erabiltzen dute, eta teknologia berriekin zuzeneko hartu emana daukate. 15 eta 25 urte bitarteko armiarma guzti horiek euskaldunak dira, ama hizkuntza dutelako edo eskolan ikasi dutelako. Sarean, ordea, erdaraz aritzen dira maiz, bertako edukiak edo tresnak ez baitaude euskaraz eskuragarri beti. Egoera honen aurrean, Azkue Fundazioak euskaldunontzako Interneterako tresnak eta jokoak eskaintzeari ekin dio. Horrela, euskarak sarera ere jauzi egin dezan.
Hilabete baino gehiago da Azkue Fundazioak ateak zabaldu zituela, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Euskaltzaindia, Bizkaiko Foru Aldundia, eta Bilboko Udalaren babesarekin. "Euskara eta sarea jostea" da erakundearen helburua, interneteko erabiltzaile euskaldunen topaleku eta trukerako gunea bilakatzeko. Lehen urratsak gazteei zuzenduta eman dituzte. "Nerabe eta gazteei begira gaude", dio Rodrigo Gartzia Azurmendi fundazioko zuzendari nagusiak, "eurek direlako gure gizarteko natibo digitalak. Gure helburua da gazteek teknologia berriak erabiltzerakoan edo sarean nabigatzen dutenean euskara erabiltzea".
EAEko gazteen %22 euskaraz nabigatzen dute Interneten
Gaur egun gaztelera da gazteen artean sarean nabigatzeko nagusitzen den hizkuntza. %90 inguru dira espainieraz nabigatzen dutenak, eta gero eta gehiago dira ingelesa hautatzen dutenak, %23 hain zuzen ere. Euskarak ere badu bere txokoa, erabiltzaileen %22 dira. Horregatik, euskarak Interneten eta teknologia berrietan bere presentzia bermatu nahi badu, eskaintza egokia egon behar duelakoan da Gartzia. "Edukirik ez badago, sarean ez dugu gure hizkuntza erabiliko. Gainera, zailtasunak ere izaten ditugu eduki horiek aurkitzerakoan. Informazioa bilatzen dugunean, Wikipedian esate baterako, ingelesez eta gazteleraz aurkituko dugu, eta ondoren euskaratu egin behar izaten dugu. Beraz, guk eduki guzti horiek euskaraz eskuragarri egon daitezen nahi dugu, nahi duenak erabili ahal izateko".
Edozein eskaintzak, ordea, ez du balio. "Gure erronka sarerako produktu erakargarriak eta erabilgarriak sortzea da, gazteek ez baitituzte bestela erabiliko". Tuenti sare soziala, esaterako, euskaraz erabiltzeko aukera eskaintzen du fundazioak. Gazteenen artean gehien erabiltzen den sare soziala da, eta EAEko erabiltzaileen artean seigarren web gune bisitatuena da. Facebook gizarte sarean ere presente dago Azkue, hilabete eskasean 1.500 jarraitzaile lortu dituztelarik. Hala ere, Kaixo Frankie! jokoa da orain arteko produkturik arrakastatsuena. Blender Institutuak kode librean garatutako jokoa euskaratu, eta Bilbo kokaleku gisa ezarri dute, doanik deskargatu daitekeelarik. Banden lehiak ere oihartzun handia lortu du. Gazteen musika talde ugarik parte hartu du lehiaketa honetan, eta abestiak sarean zintzilikatu eta partekatu dituzte.
Ezagutza askeari lotutako edukiak ere euskaraz plazaratu nahi dituzte, jakintza librea sustatzeko apustu garbia egin baitu erakundeak. "Gure filosofia elkarbanatzea da, etorkizuna arlo horretatik etorriko delako", Gartziaren hitzetan. Ildo horretan Wikiplaza gunea martxan jarri dute. Wikipedia da sareko entziklopedia aske handiena, eta bertan 43.000 euskarazko eduki aurkitu daitezke. Kopuru hori handitzeko asmoa du fundazioak. Horretarako, jendearen parte hartzea ezinbestekoa da, eta beraz, trukerako gune eta bultzatzaile bilakatuko da Azkue fundazioa. Euskaldunen atari.
Ekimen guzti hauek hasiera besterik ez dira, etorkizunerako hamaika proposamenekin ekinen baitiote urte berriari. Euskaraz dagoen software guztia web gune bakarrean batu nahi dituzte, eta jokoekin ere atari bat zabaltzea da asmoa. Hizkuntzalaritzaren arloan, bizkaierazko zuzentzailea zintzilik dago jada, baina euskara batuaren eta bizkaieraren arteko moldatzaile digitala ere sortu nahi dute. Guztia, armiarmak amaraunean zehar euskaraz ere aritu daitezen.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.