"Inguruko hizkuntzek baino onomatopeia gehiago daukagu"
Haur literaturan argitaratu duen liburu andanagatik ezaguna bada ere, Karlos Santisteban (Karrantza, 1960) idazle bizkaitarrak narrazio eta poesia ugari ere idatzi du. Bere azken lanean, Onomatopeia eta adierazpen hotsen hiztegia izenburukoan, haurrentzako liburuak idaztean idoro zuen hutsunea estali nahi izan du.
Galdera. Haur literaturan 20 izenburu baino gehiago argitaratu duen idazleak zer dela eta heldu dio Onomatopeia eta adierazpen hotsen hiztegia idazteari?
Erantzuna. Hiztegi honetan hotsetatik gertu dauden hitzak biltzen ditut. Ideia duela urte anitz, 17 edo 20, sortu zitzaidan. Onomatopeiak erabiltzea beti izan dut gogoko eta hainbat soinu eta ahots irudikatzeko ez nuen hitzik aurkitzen. Hala, euskarazko libururen bat irakurtzen nuenean oharrak jasotzeko ohitura hartu nuen, dena apuntatzen nuen eta hiztegitxo txiki bat egin nuen, nire erabilpen pertsonalerako. Ostean, Orotariko Euskal Hiztegiaren lehen alea plazaratu zenean, goitik behera irakurri nuen eta hainbat onomatopeia jasotzen zirela ohartu nintzen. Onomatopeia guztiak jasotzen jarraitu dut, eta azkenean, duela bi urte, modu alproja samarrean egina nuen lana txukundu eta metodo baten bidez egituratzea erabaki nuen.
"Hitz hauen erabilerak ez zuen izen onik iraganean, eta horren oihartzuna sumatzen da oraindik idazle batzuengan"
"Ideia duela 17 edo 20 urte sortu zitzaidan; onomatopeia guztiak jaso ondoren, duela bi urte lana txukundu eta egituratzea erabaki nuen"
G. Zailtasunik ez zitzaizun faltako, noski.
E. Argitaratzen dudan lehen hiztegia bada ere, duela 25 urte Bizkaiko Aldizkari Ofiziala itzultzen jardun nuen. Orduan ez zegoen ordenagailurik eta Olivetti zaharrekin aritzen ginen. Berehala ohartu ginen itzulpenak hutsetik egitea oso nekagarria zela, eta fitxen sistema erabiliz, hiztegi tekniko bat egin genuen. Hura izan zen hiztegi baten sorreran eman nuen lehen urratsa. Hala ere, Onomatopeia eta adierazpen hotsen hiztegia desberdina da, askoz ere literarioagoa. Hiztegi hau egiteko, euskal literatura gehiena arakatu dut baliabide elektronikoei esker, batez ere webeko Klasikoen Gordailua, XX. Mendeko Euskararen Corpusa, Ereduzko Prosa Gaur eta abarren bidez. Hiztegian, adibideak jarri ditut, irakurleari onomatopeia eta adierazpen hots bakoitza non, noiz eta nola erabili diren erakusteko asmoz.
G. Zein irizpide erabili duzu onomatopeia baten erabilpenaren jatortasuna egiaztatzeko?
E. Zaila da jakitea onomatopeia baten erabileraren egokitasuna. Adibidez iragan den abenduan, Durangoko Azokan, onomatopeien zerrenda hutsa den beste hiztegi bat argitaratu zen, eta honekin alderatuta, gauza askotan ez gatoz bat. Horrez gain, hitz bat esku artera iristen zaizunean, onomatopeia den edo ez jakitea ez da erraza. Hala ere, lan hau lehen urratsa besterik ez da. Euskarak onomatopeia asko du, inguruko hizkuntzek baino askoz ere gehiago, nire ustez. Munduko hizkuntzen artean japoniera omen da emaritsuena, baina euskara benetan aztertuko balitz nahiko gertu egongo litzatekeela iruditzen zait.
G. Onomatopeien erabilpen egokia egiten al da euskal literaturan?
E. Zalantzarik gabe, haur literaturan askoz ere gehiago erabiltzen dira. Helduen literaturan, berriz, idazle batzuek erabiltzeko joera dute eta beste batzuk aldiz, ez dute inoiz egiten. Onomatopeien erabilerak, iraganean, ez zuen izen onik eta ez ziren literatura jantzian erabiltzen, eta horren oihartzuna sumatzen da oraindik idazle batzuengan. Adibidez, Etxepare eta Azkueren liburuetan, oso gutxi azaltzen dira, eta topa daitezkeenak otoi!, elatz! eta antzekoak izaten dira.
G. Azken urteetan haur literatura izan da zure jokalekua. Aukera bat izan al da?
E. Egia esan, ez. Ez dut inoiz pentsatu genero hau soilik egingo dudanik, baina lan mota hauek egiten ditudanean, oso eroso sentitzen naiz. Ez dut, ordea, erabakirik hartu, eta argitaratzen ez dudan arren, helduentzat ere idazten dut, batez ere poesia.
G. Gogoan hartzeko modukoa da zure lehen lanetako bat, 80ko hamarkadan argitaratu zenuen Uda baten amodio zoroa izenburukoa, non, besteak beste, homosexualitate bezalako gai urratzaileak tratatu zenituen...
E. Sexuaren inguruko gaiak, homosexualitatea eta beste hainbat gai landu nituen ipuin bilduma horretan. Apropos eginiko aukera bat izan zen, gai bortitzak aukeratu nituen, erlijioarekin harreman zuzena zuten idazleen aurrean, beste aukera bat eskaini nahi nuelako. Garai hartan, idatzi horiek nahiko harrera ona izan zuten, baina ziur nago egun ez luketela horrelako arrakastarik izango, besteak beste, askoz ere aukera zabalagoa dagoelako.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.