_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Errealitateari keinuka

Euskarazko antzezlanak gero eta ugariagoak badira ere, produkzio arloko mugapenek merkatutik at utzi ohi dituzte idazle eta idazlan kontsagratuak

Susa argitaletxeak Antzerti aldizkari historikoaren edukiak gaineratu dizkie Interneten esekita dagoen euskarazko antzerki testuei. Armiarma.com proiektuaren barruan garaturiko webgune berri honetan, literatura unibertsaleko eredutzat jotzen diren Shakespeare, Sofokles edota Dario Fo bezalako antzerkigileen testuak aurki daitezke, bai eta gerra aurreko eta Franco hil ondorengo euskal idazleen proposamen eszenikoak ere, Toribio Altzaga, Xabier Lizardi, Antonio Maria Labaien edota Tene Mujika tarteko direla; 47 idazleren 76 antzezlan, guztira.

Mikel Elorzak koordinatutako ekimen honek bat egin du Mikel Martinez antzezleak www.teatro-testuak.com webgunean esekitako gaur egungo testu bildumarekin, non Henrik Ibsen, Federico Garcia Lorca, Oscar Wilde, Eugene Ionesco, Fernando Pessoa edota Marc Legasseren lanak aurki daitezkeen (46 testu, denetara). Armiarma.com-eko Klasikoak atalean, azkenik, euskaraz idatzitako garai guztietako 129 antzerki testu esekita daude.

"Testuak sarituak izanda ere, jaio gabeko fetuak bezalakoak dira"

Antzerkia euskaraz egin nahi duenak badauka, beraz, zer aukeratua, baina Patxo Telleria antzezleak dioenez, "ezinbestekoa da nork bere nitxo ekologikoa ezagutzea, jaten emango dion antzezlan egokia aukeratzea, obra bat taularatu baino lehen".

Iritzi berekoa da Karlos Panera, Maskarada taldeko zuzendaria. "Teknologia berrien eraginez, errotik aldatzen ari dira aisia-ohiturak, eta aldaketa horren ondorioz, gero eta ezinbestekoagoa da eszenatokira eramaten diren ikuskizunak ohiko moldeetatik at egindako diziplika-anitzeko muntaiak izatea, zinema edo telebistako ikuskizunak baino altuera handiagokoak, testua nahiz formaren aldetik", azaldu du.

"Horrek esan nahi du Lear Errege bezalako obra bat antzeztea harakiria egitea bezalakoa izango litzatekeela edozein antzerki konpainiarentzat", gaineratu du Panerak, aldian aldiko gustuetara moldatu beharra nabarmenduz, batez ere gogoan hartuta "produktore pribatuak direla gaur egun euskarazko antzerkia egiteko arriskua beren gain hartzen dutenak", Aitzpea Goenagak adierazi duenez.

Baldintzapen horien guztien eraginez, "oso zaila" da, Telleriaren esanetan, "idazle kontsagratuak teatroari lotuta ikustea".

"Euskarazko antzezlanak idazten dituztenek badakite aldez aurretik, lan horiek eszenatokira eraman ahal izateko, komediak eta formatu txikiko muntaiak izan behar dutela", zehaztu du Goenagak.

Merkatuaren eskakizun horiexek omen dira sariketetan irabazle suertatzen diren antzezlanen hedapena mugatzen dutenak. "Literatur lehiaketetako epaimahaiek testuari erreparatzen diote naguski, baina teatroan, testua jaio gabeko fetuaren antzekoa da, eszenatokira atera arte ez baitakigu ondo funtzionatuko duen ala ez", esan du Telleriak. Santurtziko Serantes antzerki-saria omen da testuinguru honetako salbuespenetako bat, lehiaketaren oinarriek antzezlan irabazlea taularatzeko aukera aurrikusten baitute.

Euskarara itzulitako antzezlanen kasuan, produkzio arloko mugapenei hizkuntzarekin zerikusia duten eragozpenak erantsi ohi zaizkie. "Ikusleek itzulpena ez balitz bezala entzun behar dute testua, eta horretarako ezinbestekoa da ikuskizunaren girora eta are antzezleen ezaugarrietara egokitzea", esan du Julia Marin itzultzaileak.

Asmoetatik ekintzetara

Aitzpea Goenagak Euskaltzaindiaren Toribio Altzaga saria irabazi zuen 2005ean Santxa Kondesarekin, baina antzezle eta idazle donostiarrak ez du espero, epe laburrera behintzat, taula gainean ikustea.

"Literatura dramatikoa idaztean, muntaia eszenikorik distiratsuena plantea dezakezu, eta sariren bat irabaziz gero, obra horren irakurketa dramatizatuak lor ditzakezu han-hemen, baina ohiko formatu komertzialetatik at idatzitako antzezlanak taularatzeko, behar-beharrezkoa litzateke produkzioa bere gain hartuko lukeen Euskal Zentro Dramatiko bat egotea", esan du.

Bitartean, Goenagak merkatuaren eskakizunetara egokitutako lanak idazten segitzen du. Azkena, Loli Astoreka eta Ane Gabarain protagonista dituen Ezker-eskuma, Elgoibarko Herri Antzokian estreinatu zuen ostiralean.

Julia Marin itzultzaiea -iaz, Yasmina Rezaren Artea euskaratu zuen- zuzendari laguntzaile lanetan dihardu Txalo taldeak Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu duen Grönholm metodoan. Jordi Galceran katalanak idatzi du jatorrizko testua.

Karlos Panera, azkenik, azken ukituak ematen ari zaizkio, hilaren amaieran Bilboko Arriaga Antzokian estreinatuko duen Ohean lanari.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_