"Zientzi txosten eta dibulgaziozko liburu onak ere literatura dira"
Itzultzaile eta idazlea, Juan Garziak (Legazpi, Gipuzkoa, 1955) itzulpen onenaren Euskadi Saria irabazi zuen 1999an Borgesen Ipuin Hautatuak euskarara ekartzeagatik. 2002 urteaz geroztik, EHUk bultzatu duen ZIO zientzi dibulgaziozko bilduma zuzentzen ari da, Itziar Laka Filologia Fakultateko irakaslearekin batera. Oliver Sacks, Francois Jacob, Denis Guedj, John Lenihan eta John Allen Paulosen liburu banak osatzen dute orain arte bilduma. Seigarrenaren itzulpena bukatu berri du Garziak, Jorge Wagensbergen Formen matxinada (La rebelión de las formas).
Galdera. Nolatan iritsi zen zinen itzulpengintzatik zientzi dibulgaziora?
Erantzuna. Era guztietako saiakera interesatu zait azken urteetan. Horrekin batera, unibertsitateko Euskara Institutuan hasi nintzen, gero Euskara Zerbitzu bihurtu dena. Eginkizunen artean, halako proiektu gustagarrienetako bat zen ZIO zen, zerbait egitea zientzia-dibulgazioaren esparruan, euskaraz hutsune handi samarra baitzegoen, unibertsitatera zetorren jendeak testu atseginak izan zitzan gai horietan.
"Puntako ikertzaileek jendeak uler dezakeen hori modu atsegin batean emateko gogoa eta gaitasuna dutenean, liburu bikaina sortzen da"
"Jorge Wagensbergek munduaren ikuspuntua aldarazi dit. Nolabait esateko, poesia zientifikoa egiten du, materiaren egitura aztertuz"
G. Nolako lana izan da orain arte?
E. Liburu bikainak dira. Holakoak itzultzen dituzunean askozaz estres eta bertigo gutxiago sortzen da sormen-lanaren aldean; sormenean beti zalantza handiak sortzen dira egiten ari zarenak balio ote duen. Nahi genuke egunen batean ia argitaratzen ari garen testu itzuli hauen antzeko zerbait egitera arrimatzen den hemengo jendea zuzenean euskaraz ere. Oraingoz, munduan arrakasta izan duten testuak itzuli behar ditug.
G. Badirudi inoiz baino gutxiago ulertzen dugula egunero erabiltzen dugun teknologia.
E. Nire ustez prestakuntza berezirik ez duenak ezin ditu ulertu gauza asko, ordenadore batek nola funtzionatzen duen edo kosmosaren osaketa besteak beste. Baina punta-puntako ikertzaile izan direnek badute jendeak uler dezakeen hori modu atsegin batean emateko gogoa eta gaitasuna. Hori lortzen denean, liburu bikaina sortzen da. Oinarrizko ikerkuntzan ari direnek eduki behar dute ardura gizarteak jakin dezan zer egiten ari diren.
G. Zerk egiten du bikain dibulgaziozko liburua bat?
E. Denetik dago. Guk egin ditugunak gaietan espezialistak dira. Jacob Nobel sariduna da, Sacks oso ezaguna da neurologo modura eta talentu ikaragarria du eleberrigintzarako, bere lan batzuk zenbait eleberriren pare jar daitezke; Lenihanek ideia polita eduki zuen: ingeniariaren ikuspegitik aztertzea giza-gorputza; Paulos dibulgatzaile umoretsua da eta dohain hori erabiltzen du matematikari diogun beldurra azaltzeko. Beste gai batzuen inguruan, genoma esate baterako, zain gaude ondo aukeratzeko liburu bakar bat argitaratu behar badugu. Espainolez, Javier Sampedrok, EL PAÍSen idazten duena, liburu bikainak ditu; bera dibulgazioan espezializatutako zientzialaria da. Ez dut uste errezeta jakin bat dagoenik.
G. Dibulgatzaile horiek badute ezaugarri komunik?
E. Jendeak badaki best-seller bat egin behar duenean gutxi gora-behera zer egin behar duen eta zer ez duen egin behar. Dibulgazioan ere garbi dago: Oso espezialista bada, badaki ez duela hori erakusteko idatzi behar, beste bide bat egin behar duela. Hain zuzen ere, asko dakienean justu jakin behar du zer den funtsezkoa, xehetasun asko sakrifikatu eta garbi eduki zer eman nahi duen.
G. Prentsa ere bide egokia izan daiteke zientzia dibulgatzeko?
E. Nire ustez, bai. Zehazki Sampedrorenak pieza bikainak dira. Frogatu du bai liburuetan, Deconstruyendo a Darwin-en adibidez, bai artikuluetan helburu hori bete daitekeela. Nolabait esateko, espezialista batek, biltegia literaturaz ondo beteta ez baldin badu, ezin du literaturarik egin zientziarekin.
G. Wagensbergek naturan gehien errepikatzen diren formak aztertzen ditu. Zein da analisi horren garrantzia?
E. Ikaragarria, fribolitatea ematen badu ere. Hasi mundu bizigabetik, atomotik alegia, zergatik antolatzen den materia horrelako egituretan aztertzen du, baita bizitzaren oinarrizko mekanismoak ere. Oso analisi poetikoa da. Niri aldarazi dit munduaren ikuspuntua. Adibidez, saiatzen da ulertzen zer den ulertzea. Nolabait esateko, poesia zientifikoa egiten du.
G. Primo Leviren Sistema periodikoa ere itzuli zenuen. Zerk harritu zintuen gehien lan horretan?
E. Literaturaren aldetik lan bikaina da. Irakurleari ematen dion atseginetik bere obra kanonikoak baino hobeagoa da. Batetik ipuinen aniztasuna du, bestetik bere bizitza guztia lotzen du kimikarekin elementu autobiografikoak erabiliz. Kimikaren ikuspegitik ikusten du bizitza. Oso ona da literarioki, bariazioa eta batasuna duelako. Liburu organikoa da.
G. Zein da literatura eta zientzia itzultzearen arteko aldea?
E. Zehaztasuna eta zorroztasuna garrantzitsuak dira bietan, baina era desberdinean. Literaturan trantzean jarri behar duzu, trabestitu behar duzu egileaz, haren papera jokatu behar baituzu. Baina batean zein bestean testuak irakurlea harrapatu behar du. Eta kasu honetan hori lortu nahi dugu. Saiakera ere literatura da. Eta nire ustez, zientziazko testu onak testu onak dira, beraz literatura dira. Eta ez bereziki dibulgaziorako direnak. Ondo egindako zientzi-txostena ere literatura da.
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
¿Quieres añadir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PAÍS desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás añadir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PAÍS.
¿Tienes una suscripción de empresa? Accede aquí para contratar más cuentas.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contraseña aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.