_
_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Ahozko tradizioa Sarean

Euskarazko herri hizkerak bildu ditu Eibarko Badihardugu elkarteak ahotsak.com webgunean, mila hiztun baino gehiago elkarrizketatuz

Teknologia berriek ziberespazioaren konkistan paratu dute herrietako euskara jatorra. Eibarko Badihardugu Euskara Elkarteak beste urrats bat egin du aurreko belaunaldietako ahozko tradizioa lau haizeetara hedatzeko ahaleginean: ahotsak.com webgunea, 62 herritako 1.000 hiztun baino gehiagoren testigantza linguistiko eta etnografikoak biltzen dituena. Ekimenak egundo ez bezalako jakinmina piztu omen du. "Apirilaren 16an, webgunea inauguratu genuen egun berean, 8.000 bisita baino gehiago jaso genituen", nabarmendu du Aintzane Agirrebeñak, Badihardugu elkarteko kide eta ekimenaren sortzailekideak.

Proiektua 2002an abiarazi zuten, elkartea eratu eta bi urte geroago. Ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea xede duen proiektu honen oinarri metodologikoak zehaztu ondoren, 2004tik 2007ra bitartean, lekukotasunak biltzeari ekin zioten.

Hizkuntzaren ondarea katalogatu eta hedatzea du xede egitasmoak

Geroztik, material horiek sistematizatu eta Interneten esekiz joan dira. "Azken urteotako grabazioak bideoz egin ditugu, baina tokian tokiko ikerlanetarako erabili diren aurreko audio-grabazioak ere eseki ditugu webgunean", azaldu du Agirrebeñak. Guztira, 50etik gora lagunek parte hartu dute proiektuan. "Horrez gain, azken asteotan, askotxo izan dira etxekoei egindako grabazio zaharrak lagatzeko borondatea adierazi digutenak", gaineratu du.

Honelako kasuetan, Badihardugu elkarteak materialak digitalizatu eta katalogatzen ditu, eta behin kopiak egindakoan, jabeei itzultzen dizkie jatorrizko artxiboak.

Momentuz, Gipuzkoa aldeko grabazioak dira nagusi ahotsak.com webgunean -"hauxe baita orain arte gutxien landu den herrialdea"-, baina datozen lau urteotan, "herri guztietako lekukotasunak biltzea" espero dute ekimenaren bultzatzaileek.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Horretarako, Badihardugu elkarteak Deba Ibarrean egiten dituen grabazioez gain, beste erakunde, elkarte edo ikertzaile batzuek bildutako testigantzak eskuratzeari ekin dio lankidetza-hitzarmenen bitartez. "Ahotsak.com doako datu-base irekia da, Euskal Herri osoko ahozko ondarea eta herri hizkerak ezagutaraztea xede duena, eta ildo honetan, eskertzeko modukotzat jotzen ditugu laguntza eta lankidetzak oro", esan du Agirrebeñak.

Nafarroak ez du baztertu elkarlanean aritzea

Ahotsak.com webgunea da orain arte erakunde publikoetatik at euskal ahozko ondarea biltzeko sustatu den proiekturik sendoena. Honen aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaifon Bizkaieraren Fonoteka abiarazi zuen 2003an bizkaifon.ehu.es helbidean, EHUrekin lankidetzan, eta Nafarroako Gobernuak www.fonoteka.com proiektua gauzatu zuen urtebete geroago.

Batean zein bestean, gaur egun galdutzat jotzen diren jatorrizko euskalki batzuen azken oihartzunak entzun daitezke: Bilboko euskerie Bizkaifonen eta Erronkariko uskara Fonotekan. Azken honetan, gainera, Rudolf Trebisch hizkuntzalari austriarraren 1913ko grabazioak bildu dira.

Euskararen Nafar Institutuaren sorrerak sakoneko aldaketak ekarri dizkio fonoteka.com webguneari. "Iaz, harremanetan hasi ginen UPNAren Ondare Ez-materialaren Artxiboko arduradunekin ikerketa-hitzarmen bat mamitzeko asmoz, eta datozen asteotan, diseinu eta eduki berriak estreinatuko dira fonoteka.com-en barruan, bideoteka eta liburutegia gaineratuz", adierazi du Julen Calvok, Nafarroako Gobernuko Euskararen Garapenerako Zerbitzuko buruak.

Calvok ez du begi txarrez ikusi www.ahotsak.com-en sorrera, eta gerora begira ez du baztertzen bi erakundeen arteko lankidetza. "Elkarlan horren baldintzak aztertu beharko ditugu, baina printzipioz, Nafarroan euskara sustatzea xede duten erakunde eta elkarte guztiekin batera lan egiteko prest gaude", esan du.

Aipaturiko ekimen hauetatik landa, Eusko Ikaskuntzak atzerriko euskaldunei begira sortutako EuskoSare bilgune birtualean (www.euskosare.org), euskaraz grabatutako lehen kantu, irrintzi eta testu irakurriak eseki ziten iaz. XIX. mende amaierako grabazioak dira, Pariseko 1900 urteko Erakusketa Unibertsalean entzungai izan zirenak.

Ameriketako webguneetan, azkenik, 1940an grabatutako euskal kantuak aurki daitezke Kongresuko Liburutegiaren webgunean, Francisco Etcheverry-ri eskainitako atalean.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_