Bilbo, hiri literarioa
Bizkaiko hiriburuak uste baino ekarpen handiagoa egin die euskarazko letrei XVII. mendetik
Zer eman dio Bilbok euskarazko literaturari? Galdera horri bat-batean erantzun behar izanez gero, Gabriel Arestiren izena datorkio edozein literaturzaleri. Egia da euskal hiri nagusian sortutako idazle euskaldun nagusitzat jo daitekeela Euskal harria poesia-bildumaren egilea; hala ere, Bizkaiko hiriburuak beste makinatxo bat izen eman dizkie euskarazko letrei. Zerrenda hori, gainera, nabarmen hazi da azken bi hamarkadetan.
Hiriak esparru horretan egindako lehen ekarpenaren berri izateko XVII. mendera arte atzera jo behar genuke. Euskara aztergai zientifiko izan zitekeela ohartu ziren garai horretako zenbait jakintsu. Kontzientzia-aldaketa horren lekuko izan zen lehen euskarazko gramatika, Notitia Utriusque Vasconiae, Arnaud Oihenartek (Maule, 1592-Donapaleu, 1662) idatzitakoa. Hura bezain ezaguna izan ez bazen ere, antzeko ahalegina abiatu zuen Rikardo de Mikoleta (Bilbo, 1611- ?) idazleak. Lan hori, ordea, "ohargabe" pasatu zen, Josu Bijuesca Destuko Unibertsitateko Euskal Filologiako Departamenduko irakasleak nabarmentzen duenez. "XIX mendera arte ez zuen oihartzunik izan Euskal Herrian. Gaur egun, ordea, garrantzia ematen zaio, euskal gramatika bat egiteko lehenetariko saiakera izan zelako", dio irakasleak. Hortaz, Ingalaterrara eraman zuen izkribua herrialde horrekin merkataritza kontuetan ziharduen egilearen ezagun batek, eta han gordetzen da gaur egun, Britainiar Museoan.
Rikardo Mikoletak euskarazko gramatika osatzeko ahalegina egin zuen XVII. mendean
Hirian sortutako egileak ugaldu egin dira azken bi hamarkadetan
Liburuak 1653an ikusi zuen argia, Modo breve de aprender la lengua vizcaína izenburuarekin. Lanak poema batzuk ere biltzen zituen, baina ez dago argi Mikoletak berak idatzi zituen edo, besterik gabe, herri-tradiziotik jaso zituen; kontuak kontu, balizko ikasleek eredu gisa erabil zitzaten txertatu zituen gramatikan. "Gogoan izan behar da gramatika bere garaian arte liberaletako bat zela", argudiatu du Bijuescak. "Bere helburua ez zen bakarrik gramatika ikastea, baizik eta hizkuntza horretan sortutako literatura aztertzea".
Hain zuzen ere, Bilbo eta Literaturak izenburupean mintegia egingo dute hilaren 27an Bidebarrietako Liburutegian, Eusko Ikaskuntzak antolaturik. Hiriak literatura unibertsalean izan duen itzala aztertuko dute bertan hainbat adituk, tartean Bijuescak berak. Bizkaiko hiriburuarekin harreman estua izan zuen Bizenta Mogel (Azkoitia, 1782-Bilbo, 1852) ere izango dute aztergai topaketa horretan. "Mogelek leku bat merezi du Bilboko literaturan", dio Xabier Altzibar EHUko irakasleak.
Gipuzkoan jaio eta Markinan (Bizkaia) hazia, Bilbora ezkondu zen Juan Antonio Mogelen iloba. Hori baino lehen, 1804an, Esoporengandik hartutako 50 alegia euskarara itzuliak eman zituen Ipui onac bilduman. Horietan guztietan, moralaz zuen ikuspuntu tradizionalista agerian uzten zuen.Bilbon bizi zela zenbait itzulpen egin zuen, baina agian ekarpenik nabarmenena bertsoak eta gabon kantak idazten egin zuen, "hau da, bere obrarik pertsonalean" Altzibarren irudiko. "Ohitura onak predikatu zituen, Bilbok luzaroan berreskuratu ez zuen euskara ona erabiliz", erantsi du. XIX. mendearen hondarrean, euskal kulturan (literatura barne) berebiziko pisua izan zuten zenbait pertsonaia bildu ziren Bilbon: Resurrección María Azkue, Txomin Agirre eta Sabino Arana. Garai bertsuan bat egin zuten hirian Miguel de Unamuno eta Ramon Basterra bezalako idazleekin. 1888an Bizkaiko Diputazioak antolatutako Euskara Katedrarako lehiaketa irabazi zien Azkuek Aranari eta Unamunori. Hiztegigintza alorrean egindako lanaz gain, bi opera idatzi zituen, Ortzuri (1911) eta Urlo (1914). "Bilbo une horretan euskal kulturaren gune nagusia izan zen", dio Sebas García Trujillo euskaltzain urgazleak.
Azkuek sortutako aldizkariak aipatzen ditu itzal horren adibidetzat, horien bitartez literatura-lan ugari argitaratu baitziren. Horietako batek, Ibaizabal aldizkariak, XX. mende hasierako euskarazko literaturaren beste izen handi bat izan zuen zuzendari: Ebaristo Bustintza, Kirikiño (1888-1929). Azkueren ahaleginari esker, Bilbo hartu zuen bizilekutzat idazleak; hortik aurrera lan ugari argitaratu zituen garai horretako egunkari eta aldizkarietan. Urte batzuk geroago, Lauaxetaren zenbait lan argitaragabe zituen kutxa Bilbon galdu zen, tropa nazionalek idazlea Gernikan gatibu hartu eta gero. Arestik argi egin zuen orduan sortutako iluntasunean, eta bidea urratu zien gerora etorriko ziren beste idazleei; Bilboren presentzia nabarmena izan zen Atxagaren lehen lanetako batzuetan.
Azken urteotan sortzaile belaunaldi berriak hartu du aurrekoen lekua (Urtzi Urrutikoetxea, Sonia González...). Paddy Rekaldek (Bilbo, 1964) hiriaren alderik ilunena islatu du bere lanetako batzuetan (Ragga-ragga dator gaua eleberrian eta Bilbo dub kronikak poema-bilduma adibidez). "Hiri honetara egiten diren literatura-bidaiak etengabeak dira urteotan", dio idazleak, "eta adibide fresko-freskoa Itxaro Bordaren azken eleberria, hura iparraldekoa izanda ere".
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.