Zientziaren egia aldarrikatzen
Aranzadi Elkarteak 60 urte bete ditu ikerketa zientifikoa sustatzeko ahaleginean
Aranzadi Zientzi Elkarteak "muga guztiak gaindituz" ekin nahi omen dio 60. urteurrenaz geroko bideari, baina horretarako ezinbestekoa du erakunde ofizialen laguntza. "Orain arte egindako lanak herriaren onespen osoa jaso duen arren, ofizialki ez gara ezer", azaldu du kexuka elkartearen egungo lehendakari Jose Migel Larrañagak zenbait administrazioren jarrera salatuz. "Zoritxarrez, erakunde publikoen dirulaguntzak nolabaiteko kontrola izateko baldintzapean banatzen dira askotan; guk, ordea, orain arteko askatasunari eustearen alde apustu egin dugu, zientziaren bidez egia aldarrikatzen jarraitzeko asmoz", gaineratu du Juantxo Agirre Monleon idazkariak.
Aranzadik Jesus Elosegi zenaren omenezko argazki erakusketa batez ospatu du azken asteotan Tolosan elkartearen 60. urteurrena. Horrekin batera, Jesus Elosegi, 1907-1979 izenburuko liburua plazaratu du, gerra osteko ikerketa zientifikoa suspertzen lagundu zuen euskaltzale eta argazkilari tolosarraren bizitza eta lana laburbilduz.
Elkarteak 1.540 bazkide ditu, 60 profesional kontratupean lanean eta beste 100 bat kolaboratzaile
Jesus Elosegi izan zen, Manuel Laborde, Ramon Margalef, Eduardo Chillida, Juan San Martin eta beste zenbait kultur eragile handiren laguntzaz, Aranzadi Zientzi Elkartea abian jarri zuena.
"Gerra Zibilak erbestera bidali zituen Eusko Ikaskuntza eta bertan ziharduten jakintsu asko, On Joxemiel Barandiaran tarteko zela", gogoratu du Aranzadiko egungo lehendakariak. "Elkartea sortzea erabaki zutenean, hamaika oztopo sortu zitzaizkien, eta aurrera egiteko modu bakarra Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen babespean jardutea izan zen", gaineratu du.
Aranzadi Zientzi Elkartea, beraz, Grupo de Ciencias Aranzadi de la RSBAP izendapenaz sortu zen 1947an, taldeari izena eman zion antropologo bergararra -Barandiaran eta Enrique Egurenen lankidea izan zen XX. mende hasieran- hil eta bi urte geroago.
Ondorengo hiru hamarkadetan, Aranzadi "ikerketa zientifikoaren erreferentzia bihurtu zen Estatu osoan", azpimarratu du Agirre Monleonek. "Doñana, esate baterako, Aranzadiko ornitologoek egindako lanari esker izendatu zuten parke nazional, eta Estatu osoko lehen mikologia taldea ere gure elkartearen barruan sortu zen", nabarmendu du.
Autonomia Estatuaren sorreraz geroztik, ordea, Aranzadiren abiadura "dexente gelditu zen" erakunde publikoen itzalpean sortutako ikerketa azpiegituren eraginez. "Egoerari aurre egiteko, 1999tik hona, elkartea eraberritzeko prozesu sakona egin dugu, Aranzadi Europako ereduetara egokitzeko asmoz", adierazi du Agirre Monleonek.
Alde batetik, elkartearen barruko antolakuntza berregokitu dute, "ikerlariak profesionalizatuz eta kudeaketa arloko gardentasuna bultzatuz", eta aldi berean, Aranzadiren mugaz haraindiko proiekzioa bultzatzeko oinarriak finkatu dituzte.
Ahalegin horren emaitza dugu elkartearen egungo egoera erretratatzen duen datu-multzo hau: 1.540 bazkide, 60 profesional kontratupean lanean eta beste 100 bat kolaboratzaile jakintza-alor desberdinetan (Biologia, Historia, Arkeologia, Medikuntza, Antropologia, Astronomia, Etnografia, Geografia eta Geologia, besteak beste).
Aranzadiren urteko aurrekontua bi milioi euro ingurukoa da. Espainiako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak ohiko gastuak estaltzeko moduko dirulaguntza ematen die (aurrekontuaren %10), eta gainontzekoa proiektu jakinetarako dirulaguntzen bitartez estaltzen dute.
Behin-betiko egoitzaren zain
Aranzadi Zientzi Elkartea onura publikoko eta irabazi-asmorik gabeko fundazio pribatua da. Aski ezagunak dira Gerra Zibilean fusilatutakoen gorpuak (1.000 baino gehiago) aurkitzeko Estatu osoan egin dituzten indusketak. Gure artean, Praille-Aitz, Ernioko leizeetako mondmilch-erreka eta Amaiurko gaztelua dira, besteak beste, esku artean darabiltzaten proiektuetako batzuk, baina horrekin batera, Aranzadik nazioarteko ikerketa-proiektuetan ere parte hartzen du Ekuador, Guatemala, Venezuela eta beste herrialde batzuetan.
Lana ez da, beraz, Aranzadi Zientzi Elkarteko arduradunen kezka nagusia, behin-betiko egoitza aurkitzeko premia baizik.
San Telmo museoa izan zen Aranzadiren lehendabiziko egoitza. Duela 25 urte, elkarteak egoitza berria zabaldu zuen Miramonen, Kutxak utzitako Arbide dorrean, eta 1997tik hona, Donostiako Udalak Zorroagan duen eraikin bat ere erabili du idazkaritzaren egoitzatzat.
Baina ekipamendu berriak sortzeko proiektuen eraginez -Kutxak osasunari buruzko ikerketa zentro bat zabaldu nahi du, eta Udalak adinekoentzako apartamentuak-, Aranzadik behin-betiko hustu beharko ditu bizpahiru urte barru orain arteko egoitzak.
Donostiako Udalak 5.000 metro koadroko lursaila eskaini dio elkarteari Miramongo parke teknologikoan, eta bertan kokatuko da Aranzadiren egoitza berria, baldin eta erakundeek proiektua aurrera ateratzeko beharko den bost milioi euro inguruko dirutza ordaintzen laguntzen badute.
Elkartearen egoitza osagarritzat, Aranzadik Gongorako gaztelu-jauregia (XIV. mendekoa) erosi berri du Aranguren herrian, Iruñetik hurbil. Datozen hiru urteotan, eraikina berreraiki eta ingurunea berreskuratzeko lanak egingo dituzte, horretarako sortuko duten lanbide-eskolaren bitartez. Lanak amaitutakoan, Aranzadik 7.000 metro koadroko instalazioak izango ditu bertan.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.