Deskribapena
"Gizon haren tasunik nabarmenena, zalantzarik gabe, aurpegian zeukan orbaina zen. Ez zen oso handia, ezkerreko begiaren azpian hasi eta sudur txikia amaitzen hasten zen punturaino luzatzen zelako apenas, baina deigarriena ez zen haren tamaina, kolorea baizik: gorriminaren eta purpuraren arteko tonu batekoa zen, eta distira egiten zuen are argiak zuzenean jotzen ez zionean ere. Haren hazpegiak, bestela, ederrak ziren ia, edo gutxienez ez desatseginak: masailalbo-hezurren marrazkia perfektua zen; ezpainak ez ziren finak, baina ezta haragitsuegiak ere; begi gris argiek bazuten, printzipioz, lasaitasunera gonbidatzen zuen zer edo zer. Baina orbain horren inguruan grabitatzen zuen gizon haren aurpegiaren eiteak, eta ikusten zuenak ezin zuen, lehenengo enkontruan behintzat, kezka-sentsazio bat baztertu".
Jonanek ez zuen halako pasarterik idatziko alamena eman izan ez banio. Beti atsegin izan dut bera xaxatzea, baina estuegi jokatu nuen egun hartan, ziurrenik.
-Kontua duk hik ez dakiala deskribapenik egiten. Eta idazle bat ez duk idazle deskribatzen ez bazakik- bota nion literatur kontuen inguruko eztabaida baten harira.
-Ez hitz egin ez dakianaz- erantzun zidan.
-Hire ipuinak eta nobelak irakurri dizkiat, Jonan, eta ez zagok taxuzko deskribapen bat ere; dena duk gertakari eta ekintza. Ondorio logikora heltzea ez duk zaila: ez daukak deskribatzeko ahalmenik, eta horregatik ez duk egiten.
-Ez diat uste deskribapena derrigorrezkoa denik lan literario batean. Zinemak eta telebistak, gainera, libratu egin gaitiztek deskribapenaren zamaz. Ikus-entzunezkoek menderatutako uneotan, deskribapen literarioa soberan zagok.
-Horiek aitzakia merkeak dituk- jarraitu nuen, temati-. Izan ere, nik kontrakoa pentsatzen diat: mundua hitzez deskribatzea izan zuan literaturaren jatorrizko bulkada, eta horri eutsi beharko liokek, funtsean, literatura izaten jarraitu nahi badik -ez nuen horretan sinesten zehazki, baina ordurako berdin zitzaidan zer nioen.
Jonan isilik egon zen minutu erdiz edo.
-Ez al zaik bururatu kontrakoa gerta dakidakeela? Ez ditudala deskribapenak egiten onegiak suerta daitezkeelako, alegia?
-Onegiak? Zertaz ari haiz?
-Idazten hasi nintzenean konturatu ninduan, gaztetan. Ezaguna egingo zaik herri primitibo batzuek argazkilariei dieten beldurra: erretratua egitean arima lapurtuko dietela uste ditek. Niri antzeko zerbait gertatzen zitzaidala ohartu ninduan. Norbaiten deskribapena idatzi ahala urritzen bezala hasten zuan, argaltzen, izana galtzen pixkanaka. Gaixorik jartzen zuan eta, ospitalera eramaten zuten arren, ezin izaten zitean sendatu; ulertuko duan moduan, deskribapen zehatzak egiteari utzi nioan. Soilik pertsonaia erabat imajinarioak irudikatzea ez zuan alternatiba bat: izan ere, nola jakin deskribapen horrek ez duenik bat egingo ezagutzen ez duan baina benetan existitzen den norbaitenarekin? Horra hor, bada, zergatik diren horren laburrak eta urriak deskribapenak nire liburuetan.
-Ez nuen esaten zuenaren hitz bat ere sinetsi, eta hala adierazi nion Jonani. Ez zitzaion bat ere gustatu gezurtitzat har nezan, eta ondorengo eztabaidak oso urrun eraman gintuen: urte luzeetako gure harremanean metatutako zatar guztiak atera genituen. Sututa alde egin zuen Jonanek.
-Azkeneko aldia duk gezurretan ari naizela esaten duala.
Bere eskutitza jaso baino lehenago hasi nintzen gaizki sentitzen, eta hura etxeko postontzitik atera eta kartazaleko letra ezagutzean ez nuen jadanik dudarik izan. Barruan, paper txiki batean, deskribapena baino ez zegoen, inolako ohar gehigarririk gabe.
Medikuek, noski, ez dakite zer dudan eta, hodi eta monitorez inguratuta naukaten arren, geroz eta okerrago nago. Jakin badakit ezingo nautela salbatu: Jonanek egia zioen. Baina horrek ez du esan nahi bere deskribapenak onak -"onegiak"- direla pentsatzen dudanik: nire aurpegiko orbaina behin eta berriro ispilu txikian begiratu eta argi dago ez dela ez gorrimina, ezta purpura ere, morea baizik. Eta, benetan, nik ez diot inolako distirarik ikusten. Inondik ere ez.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.