"Postmodernitatea kontu filosofikoa da nagusiki"
Badira zenbait egile euskal kultura, literatura barne, oraindik modernitatera iritsi ere ez dela egin esaten dutenak. Jarrera hori, noski, postmodernitatearen esparrura luzatzen dute horren defendatzaileek. Sokaren beste muturrean da Jon Kortazar (Mundaka, Bizkaia, 1955) EHUko Literatura katedraduna. Haren ustez, korronte horren ezaugarri nagusiak, besteak beste "pluralismoa, testuen konstruktibismoa eta feminismoaren agerpena", nabariak dira azken hamarkadetako euskal literaturan, eta batik bat eleberrigintzan. Ideia horiek Postmodernitatea euskal kontagintzan izenburuko saiakeran bildu zituen 2003an bertsio elebidunean, eta duela egun batzuk euskara hutsezkoa aurkeztu zuen Bilbon.
"Balioen trukaketa eta utopia nagusiak ez onartzea; horiek dira korrontearen ezaugarriak, gure gizarte eta literaturan islatzen direnak"
"Atxagaren 'Obabakoak' liburuan badaude horren aztarna garbiak: pluralismoaren estilo bat dago eta jolasa garrantzitsua da testuan"
Galdera. Zeintzuk dira euskarazko kontagintzan ageri den postmodernitatearen ezaugarriak?
Erantzuna. Lehenengoa utopiaren desagerpena, utopiaren desinesmena, utopiaren kritika izango litzateke. Horri "indiferentzia" edo axolagabetasuna deitzen diogu. Postmodernitatea Peter Zima izeneko maisu batekin ikasi nuen. Berak aipatutako ezaugarriak: pluralismoa, estilo bakar baten hegemoniaren falta, konstruktibismoa edo testuak eraikitzeko joera, bestearen onarpena, emigrazioaren gaia gero eta gehiago agertzea euskal literaturan, feminismoaren agerpena, irakurlearen bila joatea eta, beharbada, baita ere literatura errazago bat egitera joatea, abangoardia ahaztea. Horrelako ezaugarriak badira euskal narratiban agertu izan direnak, nire ustez postmodernitatearen indarrez.
G. Atxagaren Obabakoak liburuan koka daiteke korronte horren hasiera?
E. Hala da. Garbi dagoena da postmodernitatearen aitapontekotzat jotzen dutela Jorge Luis Borges, eta Jorge Luis Borgesen eragina oso nabaria dela liburu horretan. Badu eraikuntza bat, eraikuntza alfabetikoa bera ere. Iruditzen zait beharbada Etiopiak berak adierazi nahi zuela utopiaren deuseza, utopiak mundura ekartzen zuen zorion falta. Estiloari dagokionez, garbi dago pluralismoaren estilo bat dagoela, jolasa garrantzitsua dela testuan. Nahiz eta ipuinak izan, generoen arteko lotura, ipuinak ziklo bihurtu, nobela egin, testu nagusian sartu...Egia esateko, beste idazle batzuek beste ezaugarri batzuek agertzen dituzte. Baina nire ustez, liburu horretan badaude horren aztarna garbiak.
G. Pott Banda izan liteke beste mugarria?
E. Bai. Baina nik Pott Bandako kide baten gutuna jaso nuen esanez postmodernitateaz asko hitz egiten duzu, baina historiaren erabilera ironiko bat egin nuen lehena ni izan nintzen. Egia esan, beste egile batzuek ideia hori ikusten dute talde horretan. Baina nire ustez kontzeptuaren giltza azpimarratu beharko litzateke: utopiaren kritika. Eta gero, ezaugarri literarioak. Eta gertatzen dena zera da: Pott Bandan ezaugarri horiek agertzen dira, baina ez da agertzen ideia nagusi hori, utopiari egindako kritika alegia, indeferentzia nagusia balioen aurrean. Hau da, balioak nolabait trukatzea, balioak serio ez agertzea. Argi dago Pott Bandaren barruan batzuek balio jakin batzuen alde egin dutela.
G. Zenbateraino da postmodernitatea kontu estetikoa edo literarioa?
E. Nire ustez, kontu filosofikoa da nagusiki. Gertatzen dena da kontu filosofiko horrek ezaugarri estilistiko batzuk zabaltzen dituela. Eta errazagoa da ezaugarri estetikoez jabetzea eta muinera ez jotzea. Baina badira idazle batzuek muinera jo izan dutenak.
G. Zertan datza postmodernitatea bereizten duen axolagabetasun hori?
E. Balioen trukaketan, utopia nagusiak ez onartzean. Horiek dira korrontearen ezaugarriak. Eta nire ustez hala gertatzen da gizarte honetan. Gure artean badira taldeak balio nagusi batzuen alde dihardutenak. Baina aldi berean badira beste talde batzuk balio nagusi horien kritikan bizi direnak eta balio nagusi horren ironia egiten dutenak, hain zuzen ere balio nagusi horren baliozkotasuna deseraikitzeko. Kritika hori puri-purian dago gure artean.
G. Egile batzuek, Iñaki Aldekoak kasu, euskal literaturan horrelakorik ez dagoela diote.
E. Aldekoak artikulu batean adierazi zuen, hemen dagoen kinkarekin eta balio nagusi batzuk jokoan direla, ez dagoela lekurik postmodernitatearentzat. Nire ustez, berriz, balio nagusi batzuk hain gogor agertzen direnean, horren ironia ere agertzen da gizarte honetan. Eta hori eleberrigintzan eta baita poesian ere ageri da.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.