_
_
_
_
Entrevista:JEAN HARITSCHELHAR | Euskaltzain emeritua | Gaiak

"Bertze 10 bat urte beharko dira euskara batua osoki finkatzeko"

Jean Haritschelharrek (Baigorri, 1923) Euskaltzaindiaren iragana eta oraina uztartzeko ardura hartu zuen bere gain 1989an. Iaz, euskaltzain emeritu izendatu zuten, eta joan den ostegunean, omenaldi hunkiorra eskaini zioten bizitza osoko euskaltzaletasunagatik.

Galdera. Hiru argazki planteatuko dizkizut, giroa deskriba dezazun. Lehena 1962koa, euskaltzain sartu zinenekoa.

Erantzuna. Nik ez nuen lokarririk Euskaltzaindiarekin. Ezagutzen nituen Iparraldeko zonbait euskaltzain, eta abuztuko oporrak Hernanin iragaiten genituenez, harremana egina nuen Mitxelena, Irigarai, Arozena eta horiekin guziekin. Urte hasieran, Baionako Euskal Erakustokiko buru izendatu ninduten, eta uztailaren azken egunean, Lafittek erran zidan: "atzo bi euskaltzain berri hautatu ditugu, bat Iratzeder eta bestea zu". "Baina nik ez dut kasik deus ere egin euskararen alde", erran nion, urgazle ere ez bainintzen. "Eginen dituzunak izango dira lekuko", arrapostu zidan.

"Harro sentitzen naiz batua gure belaunaldiak obratu duelako"
"Euskara salbatua dela uste dut; Iparraldean ere gorantz hasi gara"
"Nik uste dut gauzak kulturalki eta sakonki aldatuko direla"

G. Bigarren argazkia: Villasanteri lekukoa hartu zenionekoa, 1989koa.

E. Gaixo Luis Villasante, zer pairatu duen gizon horrek batua defendatzeagatik. Egun batez, eroriko bat egin zuen mendian eta bere kargurako segida bilatu zuen. Euskaltzainburu izateko aukera aipatu zidanean, normalki euskaltzainburua hegoaldekoa izaten zela erran nion. Inkesta bat egin zuen Lizundiaren bitartez, eta bizpahiru hilabeteren buruan jin zitzaidan erranez osoki onartua izanen nintzela. Pena handia ukan nuen, konturatu nintzelarik egun batez, bost minuturen epe horretan, hiru aldiz gauza berbera galdegin zidala. Orduan ulertu nuen jadanik joaten ari zela.

G. Hirugarren argazkia, 2004koa, Urrutiari lekukoa eman zenion egunekoa.

E. Belaunaldi berri bat heldu zen Euskaltzaindira. Ni ere belaunaldi berri batekoa izana naiz nire garaian. Satrustegi, Irigoien, Larzabal, Aresti, San Martin... horiek guziak ere hor ziren, eta pentsatzen zuten egun batez izanen zirela irratiak euskaraz, eta beharbada telebista bat ere, eta hedagailu berri horiei behar zitzaiela hizkuntza molde bat eman zazpi herrialdeetarako. Mitxelenari entzuna diot nik hori, eta harro sentitzen naiz batua gure belaunaldiak amestu eta obratu duelako. Orain ere belaunaldi berri bat agertzen da, eta Akademiak segituko du bere lana. Lehenbizikotz, behar dugu euskara batua osoki finkatu, ez baita osoki finkatua oraindik. Bertze 10 bat urte beharko dira horretarako.

G. Zein izan da Euskaltzaindiari egin diozun ekarpena?

E. Ez dut uste hainbeste ekarri diodanik Euskaltzaindiari. Oroit naiz, euskaltzainburu izendatu nindutelarik, jin zautan prentsa galdezka zer eginen ote nuen. Bada Baigorrin elkarte bat Zaharrer Segi deiturikoa, eta horixe egin dut nik, zaharrer segi, gauzak aldatuz baina pentsatuz besteak ere lehenago hor izan direla eta gu haien seme-alabak garela. Baina erran nien: "nahi duzuelarik ni prest nauzue hartzeko, zatozte nereganat". Ez dakit akatsa ala kalitatea den, baina ni plazagizona izana naiz betidanik, Baionako Euskal Erakustokiko buru, Baigorriko alkate... Irekidura hori izan da beharbada nire ekarpen nagusia.

G. Ez da inoiz ezer gaizki egin? Aresti, adibidez: zergatik ez zen euskaltzain izendatu?

E. Euskaltzainak euskalkiaren arabera hautatzen ziren, eta bizkaitarren artean ez zen nehor ere zendu orduan. Oroit naiz biziki untsa, arratsalde batez, Gipuzkoako Aldundian egindako bilkura ireki batean, hor ikusten dut Aresti ate baten zabaltzen eta so egiten, beste ate bat eta so egiten. "Zu, Gabriel, zertan ari zira hor?", galdegin nion. "Ari naiz ikusten non eseri behar ditugun gero gure jendeak" [barreak]. Abertzale gisa mintzo zen, baina ez du hori ikusi azkenean, Franco baino lehen hil baita gaixoa.

G. Euskara salbu dago?

E. Nik uste dut salbatua dela, gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan. Sekulan ez da hainbeste mintzatzaile izan nola orain den: 700.000 euskaldun. Iparraldean beherakada handia ukan dugu, baina ikastola eta eskolari esker, berriz goiti hasi gara.

G. Eta geroa?

E. Lehen aldikotz prefeta etorri da Euskaltzaindira eta Iparraldekoek, Estatua barne, Akademiaren lana aitortu dute. Lehen aldia da erakunde publiko bat euskarari buruz egin dela, eta orain hizkuntz politika hasten da Iparraldean. Nik uste dut gero eta gehiago sartuko dela zazpiak bat amets hori, eta kulturalki gauzak aldatuko direla, eta kulturalki erraiten dudalarik erran nahi dut sakonki.

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo

¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?

Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.

¿Por qué estás viendo esto?

Flecha

Tu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.

Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.

En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.

Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_