"Merkatuak erants dezakeena baino teatro gehiago ekoizten da"
Pedagogia ikasten ari zela konturatu omen zen aktore izan nahi zuela. Harez geroztik, Patxo Telleriak (Bilbo, 1960) 22 urte egin ditu taula gainean, lehendabizi Maskarada taldearen eskutik, eta azken aldi honetan, Ez dok Hiru Bikoteatroarekin, Mikel Martinezen ondoan. Euskera sencilloaren manifiestoa antzezlanaren gidoiari esker, Max saria irabazi zuen 2004 urtean. Zinema eta telebista ere ez zaizkio arrotz, baina bere iritziz, "zer eskaini gehiago daukat boligrafoarekin idazten baino".
Galdera. Mikel Martinezekin batera frogatu duzu euskaldunok geure buruaz barre egiteko gauza garela.
Erantzuna. Herri honetan behar baino zorrotzagoak garela geure buruarekin. Askotan esaten da ez daukagula umorerik edo ez daukagula sexu jardunik, baina gizaki guztiok aminoazido berberez eginda gauden heinean, hori topiko bat besterik ez da.
"Teatro hitza nahiago dut, antzerkia puristek asmatu baitute"
"Euskal eszenaren hiriburua Donostia da gaur egun, eta ez Bilbo"
"Aukeratzekotan, Groucho eta haren gidoigilea hautatuko nituzke"
G. Euskera sencilloaren manifiestoa lanarekin, hizkuntza ikastearen inguruko tabuak birrindu zenituzten.
E. Manifiestoa gay-harrotasuna bezalako zerbait izan zen. Askotan, badirudi euskaldunberriek barkamen eskean ibili behar dutela beren euskararen traketsagatik. Guk, aldiz, omenaldi txiki bat egin nahi izan genien euskaldunberriei eta euskara ikasleei, euskaldunberrien harrotasun eguna bezalako zerbait eratuz.
G. Azkenik, sexua eta euskara uztartuta, Larru haizeetara taularatu duzue.
E. Bagenekien oso gai labankorra zela, oso jorratuta dagoelako, baina aldi berean, sexuaz hitz egitea balore segurua da, jendeak arreta gehiago jartzen baitu sexuaz hitz egiten baduzu. Gure arriskua topikoetan era errazkerietan jaustea zen. Horregatik aukeratu genuen gure ildotik jarraitzea eta euskara eta sexuaren arteko loturak aztertzea.
G. Zein izango da euskararen prismatik aztertuko duzuen hurrengo gaia?
E. Orain labean daukagu sartuta estilo honetan egingo dugun hirugarren eta azken istorioa. Hastapenetan gaude eta baliteke gauzak guztiz aldatzea, baina momentuz gure abiapuntua hauxe da: euskaldunen mundua ikustea eta esplikatzea painaletako umeen ikuspegitik.
G. Zein da zuen lan-metodoa?
E. Metodo bakarra denbora da, gauzak egosten uztea. Gero beti iristen da gauzak paperean jartzeko momentua, baina momentuz, inspirazioaren zain gaude hirugarren istorioari dagokionez.
G. Euskaldunok teatro asko ala gutxi egiten dugu?
E. Teatro gutxi dago, baina ez hemen bakarrik. Teatroa ez da inoiz masako fenomenoa izan, ezta zinea ez zegoenean ere. Produkzioari dagokionez, teatroaren arazoa da asko ekoizten dela, merkatuak irents dezakeena baino gehiago alegia. Hori oso ona da ikuslearentzat aukera gehiago daukalako, baina nik bariazio gehiago egotea nahi nuke, bereziki euskarazko teatroan, gehienetan lar mugatuta dagoelako komedietara.
G. Askotan azaldu duzue Marx anaiekiko eta Ionesco eta Mihura bezalako antzerkigileekiko mirespena.
E. Batez ere Marx anaiekikoa. Ionescoren muturreko abstrakzioa baztertu dugu hotzegia suertatzen delako. Guk umorea erabili nahi genuen, baina errealitatearekin jolastuz, eguneroko gertakariei buelta emanez.
G. Eta Marx anaien artean aukeratzekotan, zein aukeratuko zenuke?
E. Groucho, noski, eta gidoigilea naizen aldetik, Grouchorentzako testuak idazten zituzten gidoigileak.
G. Segi aukeratzen: telebista ala eszenatokia?
E. Antzezteko, dudarik gabe, eszenatokia. Taula gainean dibertitu egiten zara, festa moduko liturgia bat egiten duzu jendearekin, eta plato batean, aldiz, lan hutsa egiten duzu.
G. Idazlea ala antzezlea?
E. Idazlea. Iruditzen zait zer eskaini gehiago dudala boligrafoarekin antzezten baino.
G. Antzerkia ala teatroa?
E. Arestiren jarraitzailea naizen aldetik, teatro hitza nahiago dut, antzerkia puristek asmatutako hitza baita. Ni ez naiz batere mitozalea, baina mito bat aukeratu beharko banu, Aresti aukeratuko nuke, bere jarrera pertsonalagatik, teatroarekin izan zuen harremanagatik eta Bilborekin izan zuen loturagatik.
G. Bilbo aipatu duzula, zer deritzozu Alondegian eraikitzen ari den kultur zentroan Euskadiko Arte Eszenikoen Goi Mailako Ikastetxea jartzeari?
E. Nahiko gauza bitxia da. Iaz, Bilboko antzerkigileok bildu ginen hiriko teatrogintzaren egoera penagarria salatzeko. Bilboko kultur-hornidura konparatzen baduzu inguruko hiriburuetako hornidurarekin, Bilbo lotsagarri geratzen da. Duela 25 urte, Bilbo zen teatroaren hiriburua Euskadin, baina handik hona, argi dago teatroaren erdigune grabitatorioa Donostia eta Gipuzkoa aldean kokatu dela. Horrez gain, normalean, zentro dramatiko bat egiten denean, lehenengo egitura diseinatzen da, eta gero eraiki, ezta? Eta ez alderantziz.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.